Euskal presoen sakabanaketaren amaiera exijitzeko ETAk egindako ekintzetako bat izan zen Ermuko PPko zinegotzi Miguel Angel Blancoren hilketa, erakunde armatuaren arabera. Gaia eztabaida politikoaren erdigunean zegoen garai hartan, eta egoerak zenbait preso gerturatzera ere bultzatu zuen Moncloa.
1990eko hamarkadan martxan jarritako dinamiken bidetik, 1996ko urtarrilean txandakako gose greba bat hasi zuten EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideek, kartzeletako baldintzak salatzeko eta sakabanaketaren amaiera exijitzeko. Egitasmo harekin batera, «kartzeletako frontearen» ekintza ezagunenetako bat egin zuen ETAk: Jose Antonio Ortega Lara Logroñoko espetxeko funtzionarioa bahitu zuen, 1996ko urtarrilaren 17an.
ETAk sakabanaketa amaitzeko exijitu zion Espainiako Gobernuari, funtzionarioa askatzearen truke. Hala zioen Egunkaria-ri bidalitako agiriak: «Gobernu espainiarrak Espetxe Erakunde delakoaren bidez eta gartzeleroak buru dituelarik bideratzen duen estrategia errepresiboa bertan behera utziz gero ETAk neurri bereko keinua egingo luke, gartzela funtzionarioak ez liratekeelarik gehiago bere ekintzen helburu izango».
Espainiako Gobernuak, ordea, ez zien erantzun ETAren mehatxuei. Felipe Gonzalez azkenetan zen Moncloan, eta Jose Maria Aznar popularraren ailegaerak ez zuen elkarrizketaren bidea ireki. PPko buruak Jaime Mayor Oreja izendatu zuen Barne ministro, eta, espetxe politika berri bat ezartzearen aldeko adierazpenak egin arren, ez zen gainerako alderdiek esperotako urratsik iritsi.
Pauso bakanetako bat 32 euskal preso mugitu izana izan zen, ETAk ekainaren 23an astebeteko su etena iragarri ostean. Moncloak azaldu zuen, ordea, horren arrazoia Eusko Legebiltzarraren erabakia zela, eta ez ETAren iragarpena. Izan ere, legebiltzarrak espetxe politikaren inguruko eztabaida hasi zuen 1995ean, eta presoak hurbiltzearen alde egin zuen ganbera hartako Giza Eskubideen Batzordeak.
Batzordeko buru Jose Antonio Rubalkabak euskal preso guztiak hamalau espetxetan batzeko plan bat aurkeztu zion Mayor Orejari, eta, ministroaren urrats falta zela medio, afera Europako Kontseiluko Giza Eskubideen Batzordera eramateko prest ere agertu zen.
Artean, Ortega Lara bahituta zegoen, eta hura askatzeko urratsak eta presoen sakabanaketa atzean uzteko eskaerak ugaritzen ari ziren. Bahiketa amaitzeko «mugimenduak» eskatu zizkion Eusko Jaurlaritzako lehendakari Jose Antonio Ardanzak Mayor Orejari, eta antzeko mezuak zuzendu zizkioten EAko, PSE-EEko eta Ezker Batuko hautetsiek eta Elkarriko kideek ere. Herri Batasuneko Mahai Nazionalak, berriz, elkarrizketaren bidea jorratzeko eskatu zion Madrili, Ortega Lararen bahiketa «epe laburrean» amaitzeko.
Une hartan, baina, bestelakoa zen Mayor Orejaren jarrera: ez zuen «gizatasun arrazoiengatik ere» presorik gerturatuko. Beraz, gobernuak ez zuen pausorik eman, eta ETAk ez zuen funtzionarioa askatu. Kontrara, kartzeletako langileen aurkako kanpainari eutsi zion, eta, besteak beste, Javier Gomez Elosegi Martuteneko espetxeko psikologoa hil zuen 1997ko martxoaren 11n.
