Juan Luis Zabala
EUSKARA BATUAK 50 URTE

Batua plastikozkoa da

2018ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Barrikadaren bestaldera pasatu naiz: arrazoi osoa daukate euskara batua, estandarra, artifiziala dela diotenek, plastikozkoa. 50 urte eta gero hau!

Euskadi Irratiaren entzule fidela eta euskal literaturaren zein euskal prentsaren ohiko irakurlea naizenez, uste nuen oso kontu naturala dela euskara batua, natural bihurtua genuela, geure egina. Baina baita zera ere!

Kostata, baina jabetu naiz nire burbuilatik kanpora, gizartearen jokaleku zabalean, kontuak oso bestelakoak direla. Izango ez da ba plastikozkoa, gizartean hain presentzia murritza eta hain prestigio eskasa izanik! Izango ez ba plastikozkoa, naturalizatzeko bide gehienak itxita edo oztopoz beteta dauzka eta!

Euskarazko irratia daukagu, euskarazko literatura, euskarazko prentsa, euskarazko kantuak, euskarazko antzerkia eta kontalaritza, euskaraz sortutako zinema apur bat, euskarazko telebista ere bai, baina euskaldun gehienekzuk ez bezala, irakurle erdarazkoak nahiago dituzte, errazago zaizkielako, naturalago azken batean, irratiko, literaturako, prentsako, kantagintzako, arte eszenikoetako, zinemako eta telebistako erdara beren etxeko euskara bezain naturala iruditzen zaielako, eta erabilgarriagoa, jakina, kontu askotarako. Milaka adibide ditugu begien bistan. Nora begira nengoen ni euskara batua plastikozkoa dela ukatzen nuenean?

Zuzen ote zebilen, beraz, Miguel Unamuno esan zuelarik euskara bere berezko txokoetan pixkanaka hil arte naturaltasun osoz bakean bizitzen utzi beharko litzatekeela, baturik noranahikotzeko asmoak baztertuta?

Ez daukat konponbide magikorik, baina batzuetan pentsatzen dut euskararen eskasia edo defizit handiena ahozkotasunean dagoela. Ez, ordea, tokian tokiko ahozkotasunean, galtzear dauden esaera zahar txinpartatsuetan, lehengo bertsolarien zirto zorrotzetan eta gisakoetan (horien grazia, garrantzia eta balioa ukatu gabe). Fikziozko ikus-entzunezkoetako ahozkotasunean baizik.

Guk alor horretan daukaguna eta kontsumitzen duguna hutsa da erdaraz daukagunaren eta kontsumitzen dugunaren aldean, eta hortik sartzen zaigu neurri handi batean erdara batua, goxo-goxo, eguna joan eta eguna etorri. Hizkera adierazkor baten falta aipatzen dugu maiz, erregistro informalarena, baina erregistro informaleko erdarazko hitz eta esaldi adierazkor eta arrakastatsu asko erdarazko aktore baten edo erdarazko bikoiztaile baten ahotan entzun ditugu lehen aldiz, gure ondoko erdaraz egindako edo erdara horretara bikoiztutako milaka pelikula eta telesail ikusita.

Izan dira gurean saio arrakastatsuak. Dragoi Bola ikus-entzuteak belaunaldi bateko euskaldunengan izandako eragina izan da aipatuena; baina hori aspaldiko kontua da. Orain, Merlí ikusten dugu bikoiztuta ETBn; baina salbuespen pozgarria baino ez da. Bertako ekoizpena ia paralizatuta dago. Donostiako Zinemaldian euskarazko pelikulak estreinatzen dira; baina lau euri tanta dira erdarazko etengabeko zaparradaren erdian (eta horregatik behar dituzte oraindik ere erdarazko azpitituluak).

Euskaraz sortu eta euskaraz azpititulatutakoez gain, bikoiztutako ikus-entzunezko erakargarrien premia larria du, nire ustez, euskarak. Hori konpontzeko ardura duenak (ETBk, adibidez, ETB1 ETB2ren haurride erkina den bitartean jai baitago) langabezian dauden edo beste zeregin batzuetan ari diren bikoiztaileak eta ondo prestatutako bikoiztaile berriak lanean jarriko balitu, itzultzaileekin batera, lan erakargarriak euskaratzen, euskara batuan (nola bestela, Ondarroako euskaran, Ligikoan?), seguru nago euskara batuak gaur egun duen plastikozkotasun nazkagarriaren zati handi bat kenduko lukeela gainetik, naturalagoa eta geureagoa egingo litzaigukeela, geure euskalkiaren edoXabier Amurizari ikasitako hitza da sukalkiaren pare kasik; are erdara batuaren pare ere akaso.

Ideia inozoa da seguru asko, baina Unamunori arrazoia ez emateagatik, edozer gauza!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.