'Ehiza' filmari eman diote Lekeitioko Urrezko Antzara

Lanaren ausardia goratu dute 43. Zine Bilerako epaimahaikideek. Zuzendaritza onenaren saria Aitor Mendilibarrek eta Ibon Goikok jaso dute

Ehiza animazio film laburraren fotograma bat. HAUAZKENA TALDEA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Hauazkena Taldearen Ehiza animazio lanak irabazi du Lekeitioko (Bizkaia) 43. Zine Bileraren Urrezko Antzara. Bego Vicario, Ruth Escobar, Jugatx Astorkia, Miriam Inza, Angela Jurado, Oihana Leunda, Arrate Lopez Apellaniz, Naiara Mallabia, Andere Molinuevo, Uxue Reinoso eta Roberto Zabarte dira Hauazkena kolektiboko kideak, eta Vicariok egiten ditu koordinatzaile lanak. Rafael Ruiz Balerdi artistaren Tarzani omenaldia (1969) animazio film laburraren segida gisa sortu dute Ehiza, eta, Aitor Oñederra, Erika Olaizola eta Mikel Rueda epaimahaikideen ustez, «proposamen ausarta eta animazio lan ikusgarria» da emaitza, «rotoskopia teknika maisuki erabiltzen duena eta film osoan erritmo bikaina mantentzen duena».1.900 euro jasoko dituzte sariagatik.

Zuzendari onenari dagokion Zilarrezko Antzara eta sariaren 1.600 euroak, berriz, Aitor Mendilibarrentzat eta Ibon Goikorentzat izan da, Irten barrura filmean egin duten lanagatik. Gidoi onenaren Zilarrezko Antzara eta 1.600 euroak Imanol G. Gurrutxagari eman diote, Nigandik filmagatik. Ikusleek astean zehar emandako botoei esker, gainera, EITB Ikusleen sariduna ere gertatu da Gurrutxagaren lana, eta 750 euro jasoko ditu sari horregatik. Azkenik, epaimahaiak aipamen berezia egin dio Ekain Albiteren Haizearen egia filmari, «saharar eta euskal kulturen arteko talka hain ondo azaltzeagatik».

Gaigne, omendua

Hemeretzi film labur lehiatu dira aurten Lekeitioko Zine Bileran, eta sariak banatzeko ekitaldia atzo egin zuten, 19:30ean.Pascal Gaigne musikaria omendu zuten, gainera.

Gaur, Zine Bilerari amaiera emateko, lan saritu guztiak ikusi ahalko dira, 19:00etatik aurrera. Horren aurretik, 16:00etan, Zinegin, Zinelab-EQZE, (H)emen eta Euskal Zine Bilerako ordezkariek solasaldia hasiko dute; 17:00etan, Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariak Euskal gatazka euskal zinemagintzan izango du hizpide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.