Arantza Segurola. Gaztagilea

«Niretzako saririk handiena inguruko jendearen fideltasuna da»

Ia 10.000 kilo gazta egin, eta 3.000 bisitari ere izaten zituzten Erraizabal baserrian, baina orain gazta ingurukoentzat eta ezagunentzat egiten dute. Segurolak eta haren familiak baserriko atea parez pare zabalik dutela jasotzen dute jendea.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Legazpi
2023ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Baserriko lanak ia amaituta, eta goizeko mugimendua baretuta, lasai dabil Arantza Segurola (Matxinbenta, Gipuzkoa, 1962). Juan Joxe Aranguren senarra, ukuiluan dago ardiekin, Erraizabal baserriko aldapa luzean auto bat agertu denean. Autoa baserri parera iritsi, eta gizon bat jaitsi da. Segurola zuzenean joan da harengana. «Gaztarik baduzue?», galdetu du gizonak. «Bai, noski! Oraintxe aterako dizut bat», erantzun dio Segurolak. Legazpin eta inguruko herrietan ezaguna da Erraizabalgo gazta.

Betidanik izan duzu harremana baserriaren munduarekin? Baserrian jaiotakoa zara?

Ni Matxinbentako Largarate baserrian jaiotakoa naiz, baina Erraizabalera etorri arte ez nuen inoiz baserrian lanik egin. Asteburuetan edo udan laguntzen nuen. Baina ni 15 urterekin hasi nintzen lanean, eta beti baserritik kanpo egin dut lan. Juan Joxerekin [Aranguren] ezkondu nintzen, 1995. urtean, eta geroztik baserrian lanean ibili naiz. 38 urte pasatu dira geroztik.

Erraizabalera etorri bezain laster hasi zinen baserriko lanak egiten?

Guk lanak banatu genituen hasieratik. Juan Joxek baserriko kudeaketa guztia egiten zuen, eta nik lagundu egiten nion. Bion artean ardiak jezten genituen, goizean eta arratsaldean. Eta ni gaztandegira joaten nintzen; nire ardura ziren gaztandegiko lanak. Ezkondu eta bi urtera, artzaintzaren ekomuseoa ireki genuen, eta bisitak hasi ziren. Normalean nik laguntzen nituen bisitak. Tailerrak ere bagenituen.

Nolako tailerrak zenituzten?

Haurrak eskoletatik gazta egitera etortzen ziren gurera. Legazpi, Zumarraga, Urretxu, eta baita beste herri batzuetatik ere. Hiru bat orduz egoten ziren hemen gurekin gazta egiten. Sei gazta txiki egiten zituzten. Ukuilura ere joaten ginen, arkumeen garaia bazen, arkumeei esnea ematen zieten...Talde handiak ere etortzen ziren, gazta egin gabe, museoa eta ukuilua ikustera. Hilabete eta erdian 3.000 pertsona igaro izan dira hemendik. Momentu bat iritsi zen, non denek aldi berean etorri nahi izaten zuten, arkumeak jaiotzen ziren garaian, hain zuzen, eta hori ez zen posible izaten.

3.000 pertsona, asko da hori.

Bai, eta, gainera, kontuan izan beharra dago guk etxerako gazta ere egin behar genuela garai hartan, gure soldata gaztatik zetorren eta. Eskoletako haurrekin tailerrak egiten jarraitu genuen, gure alaba Paulari egokitu zitzaion arte. Gure alaba eta bere lagunak izan ziren azkenak.

Kaleko jendeari baserriko mundua erakusteko lana egin duzue, beraz.

Bertatik bertara filosofia guk orain dela 30 urtetik txertatu dugu gure bizimoduan. Taldeak etortzen ziren, baina hemendik paseoan igaro direnei ere gure ateak zabaldu dizkiegu. Etorri izan zaigu jendea haurrekin paseoan, eta esan digutenak: 'Ikusi ditzakegu ardiak?',eta guk arazorik gabe, ukuilura eraman ditugu ardiak ikustera. Ez diogu inoiz inori etxeko atea itxi.

Nolatan erabaki zenuten, bada, museoa irekitzea?

