Franco, Juan Carlos Borboikoa eta Felipe Borboikoa, elkarren ondoan eta buruz behera, foruen monumentuaren azpian. Irudi horrekin amaitu zen atzo Sortuk Iruñean egin zuen protesta. «Inpunitatearen sokak lotutako hiru estatubururen erretratuak», nafarren burujabetza aldarrikatzen duen ikurraren aurrean iraulita. Hori zen, finean, atzoko manifestazioaren helburua: agerian uztea «egungo erregea eta frankismoa lotzen dituen katea», eta, aldi berean, sostengua adieraztea iazko urriaren 12ko protestagatik Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko duten hamabi gazteei.
Egun hartan, Kristobal Kolonen estatua bat eta Felipe VI.a Espainiako erregearen beste bat eraitsi zituzten Iruñeko Diputazio Jauregiaren aitzinean. Ekintza horren garrantzia azpimarratu zuen atzo Kizkitza Gil de San Vicentek, Sortuko Kontseilu Nazionaleko kideak, manifestazioaren bukaerako ekitaldian: «Errege berria errege zaharrari esker da estatuburua; errege zaharra, Francori esker; eta Franco, altxamendu frankistari esker. Urriaren 12an egin genuen ekitaldi sinbolikoan kate hori jarri nahi izan genuen agerian, inposatu diguten erregimena apurtzeko beharra aldarrikatzeko».
Milaka pertsonak bat egin zuten helburu horrekin atzo. Antoniutti parkean zabaldu zuten Eroriko da! lelodun pankarta, eta, haren atzean, hiru ilara paralelotan kokatu zituzten manifestariak, COVID-19aren aurkako segurtasun tartea bermatze aldera. Antoniuttitik aterata, Armadaren etorbidean gora abiatu zen protesta, eta orduantxe entzun ziren lehen oihuak: «Errege-erreginak eroriko dira!», «Gora euskal errepublika!», «Independentzia eta sozialismoa!» eta «Erregimen frankista eroriko da!» izan ziren ibilbide osoan gehien errepikatutako leloak. Militarren egoitzaren paretik igarotzean, ordea, «Alde hemendik, utzi bakean» oihukatu zuten manifestariek, ozen. Jende ilararen aurrealdea Sarasate pasealekura iritsita, Lluis Llachek konposatutako L'estaca abestiaren euskarazko bertsioa entzun ahal izan zen bozgorailuetatik.
Bere hitzartzean, Gil de San Vicentek salatu zuen «lotura estua» dagoela frankismoaren, Espainiako koroaren eta egungo sistemaren artean, eta trantsizio garaian kokatu zuen lotunea: «Trantsizioa tutelatutako prozesu bat izan zen, marketin operazio bat, dena ongi lotuta uzteko. Horrek bermatu zuen, alde batetik, hierarkia frankistaren inpunitatea, eta, bestetik, haiendako onuragarria den sistema ekonomiko bat».
Hori dela eta, monarkiari aurre egitea «sistema supremazista espainiarra» salatzeko modu bat dela berretsi zuen: Koroari tiraka, «erregimen osoa eraisteko eta ordezkatzeko» bide bat.
Sostengua gazteei
Monarkiaren kontrako manifestazioa bainoago, Espainiako sistema politiko, sozial eta ekonomikoari aurkeztutako osoko zuzenketa izan zen atzokoa. Hori dela eta, urriaren 12ko protestarengatik deklaratu beharko duten gazteei elkartasuna adierazteaz gain, Gil de San Vicentek gogoan izan zituen zabalik diren hainbat auzi ere: «Eskandalagarria izanagatik ere, ez gaitu ezustean harrapatu gazte hauen kontrako erasoak, eta ez gara harritu azken hilabetean gertatu diren beste eraso batzuen aurrean ere. Gasteizen salatzen ari direna, esaterako. Hor dugu Bateragune auziko epaiketa berregiteko erabaki lotsagarria ere, edota ziklo armatuaren sumario zaharren baitan eraikitzen ari diren auzipetze berriak». Sostengua adierazi zieten auzipetu guztiei.
Sortuko bozeramailearen esanetan, auziok erakusten dute Espainiako Estatuak «mehatxupean» ikusten duela bere burua: «Erregimenaren erreakzioa da, euskal lurraldeetan, Katalunian eta Espainian irekitzen ari diren agertoki berrien aurkakoa». Espainia «krisi sakonean» dagoela esan zuen Gil de San Vicentek, eta arrakalan sakontzeko deia egin zuen: «Aukera berriak zabal ditzagun, Euskal Herriarentzat, Nafarroarentzat».
Bultzaka, eror dadin
Sortuk deituta, milaka lagun batu dira Iruñean, Espainiako koroaren aurkako protestan. Elkartasuna adierazi diete urriaren 12ko auzipetuei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu