Ohiko seriotasun eta hotsanditasunez, baina ezohiko muga eta zuhurtasunez, Eusko Jaurlaritzako lehendakari kargua hartu zuen atzo Iñigo Urkulluk, hirugarrenez. Gernikako Batzar Etxea (Bizkaia) Eusko Legebiltzarraren egoitza bihurtu zen ordu batzuez, eta hango haritzaren azpian egin zuen EAJko buruzagiak karguaren zina. Pandemiak erabat baldintzatu zuen ekitaldia, baita aginte makila hartzeko ere, Urkulluk ez baitzuen sinbolo hori jaso legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeriaren eskuetatik, zuzeneko kontaktua eragozteko.
Ezusteko eta emozio gutxi izan zen ekitaldi politikoan. Aurreko bi aldietan bezala, Jose Antonio Agirrek asmatutako formularen bidez egin zuen zina Urkulluk: «Apal-apalik, Jaungoikoaren eta gizartearen aurrean, eusko lur gainean zutik eta Gernikako haritzaren azpian, asaben gomutaz, herri ordezkari zareten zuen aurrean, nire agintea zintzo beteko dudala zin dagit». Karguaz jabetzeko unean, «Estatuko ordezkari» izatea eta «koroari leialtasuna» erakustea ere onartu zuen.
Hala ere, inoiz ikusi gabeko irudiak utzi zituen ekitaldiak, COVID-19 gaitzetik babesteko segurtasun neurrien ondorioz: protokoloak agindutako uniformeak eta jantzi dotoreak maskarekin uztartuta; besarkadarik, bostekorik edo musurik ez agurretan; solasaldi mugatuak; eta urduritasun giro hedatua, lehendakariari gogoz txalo egitea ere eragotzi zuena. Jende pilaketak eragozteko, ordezkari politikoen zein legebiltzarreko eta hedabideetako langileen mugimenduak ia milimetrikoki kalkulatuta egon ziren une oro, eta batzar etxeko edukiera ere murriztu behar izan zuten. Izan ere, halako ekitaldietan gainezka izaten dira bilkuren aretoko eserlekuak, baina atzo, distantzia sozialak behartuta, lehendakariaren gertuko senideak, legebiltzarkideen ordezkaritza bat, eta alderdi politikoetako buruzagi nagusiak baino ez ziren bertara sartu ahal izan.
Gainerako gonbidatuen zerrenda ere nabarmen mehetu zen, beirateen gelaren tamainara moldatu behar izan baitzuten; beraz, kargudun politiko eta instituzional nagusiek baino ez zuten parte hartu. Besteak beste, Gernikan izan ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak, hiru hiriburuetako eta Gernikako alkateak, eta oraindik jardunean ziren sailburuak. Emakume bakarra izan zen agintarien lehen lerroan: Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria; atzerago jarri zuten Garbiñe Biurrun, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko jarduneko presidentea.
Espainiako Gobernuak Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa igorri zuen ekitaldira, baina beste erkidegoetako ordezkaririk ez zen agertu. Hala ere, izan zen hutsune deigarriagorik. Karguaz jabetu eta berehala lehendakariak egiten dituen argazki ofizialen artean zirraragarrienetakoa izaten da lehendakari ohiekin batera egiten duena, baina atzo bi lagunek baino ez zuten osatu: Patxi Lopez (PSE-EE) baino ez zen Urkulluren alboan atera.
Eusko Jaurlaritza berria. Urkulluren zina
Hirugarrenez makila hartuta
Eusko Jaurlaritzako lehendakari karguaz jabetu da Iñigo Urkullu, Gernikan, pandemiak baldintzatutako ekitaldi batean: gonbidatu gutxiago eta arau zorrotzagoak izan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu