Koronabirusaren krisiak xake egin zion kultur programazioari iaz. Jarduera oro bertan behera uzteak berehalako eragina izan zuen nola sortzaileengan, hala kultur kudeatzaileengan. Areto eta antzoki asko itxita izateak, batetik, eta birusari aurre egiteko ezarritako neurri murriztaileek, bestetik, nabarmen hustu zituzten han-hemengo egitarauak. Aurtengo urtean jarri zuten itxaropena askok, uste zutelako egoerak hobera egitearekin batera lehengoratuko zela jarduera. Eta urte bukaera honetan berreskuratzeko bidean jarri bada ere, nahi eta ezin bat gailendu da sektorean. Izan ere, eskaintza ugaritu arren, ikus-entzuleak erakartzeko zailtasunak izaten ari dira zenbait arlotan.
Izurriaren lehen hilabeteetan kultur kudeatzaile askoren kezkatako bat zen ekitaldiak atzeratzeak programazioan pilaketa bat sortzea, alegia, 2020an jendaurrean erakustekoak zirenak aurten sortuko zirenekin elkartzea, eta ondorioz, guztientzako tokirik ez izatea. Eta, hein batean, hori gertatu da Hegoaldean, batez ere, neurri gehienak bertan behera geratu zirenetik.
Musikaren alorrean, adibidez, ekitaldi jendetsuak leheneratu ez badira ere, kontzertuak ari dira pixkanaka ugaritzen azkenaldian. Hala aitortu du Miguel Martin Donostia Kulturako musika arloko arduradunak. «Kontzertu asko eskaintzen ari gara. Aberastasun ikaragarria du kultur eskaintzak uneotan; inoiz ez dut halakorik ikusi». Zehaztu du, halere, programazioa bera ez dela handitu «agian zerbait gehiago egon daiteke, baina ez askoz gehiago», baizik non aukeratu zaildu zaiela kudeatzaileei. «Kontua ez da kultur eskaintza lehen baino handiagoa dela, baizik programatzaileoi iristen zaizkigun eskaintza handitu dela, eta modu nabarmenean gainera. Artista eta agente asko jarri dira gurekin harremanetan».
Martinek azaldu duenez, musikariek ohi baino emanaldi gutxiago izan dituzte azken bi urteetan, eta orain, denek «nahi eta behar» dute jendaurrera atera; «lan egin, azken finean». «Kontzertuak berreskuratu nahi dituzte, jarraitzaileekin elkartu berriz, diru sarrerak izan... Premiazkoa da, behar dute denek, maila txikiagoetan ari direnetik hasi eta lehen lerroan ari direnetaraino. Beharrezkoa da guztientzat», adierazi du.
Alor guztiek dituzte zailtasunak oraindik, nolanahi ere. Zinemaren kasuan, esaterako, filmen eskaintza ez da ohi baino handiagoa garai hauetan, baina atzeratutako estreinaldi asko berreskuratu dituzte aurten. «Ameriketako Estatu Batuetako film askoren estreinaldiak atzeratu ziren iaz, eta orain, esaterako, ia astean behin daukagu blockbuster deitzen diren superheroien pelikula bat. Eta hori bai nabaritu da zinema komertzialean», adierazi du Javier Etxagibelek, Vesa agentziako arduradunak; Gasteizko Florida eta Gorbeia zinema aretoak kudeatzen ditu enpresak.
Baina karteldegi tentagarriaren amua ez da nahikoa ikusleak erakartzeko, oraindik ere oztopo nagusi bat izaten jarraitzen dutelako: jan-edanaren debekua. Etsita hitz egin du Etxagibelek: «Izugarrizko eragina dauka gure ekonomian. Pentsa, egunkari bati iragarkiak publikatzen ez uzteabezala da; gauza bera da, jardueraren parte da guretzat jan-edana saltzea ere». Hegoaldean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan baizik ez dago debekatuta; Ipar Euskal Herrian, berriz, kontsumi daitezke. Etxagibelek salatu du agintariek sektorearen bizkar jarri dutela ardura guztia, eta ohartarazi du kaltea handia izaten ari dela. «Desastre hutsa da, eta denbora luzea daramagu egoera honetan».
Antzoki eta areto txikietan bestelakoa da egoera, halere. Gasteizko Baratza aretoan, esaterako, izan dira bertan behera utzi dituzten emanaldi eta ekitaldiak, baina egoerak ez du hainbeste baldintzatu programazioa, eta, urtearen azken erdian normal jardun ahal izan dute. «Iaz, adibidez, Zurrunbilo jaialdia bertan behera geratu zen, baina pandemia hasiera zelako izan zen; gero lortu genuen berreskuratzea. Eta aurten ere normal egin ditugu aurreikusitako jarduera guztiak. Udatik hona ohiko jarduera izan dugu. Edukiera mugak eta aldian aldiko neurriak errespetatuz, baina programazioa aurrera eraman dugu, eta ekintza ugari izan ditugu: tailerrak, ikuskizunak, emanaldiak... Aretoa bizirik mantendu da», adierazi du Marina Suarezek.
Baratza aretoko kidea izatez gain, sortzailea ere bada Suarez, eta azaldu du arte eszenikoetan egoera ari dela pixkanaka lehengoratzen. «Programazioa egon badago, eta pandemia aurreko jarduerak berreskuratzen ari gara pixkanaka, batez ere edukiera mugak eta neurriak bertan behera geratu zirenetik». Hala ere, nabarmendu du badela koiuntura sortzeko baliatzen ari denik ere, jakinik ikuskizunak taularatzeko baldintzak ez direla egokienak. «Aurten sorkuntza prozesu askotan parte hartu dut, eta alde horretatik sentitzen dut sortzaileek baliatu dutela egoera hau sortzeko. Eta ari direla horretan, nahiz eta jarraitzen duten oraindik lehendik sortutakoak jendaurrean erakusten».
