Erregaiaren garestitzea. Garraiolarien greba

Antxoa arrandegietara itzuli da, arrantzaleak jarduera abiatu ondoren

Bilboko Portuan kamioi gehiago dabiltza lanean, kontainer enpresek eskaera nagusiak onartu ondoren. Hiru sindikatuak grebari eusten dio

Piketeak, atzo, Bilboko Portuaren sarreran. MIGUEL TOÑA / EFE.
xabier martin
2022ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak garraiolariei egindako eskaintza —CNTC patronalarekin egindako akordioaren bidez— ez da nahikoa izan greba bukarazteko, baina indarra kendu dio. Garraio ministroa geldialdi patronalera deitu duen plataformako ordezkariekin elkartu izana ere ez da eraginkorra izan lan gatazka konpontzeko, eta hala Hiruk nola Bilboko Portuko autonomoek lanuzteari eutsi zioten, atzo, baita Tradisnakoek ere, Nafarroan; alabaina, grebaren hirugarren astean aurrekoetan baino jarduera handiagoa sumatu zen azpiegiturarik garrantzitsuenetan, Bilboko Portuan, Mercabilbaon eta beste batzuetan. Grebak aurrera jarraitzen du, Hiru sindikatuak herenegun «gehiengo batez» horrela erabakita, baina gehiago dira beharrean daudenak orain, eta hornidurak iristen hasi dira lantegietara.

Normal ez da ari sektorea oraindik, baina normal luze gabe aritu ahal ziateko beste aldagai bat ere nabaritu da azken orduetan: arrandegi batzuetan antxoa eta berdela dago. Ondarroan eta Getarian, 5.000 kilotik gora antxoa eta 10.000 kilo berdel porturatu dituzte, eta, datozen egunetan, arrain gehiago sartuko dela espero dute. Bi aste osorik loturik egon da baxurako flota portuan, baina bukatu da geldialdia. Arrantzaleek ezin zuten iraun itsasoratu gabe, berdela eta antxoa urruntzen hasiko direlako laster, eta garraiolariekin edozer gerta ere, arrantzara joango zirela erabaki zuten joan den ostiralean. Ez da izan aparteko arazorik arrain fresko hori arrandegietara eramateko.

Piketeak portuan

Merkantziei dagokienez, Bilboko Portuan, kamioien joan-etorria biziagoa da aurreko astean baino; izan ere, siderurgia produktuak garraiatzen dutenek lanuztea bazter utzi zuten joan den ostiralean, Madrilek ezagutarazitako gasolioaren deskontuak eta zuzeneko laguntzak aztertu ondoren. Atzo, berriz, kontainerrak garraiatzeko autonomoak kontratatzen dituzten portuko enpresek jakinarazi zuten kamioilarien eskaera nagusiak onartu dituztela. %12ko igoera eskaini diete gasolioan, eta prezio hori hilero gaurkotzea, erregaiaren igoera-jaitsieren arabera. Horrez gain, beren zerbitzuen truke KPIaren araberako igoerak ere jarri dituzte mahai gainean.

«Autonomo horiek ez dituzte inoiz ere kargak eta deskargak egin, eta ez dituzte 250 kilometro baino gehiago egiten egun bakarrean; horregatik, etxean lo egin dezakete gauero». Hori guztia kontuan hartuta, Bilboko Portuaren «blokeoa» amaiarazteko eskatu diete enpresek, «eta jarduera arriskuan jartzeari uzteko».

Eskaerak eskaera, greba aurrera doa Hego Euskal Herrian, eta Bilboko Portuan egon ziren pikete batzuk goiz partean. Plataforma Nacional por la Defensa del Transporte por Carretera elkarteko bozeramaile Jon Gonzalez Garciak salatu zuen «atzerriko garraiolariak» ekartzen ari direla enpresak, «greba apurtzeko». Madrilgo plataformaren eskaera nagusia azaldu zuen portuan bertan: legez jaso dadila garraiolariek ezin izango dutela lan egin kostuen azpitik. Plataforma horretako buru Manuel Hernandezek, berriz, beste bilera bat eskatu dio Espainiako Garraio ministro Raquel Sanchezi hori bera exijitzeko. Grebalariei protestan jarraitzeko esan die, gatazka «azken txanpan» sartu dela.

Ez dago batere argi, ordea, Hernandezek berriro lortuko ote duen ministro batekin elkartzea. Nadia Calviño Ekonomia ministroak esan baitu grebaren eragina ez dela nabaritzen «kasik». Aurreko astean jarduera gelditu edo apaldu behar izan zuten enpresa batzuek, baina hasi dira berriro lanean, adibidez, CAF eta Michelin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.