Lenbur fundazioak egindako proposamen bat izan zen. Legazpiko Artzain Egunean, erakusketa txiki bat jartzen zen urtero, artzaintzaren balioa erakusteko. Guri egin ziguten proposamena izan zen: zergatik ez bihurtu erakusketa hori finko? Eta gurean jarri zuten. Hasieran oso sinplea zen, baina, urteen poderioz, eguneratzen eta aldatzen joan zen. 27 urtez egon gara museoarekin.

Zergatik amaitu zenuten museoaren lan hori?

Pandemiarengatik. Pandemiarekin dena itxita zegoen, baita museoak ere. Gu orduan konturatu ginen urte askoan sakrifizio asko egin genituela. Gure gustukoa zen lan hori ere, baina gu beti prest egon behar genuen bisita guztietarako, asteburuak libre izan behar genituen... eta konturatu ginen nekatuta geundela. Gerora, beste arrazoi batzuk zirela medio, ardiak saltzea erabaki genuen, eta esne gutxiago ematen zuten beste ardi batzukerosi genituen. Artzaintzan jarraitu nahi genuen, baina beste erritmo batean. Gazta egiteaerdigunea izan beharrean, orain okela saltzen dugu. Gaztabatzuk ere egiten ditugu, etxekoentzat, lagunentzat, eta beti gurera gazta erostera etorri den jendearentzat. Gauzak lasaiago egiten ditugu.

Lehen, zenbat gazta egiten zenituzten?

Begira zer den gaztea izatea! Duela hogei bat urte 300 ardi genituen, eta nik urte hartan ia 60.000 litro esne jetzi nituen: ia 10.000 kilo gazta izan ziren. Gero, jaisten joan ginen, 300 arditik 250era. Senarrak erretiroa hartu zuenean, 120 ardi ziren. Hala ere, ia 5.000 kilo gazta egiten genituen, esne asko ematen zuten ardiak genituelako. Azoketara joateari utzi genion, etxetik saltzen genuelako ia dena, baita inguruko herrietako denda eta jatetxeetan ere. Esan beharra dago gu oso leku onean bizi garela, herritik kanpo bizi gara, baina, hala ere, gertu. Oñatiko [Gipuzkoa] jendea, hemen inguruan lan egiten duen jendea... beti etorri izan da gazta erostera, eta hori zorte handia izan da.

Urte batean 10.000 kilo gazta egiten zenituztenean, lan handia izan zenuten. Nolakoa izaten zen zuen egunerokoa?

07:00etan ardiak jezten hasten ginen, Juan Joxe eta biok. Aurretik nik gaztandegia prestatzen nuen, gero gazta egiteko. Urtean sei hilabetez egiten genuen gazta. Esne asko zegoenean, egunero egiten nuen gazta. Esnea jaisten hasten zenean, bi egunetik behin. Festa bat izaten zen gaztarik egitea egokitzen ez zitzaidanean! Jezten bukatzen genuenetan, Juan Joxek ukuiluko lanak egiten zituen, eta nik, gazta. Arratsaldean, nik gaztak prentsatik ateratzen nituen, eta gaztandegia jasotzen nuen, hurrengo egunean dena txukun izateko. 18:00ak aldera berriro ardiak jezten genituen, eta lanak 19:30ak aldera amaitzen genituen. Egun osoko lana izaten zen, oso luzea.

Esan duzu sei hilabetez egiten zenutela gazta, zer-nolako lanak egiten zenituzten urteko beste sei hilabeteetan?

Senarrak txantxetan esaten zuen berak sei hilabetez lan egiten zuela eta sei hilabetez oporrak izaten zituela. Bai zera! Lan gogorra da baserrikoa; beste edozein lan bezala, baina, disfrutatzeko aukera ematen du. Egun onak edo txarrak izan ditzakezu, baina oso lan polita da niretzat; esan beharra daukat niri asko gustatzen zaidala. Urtero izan dut alabarekin oporretara joateko aukera.

Asko aldatu da zuen bizimodua gazta gutxiago egiten duzuenetik?

Ez pentsa, ez gara aspertzen. 07:00etarako joaten gara ukuilura, 25 bat ardi jezten ditugu goizean, eta gaztandegira joaten naiz Lau gazta egiten ditut egunean, eta esne apur bat gehiago dugunean, sei. Gero, ardiak zelaira ateratzen ditut. Arratsaldean ere lanak izaten ditugu. 17:00etan ukuilura goaz berriro, ardiei belar pixka bat ematera. Arratsaldeko lanak lasaiagoak izaten dira.

