Iazko udan Jaurlaritzak klima larrialdia deklaratu zuenetik, garrantzia hartu du gai horrek sailburuen agerraldietan. Aste honetan, AHTari buruz Donostian egindako Basque Railway jardunaldian laudorio ugari bota dizkiote proiektuari: «Euskadiko historian garraioaren karbonogabetzeari egiten zaion ekarpenik handiena da, gure herrialdearen trantsizio ekologikoan emandako jauzi kualitatiborik garrantzitsuena», adierazi du Arantxa Tapiak.
1990eko hamarkadako proiektu bat den arren, eta hamarkada hauetan makina bat lore bota dizkioten arren, koska bat egin du gora haren goraipatze berdeak. Orain, Jaurlaritzaren Mugikortasun Iraunkorraren Lege Egitasmoaren ardatz nagusietako bat ere bada AHTa; aste honetan Antonio Aiz Garraio sailburuordeak egunkari bati azaldu dionez, «mugarri bat» izango da «garraioaren karbonogabetzean».
Gobernuak uste du AHTak trenbidera ekarriko duela hiriburuen artean egiten den eguneroko trafikoaren %8-10 artean. Gaur egun autoz egiten dira joan-etorri horietako gehienak (%85), eta soilik %5 eramaten ditu trenak. Balizko bidaiari horiek erakartzeko, baina, bidaia denborak aurka ditu, autoz azkarrago egiten baitira joan-etorriak AHTan baino, Adifek 2015ean egindako txosten batean aitortu zuenez. Esaterako, Gasteiz eta Bilbo arteko bidaia denbora 49 minutukoa da autoz —zortzi euroko kostuarekin—, eta 76 minutukoa litzateke, berriz, AHTan. Kosta egiten da pentsatzea, gauzak hala, herritarrek autoa aparkatuta utziko dutela tren geltokira joateko. Baina, gainera, hala egingo balute ere, kontuan eduki behar da hiriburuen artean egiten diren joan-etorriak oso gutxi direla probintzia barruan edo eskualdetik eskualdera egiten direnekin alderatuta. Hau da, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan guztira egiten diren joan-etorrien %2 inguru bakarrik dira hiriburuen artean egiten direnak. Beraz, Euskal Y-aren eragina oso mugatua izango da, alde horretatik.
Bestalde, Jaurlaritzak nabarmendu du azpiegitura berria trafiko mistorako prestatua egongo dela, eta, beraz, salgaiak garraiatu ahal izango dituela. Oraindik, baina, Jaurlaritzak ez du argitu merkantziak garraiatzeko trena izango ote den zalantza, gai horrekin bi hamarkada bueltaka badabil ere. Zehaztu beharko luke nola egingo duen hori, munduan esperientzia bakanetakoa bailitzateke, AHTa bidaiarientzako zerbitzu bat izaten baita Europan eta munduan. Eta, gainera, Espainiako Gobernuak ziurtatu du Burgos-Gasteiz AHT lerroa —hau da, Euskal Y-aren eta penintsularen arteko zubia— ez dela salgaietarako izango. Bestalde, argitzeko daude proiektuak Hendaiatik iparraldera dauzkan zalantzak, Parisek etenda baitauka egitasmoa.
Gainera, karbonogabetzeari dagokionez, kontuan eduki behar da hamarkada asko beharko direla azpiegitura eraikitzeko egindako energia gastua eta isurketak (3 milioi tona inguru CO2) konpentsatzeko. EHUko zenbait irakaslek egindako ikerketaren arabera, sei hamarkada beharko lituzke horretarako, betiere tren lasterraren erabilerari buruz egin diren hipotesi baikorrenak betetzen badira. Hipotesi ezkorrak beteko balira, berriz, ehun urte beharko lituzke isurketa horiek berdintzeko.
Horretaz, AHTa trantsizio ekologikoaren ikur gisa saltzea, gutxienez, ausartegia da. Oraingoz, lanak bukatu eta eraikuntzan egin diren isurketa handiak berdindu beharko ditu. Horretarako, berriztagarrien bidez elikatu beharko du, eta garraiobide arrakastatsu bihurtu. Ez du erraza izango, esaterako, Jaurlaritzak aurreikusi dizkion bidaiari kopuruetara hurbiltzea —lau milioi urtean—. Izan ere askoz ere erabiltzaile potentzial gehiago dituen Valentzia-Madril lerroan 2,5 milioi bidaiari izan ziren 2019an.
ANALISIA
AHTa eta trantsizio ekologikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu