Donostiako Udalak adierazpen instituzional bat onartu du eskatuz guardiako epaitegiari eta Espainiako Fiskaltzari azter dezatela Mikel Zabalzaren (1952-1985) kasua berriro irekitzea. Udal talde guztiek, hau da, EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk, Elkarrekin Donostiak eta PPk sinatu eta atzo kaleratutako adierazpenak proposatzen du Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainak eta Alberto Perote CESIDeko koronel eta zerbitzu sekretuetako buruak «ustez» izan zuten elkarrizketa jasotzen duen audioaren edukia «sakon» azter dadila. Público egunkariak argitaratu zuen ahots dokumentua duela bi aste pasa, eta baieztatzen du Zabalza Intxaurrondon (Donostia), Guardia Zibilaren kuartelean, torturatuta hil zela.
Audio horretan Gomez Nietok eta Perotek adierazten dutenez, torturatzaileek «plastikozko poltsa» buruan jarri ziotelako hil zen Zabalza. Udalbatzaren testuan hori zehaztu dute, baita Gomez Nietok nola esan zion Peroteri Zabalza galdekatu zutenei «eskua joan» zitzaiela ere. «Audio horren transkripzioa froga moduan erabili zuen familiak duela 25 urte egin zen epaiketan. Halere, orain arte ez dira baliagarriak izan familiak gertaera horiek sakon aztertzeko egindako ahalegin guztiak», azpimarratu dute.
Testuan gogoratu dute Zabalza duela 35 urte atxilotu zutela, beste pertsona batzuekin batera, eta egotzi ziotela ETAkoa izatea. Udal taldeek nabarmendu dute Intxaurrondora «bizirik» eraman zutela. «Eta egun batzuk geroago hilik agertu zen Bidasoa ibaian». Adierazpenaren arabera, «gizartearen zati handi batek» inoiz ez zuen sinistu Guardia Zibilaren bertsioa, «indarrean dagoena». Poliziaren esanetan, ETAk armak gordetzeko zuen zulo bat egiaztatzen ari zirenean, Zabalzak ihes egin zuen, eta, zulo batetik ibaira erori ondoren, itota hil zen.
Udaleko langilea zen Zabalza, Donostian bizi zen, eta oharrean gogoratu dute 1985eko abenduaren 6an mozio bat onartu zuela udalbatzak, «desagerpenaren larritasunak» eraginda. Eskatu zuen Zabalza non zegoen argitzeko ikerketa bat egiteko, eta konpromisoa hartu zuen laguntzeko. Atzo argitaratutako testuan oroitu zuten mozio hura berresteko konpromisoa hartu zuela udalak ia 30 urte geroago 2015eko azaroaren 26an.
Txibite ere, ados
Zabalzari gertatutakoa xeheki aztertzeko eskaera bateratu bat egin zuen Nafarroako Parlamentuak joan den martxoaren 1ean. EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak proposaturiko testuan eskatu zuten, hain zuzen, audioak «sakonki ikertzeko». Horren harira galdera bat egin zion, atzo, Nafarroako Parlamentuan, Geroa Baik Maria Txibiteri, eta Nafarroako lehendakariak erantzun zuen gobernuak «bere» egiten duela ganberak aho batez onartutako adierazpena. «Gobernuak pentsamendu horrekin bat egin eta hori konpartitu besterik ezin du egin», adierazi zuen. «Gure obligazioa da edozein indarkeriaren edo giza eskubideen urraketaren biktimen, eta justiziaren, erreparazioaren eta egiaren defentsan engaiatzea. Hori zen adierazpenaren helburua».
Zabalzari gertatutakoaz mintzo da Non dago Mikel? dokumentala, eta, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak antolatuta, bihar solasaldia egingo dute lanaren egileekin, Amaia Merinorekin eta Miguel Angel Llamasekin. Gogoraren egoitzan izango da, Bilbon (11:30). Streaming bidez ere jarraitu ahal izango da.
Donostiako Udalak eskatu du Zabalzaren kasua irekitzea azter dadila
Udalbatzak eskatu die guardiako epaitegiari eta Espainiako Fiskaltzari iker dezatela Gomez Nietoren eta Peroteren arteko elkarrizketaren edukia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu