Sumatzen zuten Iruñeko Labritera atzo gerturatu ziren pilotazaleek egun egokia zela txapelketako partida bat ikusteko, eta ez ziren erratu. Ez horixe. Besteak beste, jarraitzaile dezente geratu ziren pilotalekura sartu ezinik, sarrera guztiak salduta zeudelako, baina sartu zirenek zorte ederra izan zuten. Izan ere, neurketa ikusgarria izan zen finalerdietako ligaxkako lehenengoa. Denetarik izan zuen: gogortasuna, kalitatea, distira, tenplea... Eta, pronostikoak hautsiz, Ezkurdiak eta Martijak irabazi egin zieten Jakari eta Zabaletari: 22-16. Azken horiei txapelketa guztian ez bezalakoak bizitzea tokatu zitzaien; izan ere, ligaxkan hamalau partidetatik hamabi irabazi ondoren, atzo ibili ziren aurrenekoz estu eta larri. Partida ona jokatu zuten, baina bi aurkari bikainekin egin zuten topo. Ezkurdiak erakustaldia eman zuen lehen zatian, eta Martijak atzelari batek egin dezakeen lanik onena egin zuen bigarrenean. Hala, ligaxka sasoi onarekin hasi zuten nafarrek.
Irabazleek bazekiten oso garrantzitsua zela lehen tantoetan aurkarien neurrian egotea, besteak beste, pilotek distira gehien daukatenean zabaltzen baititu tarte handienak Zabaletak. Ordea, bilatu zituen neurriko zapatak Etxarrengo atzelariak. Martijak hasiera ona egin zuen, eta piloteoari eutsi ez ezik, tarteka bizkarra erakutsi zion Zabaletari. Ondorioz, Ezkurdiak atera zion etekinik handiena atzeko koadroetako oreka horri. Beste behin, izar baten pare aritu zen; hark hartu zuen partidaren zama, eta erasoan trebe jokatu zuen etengabe. Erritmo handia ezarri zuen kantxan, eta Jaka defentsan aritzera behartu. Ezker airea nahi bezala baliatzerik ez zuen izan lizartzarrak. Aurrean eginiko lehen tantoa 8-6koa izan zuen.
Ordura arte oreka izan zen nagusi, baina 8-6kotik 13 eta 8ra igaro zen norgehiagoka. Bost tantoren alde garrantzitsua eskuratu zuten gorriek, batez ere kastari esker. Lan erdiak arte pilota bana besterik ez zituzten galduak Jakak eta Zabaletak, baina Ezkurdiaren inspirazioa apartekoa izan zen atzoko norgehiagokan. Gogoangarria izan zen 11-8an egin zuen tantoa. Lehenbizi, zabalean ezinezkoa zirudien pilota bat altxatu zuen, eta gero hark bukatu zuen tantoa. Pilotazaleak zutik jarri zituen lau eta erdiko txapeldunak. Laineza hartuta zegoen, eta Jaka eta Zabaleta, berriz, egoera zail bat kudeatu beharrean. Tentsioak gain hartuta, akaso.
Bazirudien garaileek alde polita zutela partidaren bigarren zatiari aurre egiteko, baina urdinak ez zeuden amore emateko. Pilotak pixkanaka gastatuz joan ziren, eta horrek mesede egin zien Jakari eta Zabaletari. Atzelariak gehiagotan erakutsi zion bizkarra Martijari, eta Jakak ere asmatu egin zuen tantoak bukatzen. Aldea murriztuz joan ziren: 15-10, 15-13 eta 17-16. Tanto soil batera ere hurbildu ziren, eta baina hortxe bukatu zen haien itxaropena. Fisikoki apur bat behera egin zuen Martijak, baina kasta izugarria duela erakutsi, eta azken txanpari berria bezala ekin zion. Berriz ere partida irabazteko aukera eskura jartzean, beldurra sartu zitzaien urdinei, eta ez zuten asmatu egoera kudeatzen. Ezkurdia egon zen horretan ondoen. Aspaldiko mamuetatik urrun, aurpegia eman zuen Arbizukoak, eta azken tantoetan burutsu aritu zen. Taktikoki ongi, eta jokoz ere bai.
Besteak beste, unerik erabakigarrienean jokoan asko sartzea erabaki zuen Ezkurdiak. Boleaz ordura arte baino gehiago lagundu zion Martijari, eta ezkerrez ere ezin hobeto asmatu zuen pilota zabaltzen. Jakak bi bider huts egin zuen pilota ezker hormara biltzerako garaian. Beste martxa bat sartuta, gorriak zuzenean heldu ziren 22ra, eta oso puntu garrantzitsua eskuratu zuten. Teorian, ligaxkako bikote faboritoari irabazita, finala gertuago dute. Jakak eta Zabaletak, bestalde, ezingo dute ia hutsik egin geratzen zaizkien bi partidetan.
Gaur, Bilbon
Bada, finalerdietako ligaxkako bigarren partida gaur jokatuko da, Bilboko Bizkaia pilotalekuan, 17:00etatik aurrera. Azken orduko aldaketa batengatik, Olaizola II.ak ez du Urrutikoetxearekin jokatuko, baizik Arangurenekin. Hortaz, Laso eta Albisu izango dira faboritoak. Azken horiek nabarmen gora egin dute aspaldian. Albisu azken denbora luzeko sasoirik onenean dago, eta Lasok ere badu motiborik konfiantza izateko. Dena den, hobe izango dute ez fidatu, Olaizola II.ak berak ere hobekuntza nabarmena izan baitu azken hilabetean. Ezker airez min handia egin dezake, eta, Arangurenek laguntzen badio, baliteke partidak arriskua izatea.
Kastaz eta distiraz
Ezkurdiak eta Martijak erakustaldia eman dute finalerdietako ligaxkako lehen partidan, eta 22-16 garaitu dituzte Jaka eta Zabaleta. Azken txanpan tentsioa hobeto kudeatu dute garaileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu