Koronabirusa

Labi osteko itaun sorta bat

Indarrean den dekretu berriak aldaketak eragin ditu espazioetako edukieran, kultur eta kirol ekitaldietan eta ostalaritzan, besteak beste. Gazteentzako espazioak ere erabili ahalko dira.

Julen Aperribai.
2021eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Neurri murriztaile ia guztiak bertan behera utzi ditu Eusko Jaurlaritzak, osasun larrialdi egoera indargabetu ondotik, eta atzo indarrean sartu zen dekretu berriak aldaketa esanguratsuak eragin ditu, besteak beste, espazioen edukieretan, ordutegietan eta kultur eta kirol ekitaldietan.

Hauek dira neurri aldaketen inguruan sor daitezkeen galderetako batzuen erantzunak:

Zer aldaketa izango dira ordutegietan?

Larrialdi egoeraren aurretik zeuden ordutegiak berrezarri dira jarduera sozioekonomikoen eta kulturaletarako espazioen kasuan. Ostalaritzako establezimenduei dagokienez, indargabetu egin da gehienez ere 03:00 arte zabalik izateko muga, eta lokal horiek ematen duten zerbitzuagatik dagozkien ordutegiak mantenduko dituzte.

Zenbatekoak dira gehienezko edukierak?

Espazio irekietan %100ekoa izango da edukiera, eta baita 5.000 pertsonarentzako baino gehiagorentzako espazioa ez duten lekuetan ere. Kopuru horretatik gorakoetan, eta betiere espazio itxiak badira, %80koa izango da gehienezko edukiera baimendua. Instalazio horietarako sarbideetan eta irteeretan osasun protokoloak bete daitezela eskatzen du Eusko Jaurlaritzaren dekretu berriak; eta, batez ere, jende asko hartzeko aukera duten guneetan. Horrez gain, etengabeko aireztapena bermatu beharko da espazio itxietan. Aireztapen naturala hobetsiko da, baina airea sartzea bermatu beharko da, naturalki ala klimatizazio sistemen bidez.

Gazteentzako lokalak berriz zabalduko dira?

Bai. Gazteen lokalak, gaztelekuak eta halakoak zabalik izan ahalko dira, gainerako espazioen baldintza berberetan.

Tabernetan zutik kontsumitu ahalko da?

Bai. Gaurtik aurrera indargabetu egingo da tabernetan zutik nahiz barran kontsumitzeko debekua. Halaber, espazio horietan ez da mugatuko elkartutako jende kopurua. Gaur arte, gehienez ere zortzi lagun egon zitezkeen batera taberna barruetan, eta hamabi, berriz, terrazetan. Neurri hori bertan behera geratuko da.

Ekitaldietan kontsumitu ahalko da?

Kultur eta kirol ekitaldietan nahiz erabilera publikoko espazioetan egiten diren bestelakoetan ezin izango da elikagairik eta edaririk kontsumitu, ura izan ezik. Salbuetsita daude ostalaritza eta sukaldaritza jarduna baimendua duten espazioak.

Maskara erabiltzen jarraitu beharko da?

Espainiako Gobernuak araututako neurria da maskararen erabilera, eta, beraz, orain arte izan den moduan, 6 urtetik gorakoentzat nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea leku itxietan eta pertsonen artean metro eta erdiko distantzia mantentzea ezinezkoa den kasuetan. Espazio irekietan ere beharrezkoa izango da, baldin eta gutxieneko distantzia bermatzea ezinezkoa bada. Ostalaritzako establezimenduetan ere nahitaezkoa izango da, eta elikagaiak edo edariak kontsumitzeko momentuan bakarrik kendu ahalko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.