EITBko langileen gehiengoak uste du taldeko informazio politika gobernuan (Eusko Jaurlaritzan) dagoen alderdi politikoaren aldekoa izaten dela: langileen %74,4 dira uste horretakoa, %9,5 ez daude baieztapen horren alde ez kontra, eta soilik %16,1ek uste dute EITBren informazioa ez dela EAJren eta PSEren aldekoa. EITBko langileei egindako inkesta baten ondorio argigarrietako bat da. Eusko Legebiltzarreko EITBren erreformarako lantaldearen lanen artean, hainbat inkesta eta iritzi bilketa onartu zituzten aho batez. Horien artean, EITBko langileei inkesta bat egitea onartu zuten maiatzaren 9an.
Mila langile inguru ditu EITBk, eta 412k erantzun diete inkestako galderei; erantzunak eman dituztenen artean, 226 ETBkoak dira; 89 Eusko Irratikoak; 25 EITBnet-ekoak; 55 EITB erakundekoak, eta hamazazpik ez dute argitu zein hedabidetakoak diren.
Langileen artean, adostasun handia egon da honako galdera hau egin dietenean: «Nor arduratu beharko litzateke EITBren zuzendaritza nagusia aukeratzeaz?». %61,2ren iritziz, EITBko eta sektoreko profesionalez, eta sindikatuen, alderdi politikoen eta gizarte zibileko mugimenduen ordezkariez osatutako erakunde batek hautatu beharko luke; soilik %13,6k erantzun diote gaur egungo forma dela egokiena: Eusko Legebiltzarrak gehiengo absolutuz aukeratzea, alegia; hamarretik batek, berriz, uste du EITBko administrazio kontseiluak aukeratu beharko lukeela zuzendaritza nagusia.
Beste ondorio esanguratsu bat da EITBko langileen gehiengoa ez dagoela batere ados kudeatzaileak eta karguak aukeratzeko egungo sistemarekin. 0tik 10era puntuatzeko aukera emanda, «inolaz ere ados» daudela diote gehienek, eta gutxiengoa dira «ados» daudenak.
Euskara gehiago ETB2n
EITBko langileen gehiengoak, bestalde, «oso ondo» ikusten du gaur egun bezala ETBn kanal bat euskaraz izatea, eta beste bat gaztelaniaz. Edonola ere, ETB2k filmak eta telesailak jatorrizko bertsioan euskarazko edo gaztelaniazko azpidatziekin ematea ontzat jotzen dute langile gehienek. «ETB2n euskara gehiago erabiltzea, gaztelaniazko azpidatziekin» baieztapenari, berriz, modu honetan erantzun diote langileek: %46k «oso ondo» jo dute; %27,2k, «nahiko ondo»; %13,8k, «nahiko txarto»; eta %5,8k, «oso txarto». Agerikoa da, horrenbestez, askoz langile gehiagok nahiko luketela ETB2n euskarak presentzia handiagoa izatea. Baieztapen hori Radio Euskadi irratira ere zabaldu daiteke; «ETB2n edo Radio Euskadin, osorik edo parte batean euskaraz izango diren programak eskaintzea» esaldiari honako erantzun hauek eman dizkiete langileek: %35,4k «oso ondo» legokeela diote; %26,2k, «nahiko ondo»; %19,4k, «nahiko txarto»; eta %10,4k, «oso txarto».
Etorkizuneko erronkak
EITBko langileei etorkizuneko erronken inguruan galdetu diete, eta gehienek eraldatze teknologikoari indar handiagoa ematea lehenetsi dute. Identifikatu dituzten beste hiru erronka garrantzitsuak honako hauek izan dira: euskararen presentzia indartzea, eskaintza berezitua egitea eta pertsonen kudeaketa.
EITBko langileen artean adostasun handia dago antolakuntza eredu berri baten beharraren inguruan. Eredu «horizontalagoa» behar dela uste dute: «Euskarrietara bainoago, edukietara bideratua, koordinatuagoa eta eraginkorragoa». Langileen gehiengoa taldearen lau erakunde publikoen bat egitearen alde dago.
EITBren indarguneen artean, bestalde, honako hauek nabarmendu dituzte: lantaldea, gertutasuna eta multiplataforma talde bat izatea. Langileen arabera, EITB «tresna estrategikoa» da euskara zabaltzeko.
EITBko langileen iritziz, informazioa Jaurlaritzako alderdiaren aldekoa da
Inkesta bat egin dute Eusko Legebiltzarreko EITBren erreformarako lantaldearentzat. Taldeko 412 langilek erantzun dituzte galderak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu