Milaka lagun mobilizatu zituen atzo Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, gehiengo sindikalaren eta gizarte eragileen babesarekin, «pentsio duinak» eskatzeko eta indarrean jarri berri den pentsio sistema arbuiatzeko. Manifestazio jendetsuak egin zituzten eguerdian Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean, Eibarren (Gipuzkoa), Ondarroan (Bizkaia), Tafallan, Altsasun eta Lizarran (Nafarroa). Lau urte dira dagoeneko kalera protestan atera zirela, eta aldarrikapenei bere hartan eusten dietela gogorarazi zuten.
2018ko urtarrilaren 18an hasi ziren pentsiodunen protestak. Orduz geroztik, eta itxialdian salbu, astelehenero atera dira kalera pentsioen alde. Bilbo izan da pentsiodunen mugimenduaren erdigunea, eta han egin zuten manifestaziorik jendetsuena atzo ere. Pentsioen murrizketen kontrako mezuak ozen entzun ziren mobilizazioak egin zituzten herri eta hiri guztietan, nolanahi ere. Gasteizen, adibidez, askotariko aldarri eta mezuekin egin zuten manifestazioa ehunka lagunek.
Ospakizunetik eta aldarritik izan zuten elkarretaratzeek. Izan ere, manifestazioaren amaieran irakurritako mezuan, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak gogorarazi zuen milaka lagun batu dituela protestak urte hauetan, eta,horri esker pentsio sistemari buruz administrazioek hartu dituzten erabakiak baldintzatu dituztela: besteak beste, PPren gobernuak indarrean jarri nahi zituen neurrietako batzuk. «Oso harro gaude egindakoaz», azpimarratu zuten. «Gure mobilizazioek eragotzi egin dute gure pentsioak are gehiago murrizteko aurreikusita zeuden neurriak posible izatea».
Aitortu zuten, ordea, ez dutela horrekin aski, beren eskaera nagusiak aintzat hartu gabe segitzen dutelako: alegia, gutxieneko pentsioa 1.080 euro izatea, eta pentsioak KPI kontsumo prezio indize «errealaren» arabera eguneratzea.
Pentsiodunak oso kritiko azaldu ziren Espainiako Gobernuak iragan abenduan onartu zuen pentsioen erreformarekin ere, ez dituelako aurreko gobernuen «murrizketak indargabetzen». «Gutxieneko pentsioek miserableak izaten jarraituko dute», ohartarazi zuten. Hain zuzen ere, sistema berriari esker, aurreko urteko inflazioaren arabera eguneratuko dira pentsioak aurten: %2,5, hau da, 32 euro batez beste. Pentsiodunen hitzetan, ordea, gutxiegi da hori, eta salatu zuten erosteko ahalmena galduko dutela, «%3 baino gehiago» aurten. Izan ere, inflazioa %6,5 izan da 2021ean guztira.
Bada, desoreka horri aurre egiteko, aparteko ordainketa bat jasoko dute aurten. Baina pentsiodunek uste dute ez dela nahikoa, eta Espainiako Gobernuari eskatu zioten prezioak igo diren adina igotzeko sari horren zenbatekoa ere. Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuei galdegin zioten, ostera, gutxieneko pentsioak 1.080 euroraino osatzea.
Lan erreformari ez
Espainiako Gobernuak onartu asmo duen lan erreforma ere kritikatu zuten pentsiodunek. Gogorarazi zuten «pentsio duinak» ordaintzeko «soldata duinak» behar direla, oraingo soldatei dagozkien kotizazioei esker ordaintzen direlako gaurko pentsioak. Horregatik, lege egitasmoa ez onartzeko eskatu zieten alderdiei.
Aldarriei eusteko eta kalean mobilizatzen jarraitzeko asmoa azaldu zuten pentsiodunek: «Astelehenean kalera aterako gara berriz».
Pentsiodunek gogorarazi dute eutsi egiten dietela aldarrikapenei
Manifestazio jendetsuak egin dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta zenbait herritan. Lau urte dira kaleko mobilizazioei ekin zietela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu