Ingurumena. Luizia Zaldibarren

Ekologistek «susmo sendoa» dute Zaldibarren lindanoa egon daitekeela

Usaina «nabarmena» dela ohartarazi du Ekologistak Martxan-ek. Adituen arabera, minbizia sortzen duten gaietako bat da lindanoa

Zaldibarko zabortegian piztutako sutea. VOST EUSKADI.
jon olano
2020ko otsailaren 9a
00:00
Entzun

Zaldibarko Verter Recycling 2002 zabortegian (Bizkaia) lindanoa egon daitekeelako «susmo sendoa» duela adierazi du Ekologistak Martxan-ek. Elkarte horrek bazuen ustea zabortegi horretan lindanoa ere egon zitekeela, baina azken egunetan indartu egin dira susmo horiek; izan ere, usain handia nabaritu dute hainbat lekukok. «Usaina nabarmena da», adierazi zuen bart gauean elkarteak.

Taldeak salatu izan du material toxikoa dela eta era «arriskutsuan» kudeatu dela. Besteak beste, gai horren arrastoak topatu izan dituzte Oiolako urtegian eta Enekuriko, Jatako eta Larrezabaleko zabortegietan, Bizkaian.

Ingurumenean kalte larriak sortzeaz gain, gizakien osasunean ere eragin handia dauka. Gaur egun, desagerrarazi beharreko material arriskutsu gisa izendatua du Nazio Batuen Erakundeak. 2008tik, erabat debekatua dago hura ekoiztea ez ezik hura erabiltzea ere. IARC Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak 2015ean kaleratutako ikerketa baten arabera, minbizia sortzen duten gaien artean dago lindanoa, eta multzo berean daude aireko kutsadura eta amiantoa.

Lindanoa konposatu kimiko bat da, eta Barakaldoko, Zornotzako eta Erandioko (Bizkaia) hiru fabrikatan ekoitzi zuten 1950eko hamarkada ingurutik 1990ekora arte, nekazaritzan pestizida moduan erabiltzeko, laboreetako izurriak kontrolatzeko, baina baita pertsonen buruko zorriak hiltzeko ere, eta zuraren, larruaren, artilearen eta kotoiaren tratamenduetan, parasitoen kontra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.