Seaskaren eskerrak instituzioei

Akitaniako eta Eusko Jaurlaritzako agintariak izan dira ikastolen ikasturte hasierako ekitaldian. Seaskako lehendakari ohiak omendu dituzte

Erakundeetako eta Seaskako ordezkariak, Baionan, atzo. IKASTOLEN ELKARTEA.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Atzo estreinatu zuten Seaskaren parte den Bernat Etxepare lizeoko eraikin berria, Baionan. Ikastolen federazioak ikastolen ikasturteari hasiera emateko ekitaldia ere egin zuen, eta, aurten 50 urte bete dituenez, omenaldia egin zieten Seaskaren ibilbidean parte hartu dutenei. Duela hiru urte hasi ziren Ipar Euskal Herriko ikasleak Bernat Etxepare lizeoko eraikin berrian ikasten. Azken bi urte hauetan ikasle kopuruak gora egin du nabarmen: 270 ikasle ziren eta 376 ikasle dira orain. Horretarako, hamaika gela berriren beharra zeukan ikastetxeak.

Alain Rousset Akitaniako eskualdeko lehendakariak parte hartu zuen atzoko ekitaldian. Adierazi zuen tokiko hizkuntzekiko «atxikimendua» daukala eskualdeak. «Hitza hitz» esan zuen, euskaraz. Roussetek gogoratu zuen eskualdeak diruztatu duela eraikin berriaren proiektua. Eusko Jaurlaritzarekin egindako lana goraipatu zuen, halaber.

Koldo Tellitu, Ikastolen Federazioko lehendakaria Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko elkarlanaz aritu zen: «Izan ditugun erronkei herri gisa erantzuteko gaitasuna erakutsi dugu azken hamarkada hauetan, eta, orain, datorren gizarte eraldaketari ere herri gisa erantzutea dagokigu».

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua ere izan zen ekitaldian: «Seaskak egindako ibilbidea» txalotu zuen: «Lehenengo ikastolak gaizki ikusiak ziren; gaur egun oniritzi zabala daukagu».

Seaskako lehendakari izan direnak omendu zituzten ondoren; Argitxu Noblia, Gehexan Alfaro, Mixel Etxeberri, Ixabel Xarriton eta Paskal Indo, besteak beste. Ikasturte hau lehendakari berri batekin hasi du Seaskak, Indok Peio Jorajuriari eman zion lekukoa lehendakaritzan hamaika urte pasatu ondoren. Honela hitz egin zuen Jorajuriak: «Lorpen kualitatibo handia egin du Seaskak lizeo honekin: lehen, kolegiotik bi ikasletik bat baizik ez zen heldu lizeora. Gaur egun, aldiz, ireki ditugun sail berriei esker, lau ikasletarik hiru». Seaskak euskalduntze prozesuan izan duen rolaz ere aritu zen: «Biharko Euskal Herriko arlo profesional guztietako euskaldun gehienak hemendik pasatuak izanen dira».Akitaniako eskualdearen laguntza eskertu zuen, proiektua «osoki diruztaturik» 1,7 milioi euro eman duelako. Euskararen Erakunde Publikoa, Euskal Elkargoa eta Jaurlaritza ere eskertu zituen.

Hala ere, gerora etor daitezkeen «arrisku eta mehatxuez» hitz egin zuen Jorajuriak. Argi dauka Frantziako Gobernuaren jarrera ez dela beti «aldekoa» izango, eta G7koen goi bilerari erreferentzia egin zion, gogora ekarriz Seaska, EEP eta estatuaren arteko konbentzioa erabat blokeatua egon zela ekainera arte: «Ez dugu beti G7a ukanen akordioak azken puntan konpontzeko». Goi bileraren atarian, uztailean, ituna izenpetu zuten, eta Seaskak galdegindako postuak lortu zituen urtebeterako. Jorajuriaren ustez, G7koen bilerak eragin ahal izan zuen erabakian. Itxaropenez bukatu zuen hitzaldia: «Elkarrekin borrokatuz lortuko dugu gure herriak merezi duen hezkuntza sistema eraldatzaile eta euskalduna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.