'Nomadland'-ek irabazi du Urrezko Lehoia

Chloe Zhaoren filma gailendu da Veneziako zinema jaialdian. Michel Francoren 'Nuevo Orden'-ek Epaimahaiaren Saria eskuratu du

Michel Franco zinemagilea, saria eskuetan, atzo, Venezian. ETTORE FERRARI / EFE.
Ainhoa Sarasola.
2020ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Faboritoen artean zegoen, eta, azkenean, Urrezko Lehoiaren jabe egin zen Chloe Zhao zinemagilearen Nomadland filma atzo, Veneziako 77. zinema jaialdian. Frances McDormand aktorea du protagonista zuzendari txinatar-estatubatuarraren zintak, eta prekaritateak AEBetako errepideetan barrena nomada gisa ibiltzera behartu duen andre baten istorioa kontatzen du. Kritikak eta publikoak txalotua, lan hari eman zion jaialdiko sari nagusia Cate Blanchett aktorea buru izan duen epaimahaiak. Osasun krisiak markatutako festibala izan da aurtengoa, eta irabazlea ezin izan zen saria jasotzera joan; bideokonferentziaz eskertu zuten aitortza Zhaok eta McDormandek.

Harekin batera, Michel Franco zuzendari mexikarraren Nuevo Orden zen kinieletan gehien aipatzen zen filmetako bat. Mexikoko jende txiroa aberatsen aurka altxatzen deneko kontakizuna irudikatuta, publikoa astintzea lortu zuen zinemagileak. Eta ez zen jaialditik esku hutsik joan: Epaimahaiaren Sari Nagusia lortu zuen. Andrei Kontxalovski zinemagile errusiarraren Dear Comrades! lanak ere aldeko iritzi ugari bildu zituen, eta hura ere nabarmendu zuen epaimahaiak, aipamen berezia emanda. Kontxalovskik lehenagotik ere bazekien zer zen Veneziaren aitortza jasotzea, The Postman's White Nights filmari esker, 2014ko jaialdian zuzendari onenaren Zilarrezko Lehoia eskuratu baitzuen.

Sari hori, atzokoan, Japoniara joan zen: Kiyoshi Kurosawa zinemagileak irabazi zuen zuzendaritza onenaren garaikurra,Wife of a Spy filmari esker. Bigarren Mundu Gerran girotutako espioien thriller bat aurkeztu zuen zuzendariak. Gidoi onenaren saria, berriz, Chaitanya Tamhanek eskuratu zuen, The Disciple filmagatik.

Volpi kopak

Gizonezko zein emakumezko aktoreen interpretazio onenak saritzeko, Volpi kopak banatzen ditujaialdiak. Etxean geratu zen bietako bat, Pierfrancesco Favino antzezle italiarrak jaso baitzuen, Padrenostro filmean egindako lanagatik. Eta Erresuma Batura joan zen bestea, Vanessa Kirbyk irabazi baitzuen emakumezko aktore onenaren saria, Pieces of a Woman filmeko antzezlanari esker. Beste aktore bat ere nabarmendu zuen jaialdiak: Sun Children pelikulako interpretazioari esker, Ruhollah Zamanik Marcello Mastroianni saria irabazi zuen —beren ibilbidea hasi berri duten aktoreak saritzen ditu—.

Sail Ofizialaz harago ere izan zen sariturik; besteak beste Horizontes Sailean. Ahmad Bahramiren The Wasteland filmak eraman zuen sail horretako sari nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.