Baionan salatu zuten atzo. Irunen (Gipuzkoa) eta Atarrabian (Nafarroa), duela bi aste. Eta aurretik, beste hainbat udalerritan. Hizkuntza eskubideak egunero urratzen dira Euskal Herriko geografia osoan [Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren urteroko txostenek agerian uzten dutenez], eta eskubide horiek nolabait bermatzeko xedez ezarritako arauak, dekretuak eta legeak atzera botatzen ditu botere judizialak, sistematikoki.
Frantziako Konstituzio Kontseiluak hizkuntza gutxituen legea baliogabetu baino egun batzuk lehenago, EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zituen Irungo Udaltzaingoko hamabi lanposturen hizkuntza eskakizunak, eta Nafarroako Auzitegi Administratiboak ebatzi zuen euskara ezin dela meritu edo betekizun izan Atarrabiako Udalaren lantalde organikoko lan deialdi guztietan.
«Nabari da epaileen esku hartze bat hizkuntza politiketan», laburbildu du Agurne Gaubekak, Behatokiko zuzendariak. «Ipar Euskal Herrian ikusi dugu, baita Irunen eta Nafarroako hainbat udalerritan ere: administrazio publikoek neurriak hartzen dituztenean hizkuntza gutxiagotuei espazioak emateko, auzitegiek horren kontra jotzen dute». Gaubekaren arabera, gainera, epai horiek ez dira hizkuntzaren aurkakoak, «hiztunen kontrakoak» baizik: «Pertsonen eskubideen eta pluraltasunaren aurkako eraso zuzenak dira».
Leitzako, Goizuetako, Aranoko eta Aresoko (Nafarroa) euskara teknikari den Dabid Anautek ere joera bat antzeman du azken asteotako ebazpen judizialetan. Auzi politikoa eta ideologikoa dela uste du: «Ez dut uste Frantziako, Espainiako eta Euskal Heriko epaileek hizkuntza eskubideen aurkako estrategia bat adostu dutenik. Epaile hauek guztiek partekatzen dutena da ideologia jakin bat, eta jarrera ezkor bat euskararen garapenarekiko».
2013. urtean, Euskararen kate hautsiak. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria liburua argitaratu zuen Anautek, eta hizkuntza eskubideen urraketa ugari zerrendatu zituen. Azken aste eta hilabeteetako oldarraldi judizialetik, «epaile horien konbentzimendua eta euskararen aurkako jarrera aktiboa» nabarmendu ditu: «Legez, ez daude behartuta horrela jokatzera, baina egin dute: arauen interpretaziorik murritzena egin dute. Hor igartzen ahal da erabakimen bat».
Frantziako Konstituzio Kontseiluaren kasuan, adibidez, Anauti «harrigarria» iruditu zaio hizkuntza gutxituen legean eztabaidagai ziren artikuluak ez ezik, beste zenbait ere epaitu izana, eta asmo bera nabaritu du Irungo eta Atarrabiako epaietan ere: «Kasu guztietan, epaileek erabaki dute urrats bat harago joatea: legeen interpretazio makurra egitea eta beren ideologia eta irizpideak inposatzea, administrazioen hizkuntza politiken gainetik. Sententzien bidez, epaile horiek guztiek jarrera proaktibo bat hartu dute, legez ez dagokiena».
Alemanak 2, euskarak 0
Nafarroan, euskaldunen hizkuntza eskubideen aurkako epaiak ez dira kontu berria, ezta hurrik ere. 1986ko Euskararen Legea onartu zenetik, herrialdea hiru eremu linguistikotan zatituta egon da, eta horien arabera diseinatu izan dira lan deialdi publikoetako euskara eskakizunak, eta, hizkuntza meritu gisa hartu beharreko kasuetan, euskarari eman beharreko puntuazioa.
Eremu mistoari dagokionez, adibidez, Euskararen Legearen 17. artikuluan jasota dago administrazioek zehaztu beharko dutela «urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea»; eta gainerako postuetan, «euskara jakitea merezimendu moduan baloratzea».