Zuen gaztak hainbat sari irabazitakoak dira, gazta ona egin duzuen seinale.

Nik uste dut beti gazta ona egin izan dugula, baina gaztagile guztiek egiten dute gazta ona. Urte batzuk izan genituen non sariak irabazi genituen. 1999an, Ordizian irabazi genuen. Nik egindako lehen gazta irabazleak urteko gaztaren saria irabazi zuen Plentzian [Bizkaia]. Sari asko irabazi ditugu, eta horrek poz handia ematen du. Hala ere, niretzako saririk handiena inguruko jendearen fideltasuna da. Etxera etorri, txirrina jo, eta guri gazta bat eskatzea, hori da saririk handiena.

Esan duzu Plentzian jaso zuela, lehen aldiz, zuk egindako gazta batek saria. Nola oroitzen duzu momentu hori?

Urteko gaztaren lehenengo saria irabazi genuen. Izugarrizko poza izan zen; nire lehenengo saria izan zen. Bestalde, herriko gazta txapelketan ere sariak jasotakoak gara. 1999an, Ordiziako [Gipuzkoa] gazta txapelketa irabazi genuen, eta izugarria izan zen. Lehenengo saria behin bakarrik irabazi dugu, bigarrena inoiz ez, baina hirugarren, laugarren eta bosgarren sariak lortu ditugu. Ez segidan, baina joan gara pixkanaka.

Gogoratzen zara zenbat ordaindu zuten gaztarengatik?

600.000 pezeta, eta Donostiako supermerkatu batek erosi zuen.Guk, ordea, txapelketa irabazi ondoren ez genuen aldaketa handirik nabaritu. Supermerkatu hark hainbat gazta eskatu zizkigun, eta besterik ez. Hona betiko jendeak etortzen jarraitu zuen.

Inguruko gaztagile eta artzainekin harreman handia duzue?

Bai, noski. Artzain Gazta elkartean egon gara, Elen (Gipuzkoako Ardi Latxadunen Elkartea), senarra elkartearen sortzaileetako bat izan zen. Bilerak eta ikastaroak egiten genituen. Nik beti esan izan dut ni unibertsitatera ez naizela joan, baina gradu aparta ikasi dudala baserrian. Garai hartan denek ezagutzen genuen elkar, baina azkenaldian gazte asko daude, eta ez ditut hainbeste ezagutzen.

Gazte asko daudela esan duzu. Badago erreleboa orduan?

Bai, artzain eskolan urtero aritzen da jendea. Eskolan bi talde daude: alde batetik, baserrikoak direnak, azpiegiturak, larreak-eta dituztenak; bestetik, kalekoak direnak, ez dituzte azpiegiturak eta zailagoa egiten zaie, baina, hala ere, lortzen dute artzaintzan ibiltzea. Nik ezagutzen dut kaleko jendea izugarrizko lan ona egiten duena baserrian.

Baserriko lana bokaziozkoa dela esango zenuke?

Bai, guztiz. Hau ez da lanbide bat, bizitzeko modu bat baizik. Errendimendu bat atera behar zaio noski, gure lanetik bizi behar baitugu.

Emakume gaztagile asko al daude?

Seguruenik gehienak emakumeak izango dira. Hala ere, gizonezkoak ere egongo dira. Baserri gehienetan emakumeren bat ibiliko da gaztandegian ez bada, laguntzen. Legazpin, adibidez, Makatza baserrian Ines Argarate ibiltzen da gazta egiten. Artzain Gazta elkartearen bileretara emakumeak joaten ginen gehienetan, esaterako.

Gaur egun, nola ikusten duzu gaztagintzaren sektorea?

Nik inguruan ez ditut asko ezagutzen, baina badago jendea lan egiteko prest. Oñatin, Gezaltzan, badago neska bat, kalekoa, baserriko bizimodua izatea erabaki zuena. Artzain izan nahi zuen, eta gaur egun artzaina da. Ofizio hau benetan gustatzen zaion jendea dago, eta oso istorio politak daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.