Publikoaren hutsunea
Izan ere, hilabete askotako lana izan daiteke ikuskizun bat sortzea. Taularatzeko unean zirela heldu zitzaien askori izurria, eta, beraz, oraindik ikuskizunaren zikloa amaitu gabe izanda. Bada, hain zuzen, artistek beren lanak jendaurrean erakusteko duten adina gogo igarri du Suarezek ikusleengan ere. «Gogo berezia dauka jendeak, irrikan dago etortzeko eta ikuskizunez gozatzeko. Zerbait berezia igarri dugu, hori egia da. Emanaldietara etortzeko prest dago, parte hartzeko gogotsu, eta, alde horretatik, oso polita izaten ari da».
Ez dute ikuspegi bera gainerakoek, ordea. Zinemaren kasuan, esaterako, jende helduaren «hutsunea» nabaritzen du Etxagibelek. «Nabari da jende gaztea zinemara joaten ari dela, baina helduei gehiago kostatzen ari zaie pausoa ematea. Beldurraren mezuak eragin zuzena du haiengan, eta asko igartzen da hori». Kezka adierazi du Florida eta Gorbeia zinema aretoetako kudeatzaileak, batez ere, Gabon garai hau izaten delako sektorearen indarguneetako bat. «Garai egokia izaten da zinemara joateko, baina publikoa ez dabil espero bezala erantzuten».
Hegoaldean ez ezik, Ipar Euskal Herriko zinema aretoetan ere ikusle falta dute. Kasu honetan, COVID ziurtagiria indarrean ezarri zenetik, alegia, iragan abuztutik, hiru lagunetik batek utzi dio zinemara joateari, adibidez. Eta gauza bera gertatu da gainerako alorretan ere, besteak beste, antzokietan edo museotan.
Jendea kontzertuetara erakartzeko zailtasunak dituzte Donostia Kulturako arduradunek ere. Eta haiek ere nabaritu dute aldaketa bat ikus-entzuleen profilean. «Badira lehengo bizimodura itzuli eta kultur emanaldietara joateko prest daudenak, baina badaude, halaber, oraindik zain jarraitzen dutenak ere. Zeintzuk diren batzuk eta zeintzuk besteak? Ba, ezaugarri batzuk dituzte, eta adina da horietako bat», zehaztu du Martinek.
Uste du «segurtasunaren pertzepzioak» lotura handiegia duela oraindik kultur ekitaldiekin, «nahiz eta une oro demostratu den oso seguruak direla». Azaldu du, esaterako, gazteentzako ikuskizunek gaur-gaurkoz «funtzionatzen» dutela, eta edukierak ez ezik, jendearen interesak ere baduela zerikusirik emanaldiak antolatzerakoan. Aldiz, helduentzako ikuskizunetan bestelakoa da egoera. «Kasu horretan, badira kontzertuetara joaten ari direnak, eta kontzertu guztietara, gainera; baina badira lehen etortzen zirenak eta orain etortzeari utzi diotenak ere, zain daudelako egoerak noiz hobera egingo, beraiek ere seguruago sentitu eta berme gehiago izan dezaten».
Aurrera begira zer
Gaitzaren bilakaera berehalakoan okertzeak, ordea, zabalik zegoen itxaropenerako leihoa ixtea eragin du kultur eragile askorentzat. Arduratuta eta, aldi berean, neke puntu batekin jarri dira datozen aste eta hilabeteei begira guztiak ere, kutsatzeen gorakadari aurre egiteko neurri murriztaile gehiago etor daitezkeelako. «Nekatuta eta nazkatuta gaude. Katxondeo bat da; gero eta argiago daukat», salatu du Suarezek. Ildo beretik hitz egin du Etxagibelek ere: «Honen guztiaren errudun sentiarazten gaituzte. Hedabideei begira garrantzitsuak gara, eta gure egoerak axola zaie herritarrei, baina ekonomikoki eta politikoki ez gara ezer; erabili egiten gaituzte».
Donostia Kulturaren kasuan, hala ere, baikor dira datorren urteko kultur programazioarekin.Aurten «gertuko» programazioa izan dute gehienbat, «egoerak hala behartzen zuelako, eta eskaria ere bazegoelako». Datorren urtean, baina, nazioarteko artistei ere lekua egin nahi diete. «2022an izango diren ikuskizun asko aurrez programatutakoak izango dira, hau da, egoerak behartuta 2020an eta 2021ean atzeratu behar izan zirenak», azpimarratu du Martinek. «Baina urtarril amaieratik edo otsailhasieratik aurrera nazioarteko ikuskizun asko izango dira. Oso gutxi izan dira orain arte, baina datorren urtean berriz berreskuratzea espero dugu». Espero dute laster jakinarazi ahal izatea, gaitzaren egoerak dena baldintzatu dezakeen arren.
KULTURA, IKUSLE FALTAN
Kultur eskaintzak berreskuratzeko bideari ekin dio azken hilabeteotan, pandemiaren egoerak lagunduta. Hala ere, zenbait jardueratan zailtasunak dituzte oraindik ikus-entzuleak erakartzeko. Gaitzaren egoera berriz okertu dela eta, arduratuta eta nekatuta daude kudeatzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu