Espainiako Gobernuak Maria Jose Beaumont espiatu zuela salatu dute

Nafarroako kontseilaria zen garaian gertatu zen. Geroa Baik eta EH Bilduk «oso larritzat» jo dute

Maria Jose Beaumont, 2015ean, kontseilari kargua hartu ondoren. IÑIGO IRUIZ / FOKU.
jon ordonez garmendia
2023ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Espainiako Infolibre.com atari digitalak herenegun gauean jakinarazi zuenez, Espainiako Gobernuak Maria Jose Beaumont espiatu zuen, Nafarroako Gobernuko Presidentetza, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia kontseilari izendatua izan berritan. Uxue Barkosen gobernuko kide izan zen Beaumont 2015 eta 2019 bitartean. Infolibre-ren arabera, beste euskal herritar batzuk ere espiatu zituen Mariano Rajoy Espainiako presidente zen garaian.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministro zela, Francisco Martinez haren segurtasunerako estatu idazkariaren Whatsapp elkarrizketak eskuratu ditu Infolibre-k. Espainiako hainbat poliziabururekin izan zituen elkarrizketak dira. Atari digital horren arabera, Luis Barcenas PPko diruzain ohiaren kontrako espioitza kasuaren auziaren parte dira.

Elkarrizketa horietako batean, Martinezek galdetu zion Enrique Garcia Castaño Guardia Zibilaren komisario eta UCOko buruari ea bazituen «gauzatxoak Bilduren kontseilariaz». Eta hark erantzun: «Galdetuko dut. Oso garbi dagoela aurreratzen dizut». Martinezek jarraitu egin zuen: «Eta haren ingurua?». Poliziaren azken erantzuna: «Begiratuko dut». Infolibre-ren arabera, elkarrizketa hori Barkos Nafarroako presidente izendatu eta bi egunera izan zen; alegia, 2015eko uztailaren 22an.

Geroa Bai koalizioak gogor gaitzetsi du espioitza kasu hori. Ohar batean adierazi du «sistema demokratikoaren kontrako eraso bat» dela, «pribatutasunean eta sistema instituzional eta politikoan sartze larria delako». Gaineratu duenez, Barkosen gobernuari zilegitasuna kentzea zen espioitza kasu horren helburua, eta gogoratu du gobernu hura «erabat progresista eta plurala» zela. Auzia ikertzeko eskatu du Geroa Baik, eta ardura nork duen argitzeko.

EH Bilduk ere «oso larritzat» jo du, eta azalpenak eskatu ditu. Ohar batean adierazi du informazio horiek erakusten dutela Espainiako «botere faktikoek eta estatuaren estoldek» Euskal Herriko ezker subiranistaren aurka duten «obsesioa». Bel Pozueta EH Bilduko diputatuak hainbat galdera erregistratuko ditu informazio guztia ezagutzeko eta horrelako kasuak berriro ez gertatzeko bermeak eskatzeko.

Arabako Ahal Dugu

Arabako Ahal Dugu-ko kideak ere egon ziren espioitza sare horren jomugan, Infolibre-ren arabera. Kasu horretan ere, Martinezen eta Garcia Castañoren elkarrizketa bat argitaratu dute. «Erne Arabako Ahal Dugu-ko zerrendaren lehenengoarekin eta bigarrenarekin. Gaiztoetakoak direla esan didate», zioen poliziak. Elkarrizketa 2015eko apirilaren 2koa da, udal eta foru hauteskundeak baino aste batzuk lehenagokoa. «Eman datua», erantzun zion estatu idazkariak. «Ez daukat izenik; esan berri didate».

Egun berean, geroago beste pertsona bat izan zuten hizpide, baina ez dute izenik eman horretan ere. «Badakizu honetaz zerbait? Izan liteke Ahal Dugu-koa edo Bildukoa?», galdetu zuen Martinezek. «Berehala esango dizut», erantzun zion Garcia Castañok. Handik ordu laurdenera eman zion informazioa: «2012an Askapenarekin kolaboratzen zuen; alegia, gehiago da Bildukoa. EHUko burua lokalizatu nahian nabil, horrek ziur jakingo baitu». Handik minutu batzuetara, hau gehitu zuen poliziak: «EHUko segurtasun buruak esan dit orain Ahal Dugu-rekin dagoela».

EHUko irakasle bat

Infolibre-ren arabera, Whatsappeko elkarrizketa horrek ordu batzuk geroago jarraitu zuen. Aipatu ez zuten pertsona bat izan zuten hizpide hor ere. «Ceutako istiluaren forentsea» esan zioten, odolzalea deitu zioten, eta botere politiko handia zuela gehitu zuten. «Izan dezakegu odolzalearen informazio ukigaiagorik (artikulua, argazkia...)?», galdetu zuen Martinezek. «Badakit zeren bila ari zaren, baina oraingoz ondo estalita dago. Ez du ematen kutsatuta dagoenik», erantzun zion Garcia Castañok. «Askapenako manifestuarena dago... Ez dago gaizki», gaineratu zuen Martinezek.

Infolibre-k dio elkarrizketa hori izan eta hamabi egunera La Razón egunkariak titulu hau jarri ziola artikulu bati: «Forentse abertzale batek Guardia Zibilari bota nahi dio Tarajalgo tragediaren errua». Egunkari hori Koldo Callado EHUko Medikuntza doktoreaz ari da artikuluan —Luis deitu zuten—. Calladok Tarajalgo tragediako akusazio partikularraren txosten bat sinatu zuen, eta egunkari horrek dio «ezker abertzalearekin eta muturreko ezker bolivartarrarekin erabat» egiten duela bat. «2012an Askapenaren manifestu bat babestu zuen», dio artikuluak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.