Kanpaina haren parte izan zen Blancoren hilketa ere, uztailaren 12an. «Eskuetan dituen borrokalariak suntsitzeko estrategiari utzi diezaion Gobernuari egindako presio neurri» gisa definitu zuen ETAk. Ekintza hark, baina, aurkako eragina izan zuen une hartan. Ajuriaeneko Ituneko alderdiek erabaki zuten espetxe politika beren arteko negoziazioetan tratatzea, Giza Eskubideen Batzordearen lana geldiarazita eta, ondorioz, Herri Batasuna elkarrizketatik kanpo utzita.
Itunaren amaiera
Urtea amaitu aurretik berriz aldatu zen panorama. Azaroan, «kartzeletako fronteko» ekintzak eten zituen ETAk, eta erabaki hartan espetxe politika aldatzeko abagune berri bat ikusi zuten EAJk, HBk, EAk eta EBk. Urratsak eskatu zizkioten Madrili.
Handik hemezortzi egunera, Aznarrek «bana-banako politikaren» alde hitz egin zuen, eta hamasei euskal preso lekualdatuko zituztela adierazi. «Haietako bat Euskal Herritik aterako du, beste sei Euskal Herriratu egingo ditu, hiru Madrildik Logroñora eramango ditu eta beste sei penintsulatik kanpoko espetxeetatik Espainia hegoaldeko kartzeletara eramango ditu», argitaratu zuen Egunkaria-k. Urtea amaitzerako, 26 lekualdatze agindu zituzten.
Mayor Orejak iragarritako espetxe politika «aktiboagoa», baina, ez zen urrutirago iritsi, eta EAJk, EAk eta EBk berriz ekin zioten espetxe politikaren afera Europara eramateko prozesuari, Giza Eskubideen Europako Auzitegira irits zedin. Erabaki hark Ajuriaeneko Itunaren haustura irudikatu zuen, aurka agertu baitziren PP, PSE-EE eta UA, akordioaren «oinarrizko kontsentsuak» hautsi zituztelakoan.
Horrek bestelako bide bat ireki zuen Euskal Herriko politikagintzan. 1998ko martxoan, Ardanzak Amaiera Elkarrizketatu baterako Proposamena aurkeztu zuen, ezker abertzalearekin elkarrizketak sustatzeko asmoz, eta ETAri su eten mugagabe bat eskatuta. Bide hartatik iritsiko zen Lizarrako Akordioa, irailaren 12an. Hartan, gatazkari amaiera emateko elkarrizketa prozesu bat babestu zuten eragile ugarik, eta estatuei negoziatzeko deia egin zieten. ETAk su eten mugagabe batekin erantzun zuen hilaren 16an.
Testuinguru hura baliatu zuen Aznarrek ere «euskal askapen mugimenduaren inguruarekin» harremanetan hasteko; Espainiako Gobernua abenduan bildu zen HBrekin, eta 1999ko maiatzean ETArekin. Aurrez, lau euskal preso gaixo Euskal Herriratu zituen urrian, eta 21 penintsulara mugitu abenduan. Estrategia horrekin bat egin zuen Espainiako Kongresuak ere, espetxe politika aldatzea ebatzita.
Elkarrizketak abiatzearekin batera, urrats gehiago ere iragarri zituen PPren gobernuak: 304 erbesteraturen itzulera maiatzean eta sei presoren Euskal Herriratzea ekainean. Azken pausoa, berriz, 105 preso Euskal Herriko eta inguruko espetxeetara mugitzeko agindua izan zen, irailean. Hala, 1999ko azaroan ETAk su etenaren amaiera iragarri zuenerako, preso gehien lekualdatu zituen presidentea zen Aznar.
Miguel Angel Blancoren hilketaren 25. urteurrena
Presoak eztabaidagai
1990eko hamarkadako tentsio gune nagusietako bat izan zen espetxe politika. Presio egiteko «fronte» propio bat ireki zuen ETAk, eta sakabanaketa amaitzeko exijitu zuen Eusko Legebiltzarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu