EAJren eta EH Bilduren osoko zuzenketarik ez Madrilen

Gutxieneko diru sarreren eskumenaren inguruko akordio bat erdietsi dute jeltzaleek. EH Bilduk azaldu du ez dela «txeke zuri bat»

Iosu Alberdi.
2021eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Atzo arratsaldean amaitu zen Espainiako Gobernuak 2022rako aurkeztutako aurrekontu proposamenari osoko zuzenketak jartzeko epea, eta, ondorioz, baieztatu egin dira Moncloak lortutako lehen akordioak, behin betiko adostasunak lortzeko lana geratzen zaion arren. EAJk eta EH Bilduk baztertu egin zuten osoko zuzenketak egitea; UPNk ere ez zuen zuzenketarik aurkeztu, baina besteenak babesteko asmoa agertu zuen.

EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek atzo goizean adierazi zuen «agertoki guztiak irekita» zeudela. Egun osoan martxan izan zituzten negoziazioek, baina, fruituak eman zituzten, eta, azkenean, jeltzaleek ez zuten zuzenketarik aurkeztu. Aitor Esteban bozeramaileak azaldu zuenez, bizitzeko gutxieneko diru sarreraren kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren esku uztea adostu zuten. Hala, «konfiantza berrezarrita», Estebanek «itxaropentsu» begiratzen dio orain aurrekontuak aurrera ateratzeko akordio bat lortzeko aukerari; besteak beste, datozen asteetan AHTaren lanak eta EAEra eta Nafarroara bideratutako aurrekontuen egokitzapena jarriko dituzte mahai gainean.

EH Bilduren bozeramaile Mertxe Aizpuruak atzo goizean Euskadi Irratian aurreratu zuen koalizioak ere ez zuela osoko zuzenketarik jarriko, baina Moncloari gogorarazi zion hori ez dela «txeke zuri bat». Azaldu zuen gobernuarekin hasitako negoziazioetan beren proposamenak egingo dituztela, nagusiki pertsonen «eskubideekin» eta «arlo sozialarekin» lotutakoak: «Horiek lotuta, Euskal Herriarentzat eta euskal herritarrentzat prestatuta ditugun partiden txanda izango da».

Ikus-entzunezkoen legea

Kataluniako independentisten artean, ikuspegiak askotarikoak dira. JxCk eta CUPek osoko zuzenketa ezarri zieten aurrekontuei; ez, ordea, ERCk eta PDeCATek. Errepublikanoen arabera, Madrilekin adostu dute, besteak beste, ikus-entzunezkoen legean katalanari eta estatuko gainontzeko hizkuntza koofizialei leku bat ematea. Euskal Herriko eta Galiziako indarrekin batera landuko dute gaia, Gabriel Rufian eledunaren arabera: «Kuota bat egongo da, eta guk ezarriko dugu».

Beraz, Moncloak EAJren, EH Bilduren eta ERCren babesa izango du lehen tramitazioa igarotzeko; baita PDeCAT, BNG, Mas Pais, Compromis, Nueva Canaria, Teruel Existe eta Kantabriako Alderdi Erregionalistarena ere. Gobernuaren proposamenaren aurkako osoko zuzenketak aurkeztu dituzte, berriz, PP, Vox, Ciudadanos, Kanariar Koalizioa eta Foro Asturias alderdiek. Datorren astean eztabaidatuko dituzte zuzenketok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.