Azken hilabeteetan, ordea, bide hori de facto itxi du Nafarroako Auzitegi Administratiboak, lanpostu elebidunen eta euskara merezimendu gisa onartua zutenen deialdiak baliogabetu baititu Zizur Nagusian, Berriobeitin, Berriozarren, Antsoainen, Uharten eta Atarrabian. Eremu mistoan daude udalerri horiek guztiak.
Gaubekaren esanetan, egungo legeek ez dute «behar bezalako bermerik eskaintzen», epaileentzat erraza delako «arau horien irakurketa bihurria edo makurra egitea». Espainiako eta Frantziako estatuek ezarritako esparru juridikoa ere «murritzegia» dela esan du: «Hizkuntza eskubideen kontra egiten dute alde bateko zein besteko epaileek, eta bitxia da, baina denek aipatzen dute konstituzioa. Izan Espainiakoa nahiz Frantziakoa. Horrek argi erakusten digu estatuon legeriak nolako muga hertsiak ezartzen dizkigun euskaldunoi».
Legeriaren irakurketa murritzak eta arbitrarioak gainditzeko xedez, Euskara Administrazioan Arautzeko Foru Dekretua onartu zuen Nafarroako Gobernuak 2017. urtean. Arau horrek bidea eman zion gobernuari eremu mistoko eta ez-euskalduneko oposizio lehiaketetan euskara meritutzat hartzeko. 2019ko urrian, baina, dekretua ezerezean utzi zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, UGT eta SPA sindikatuek dekretuaren kontra jarritako helegiteari arrazoia emanda.
Ordurako, PSNk zuen Nafarroako Gobernuko presidentetza. Maria Txibite lehendakariak esan zuen «ahalik eta lasterren» adostuko zutela dekretu berri bat, lan deialdietako hizkuntza eskakizunei «segurtasun juridikoa» emate aldera. Urte eta erdi igarota, ordea, ez dute hutsune hori bete.
PSN gobernuan dagoenetik, hizkuntza eskubideen urraketak ugaritu direla uste du Administrazioan Euskaraz taldeko Fermin Zabaltzak: «Txibite iritsi arte, oposizio lehiaketetan aintzat hartzen ziren alemana, ingelesa eta frantsesa Nafarroa osoan, eta euskara, berriz, eremu euskaldunean eta mistoan. Orain, euskara eremu euskaldunean soilik da merezimendu. Eremu mistotik ere ezabatu dute». Ekainaren 1eko aldizkari ofizialean, esate baterako, hiru lan eskaintza argitaratu zituen Nafarroako Gobernuak. Horien arabera, ingelesa, frantsesa edo alemana menperatzen duten hautagaiek bi puntu jasoko dituzte, akreditatzen ahal duten hizkuntza bakoitzagatik. Euskaldunek bakar bat ere ez.
Borondate falta
Nafarroako Gobernuak 2019ko sententzia aipatzen du euskara meritutzat ez hartzeko arrazoi gisa, baina, Zabaltzaren ustez, «epaiak ez du horretara behartzen, eta Nafarroako Kontseiluak, adibidez, beste interpretazio bat egin du, euskara merezimendutzat hartzearen alde». Behatokiko zuzendariak ere «borondate politiko falta» antzeman du: «Legeen oztopoak eta hormak apurtu behar dira, baina alderdi batzuk ez daude horretarako prest». Anautek ere «fronte politikoan eta judizialean borrokatzeko» deia egin du: «Hizkuntzaren legezko estatusarena funtsezko auzia da, zabalik dago, eta euskarak irabazteko dauka, ez soilik Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian: lurralde guztietan. Ofizialtasunarena ez da alde batera utz dezakegun borroka bat».
Hizkuntza gutxituak. Auzitegiak
Epaileen mailukadak
Frantziako Konstituzio Kontseiluaren ebazpenaren aurretik ere, luzea zen euskaldunen hizkuntza eskubideen aurkako epaien zerrenda. Adituek uste dute zabalik dela «fronte juridikoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu