Irun argituta, «desblokeatu» da ituna

EAJk ez du Xabier Iridoiren hautagaitza aurkeztuko Irungo alkatetzara, eta horrek bidea eman dio EAJk eta PSE-EEk egin nahi duten akordio orokorrari. Eusko Jaurlaritza pozik dago Irungo egoera «bideratu» delako

Jose Antonio Santano Irungo jarduneko alkatea eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria elkarri bostekoa ematen, 2015eko irailean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
jon olano
2019ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko udaletan, datorren larunbateko udalbatzarretan aukeratuko dituzte datozen lau urteetarako alkateak. EAJ eta PSE hasiak dira lehen bilerak egiten tokiko erakundeetan eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundietan gobernatzeko formulak negoziatzeko, eta negoziazio horrek bide samurragoa izango du aurrerantzean, askatu baitute Irungo Udalean (Gipuzkoa) sortutako korapiloa. Ostiral iluntzean, EAJk erabaki zuen Xabier Iridoik ez aurkeztea hautagaitzarik alkatetzarako, eta, beraz, ez du oztoporik jarriko Jose Antonio Santano jarduneko alkate eta PSE-EEko alkategaiak karguan jarrai dezan.

Joseba Egibar EAJko Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak baieztatu zuen atzo jeltzaleen atzerapausoa. Radio Euskadin esan zuen erabaki dutela Iridoiren hautagaitza «desaktibatzea», sozialistek «erakundeak desegonkortzeko mehatxua» egin baitute. Are, «xantaia» gisa definitu zuen PSE-EEren jokabidea: «Badakite hautagaitza hori aurkezteak Irunen egoerari buruzko salaketa politiko baten esanahia duela». Iazko urtarrilean, Santano alkateak udal gobernutik kanporatu zuen Iridoi Hirigintza zinegotzia : «[EAJ-PSE] itunaren jarraipen batzordeak ondorioztatu zuen Irunen akordioa apurtu egin zela eta erantzukizuna Santanorena zela», erantsi zuen Egibarrek. Uste du Irunen gertatutakoa «oso larria» izan zela eta gertatutakoak agerian uzten duela «PSE-EEk Santanorekiko daukan ahultasuna».

Atzera egin arren, Egibarrek ohar egin zien bazkideei: ez dute oztopatuko Santanoren izendapena, baina ezta legealdian hura babestuko ere: «Irungoa konpontzen ez bada, desegonkortasun instituzionala bermatuta dago».

Sozialistek erabateko garrantzia emana zioten Irungo Udalari eusteari, eta ez zeuden prest jeltzaleekin itun orokor bat adosteko aurrez Irungo egoera argitu arte. Korapilo hori askatuta,PSEko Gipuzkoako idazkari nagusi Eneko Anduezak nabarmendu du «desblokeatu» direla jeltzaleekiko elkarrizketak: «Orain has gaitezke EAJrekin hizketan, udalei egonkortasuna emango dien akordio bat lortzen saiatzeko».

Egibarren adierazpenez, berriz, Anduezak ukatu egin du PSE-EEk «xantaia» egin izana: «Agerikoa da ez dela xantaia izan; posizionamendu irmo bat izan da,guretzat desleialtasun hutsa baitzen, eta eraso batitun bati». EAJk eta PSEk datozen egunak dauzkate orain akordio bat erdiesteko, eta militante sozialistek hori berretsi beharko dute; Jose Antonio Pastor PSEko Eusko Legebiltzarreko bozeramailearen esanetan, «beranduenez» ostegunean egingo dute barne galdeketa; hortaz, alderdiek hiru egun dauzkate ados jartzeko.

«Kanpoko interesak»

Xabier Iridoi hasia zen Irungo Udaleko beste talde politiko batzuekin hitz egiten, Santanoz aparteko gehiengo alternatibo bat eratzeko. Gehiengo absolutua behar zuen alkatetza lortzeko, eta horretarako beharrezkoak zituen EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen botoak. Atzo, Iker Casanova indar subiranistako legebiltzarkideak esan zuen ez dela «koherentea» EAJk Irungo Udaletik «ez kanporatzea oso txartzat duen alkate bat». Hori horrela, Casanovak uste du «kanpoko interesak» nagusituko zaizkiola udal horretan ordezkaritza duten talde politikoen borondateari.

Gainera, gogora ekarri zuen EAJren eta PSEren arteko itun posible batek alkatetzarik gabe utz lezakeela EH Bildu indar subiranista lehen indarra den herri batzuetan; horien artean daude Andoain, Pasaia, Lezo, Soraluze (Gipuzkoa) eta Zigoitia (Araba), besteak beste. «Garrantzitsua da udaletan gehiengo koherenteak artikulatzea eta herritarrentzako hobekuntzak bilatzea», Casanovaren arabera.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, ordea, pozik agertu zen atzo, Irungo Udalean sortutako «zailtasunak bideratu» ahal izan dituztelako. Gamiz-Fikan (Bizkaia) izan zen atzo Erkoreka, 1936ko gerran hildako gudari baten arrastoak lurpetik ateratzeko lanetan, eta bertan jardun zuen Irungo Udalaz. Bertako egoera argitu izanarekin gustura egon arren, Erkorekak ez du uste Irungoak «zalantzan» jarriko zukeenik Eusko Jaurlaritzaren egonkortasuna eta EAJren eta PSEren arteko itunaren «sendotasuna».

Deia alderdi nafarrei

Arabarako, Bizkaiarako eta Gipuzkoarako akordioez harago, Erkorekak mintzagai izan zituen Nafarroan gobernua osatzeko elkarrizketak ere. «Erabateko errespetuz», alderdiei dei egin die «egonkortasunaren» aldeko apustua egin dezaten, «Euskadin egin den bezala». Uste du EAJren eta PSEren arteko itunak «emaitza positiboak» eman dituela; hala ere, Jaurlaritzak «inola ere» ez du eragin nahi «soilik nafarra den prozesu batean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.