Ituna iritsi da Kristau Eskolara

Bi urteko lan gatazka itxi dute eskola erlijiosoetan, funtsezko adostasunak lortuta: soldatak igotzea eta lanpostua galtzean lekua topatzea. Bertan behera geratu da hilabeteko greba

Kristau Eskolako langileen protesta, herenegun, Bilbon. Hilabeteko greba ostegunean hasi zuten, eta bi egun eginda amaitu da. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Hilabeteko greba hasi eta bi egun igarota, akordioa sinatu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe erlijiosoetan. Orduetako bileren ondoren, atzo goizaldean sinatu zuten bost orrialdeko adostasuna Kristau Eskola sareak, eta ELA, Steilas eta CCOO sindikatuek. Protesten aldarrikapen nagusiak aintzat hartu ditu akordioak: soldatak igotzea, ikasleen matrikulazioa jaistearen eraginez postua galdu dutenei beste leku bat topatzeko sistema bat jartzea, ordu osagarriak kontuan hartzea, emakumeak nagusi diren esparruetako egoera hobetzea eta erretiro aurreratua bermatzea. Adostasun horrekin, bertan behera geratu da greba, eta, bi urteko lan gatazkaren ostean, normaltasunez izango dituzte eskolak berriro.

Protesta luzea izan da: 29 egunez egin dute greba bi urteotan. Ez da halako lehen auzia. 2014an gatazka handia izan zuten, patronalak ituna eten zuelako, soldata jaisteko —Jaurlaritzak finantzaketa publikoa gutxitzean—. Protesta eta epai ugariren ostean lortu zuten hitzarmena berriro ezartzea.

Antzeko korapiloetan katramilatuta egon da azken lan gatazka ere. Lan baldintzak hobetzeko eskaria egin zuten sindikatu guztiek, elkar hartuta, baina ezezkoa eman zuen patronalak, ez zuelakoan baliabiderik soldatak igotzeko, non eta Eusko Jaurlaritzak ez zion finantzaketa publiko handiagoa ematen. Biak lotu nahi zituen: diru publikoa eta soldatak.

Mugimenduak

Negoziazioak denbora luzez egon dira blokeatuta, baina azken asteetan mugimenduak izan dira. Mobilizazioak gogortzea jarri zuten sindikatuek mahai gainean: hilabeteko greba. Batasun sindikala ez zen erabatekoa ordurako: UGT sindikatuak ez zuen deialdia egin, gehiegizkoa zela eta. Eusko Jaurlaritzak azaldu zuen prest legokeela bitartekaritza bidezko bilera batean parte hartzeko, eta, hori ikusita, urratsa ofizialki egin zuen Kristau Eskolak: bilera bat antolatzeko eskatu zion Lan Harremanen Kontseiluari. Hiru aldeko bilkurak izan dira: patronala, sindikatuak eta Hezkuntza Saila. Sinatutako agirian, hala ere, sindikatuak eta patronala soilik ageri dira.

Eusko Jaurlaritzak ez du zuzeneko esku hartzerik izan negoziazioetan. Postua galtzen duten irakasleak beste nonbait kokatzeko sistemari babesa eman dio, hori bai. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak pozik hitz egin du akordioaz: «Jaurlaritzak bultzatutako bitartekaritzak negoziazioa desblokeatzea lortu du. Familiek, ikasleek eta ikastetxeek normaltasuna berreskuratuko dute».

ELAk izan du negoziazioen gidaritza, gehiengoa baitu sarean. «Akordio historikoa» dela adierazi du Miren Zubizarreta ordezkariak, eta «langileen garaipena» dela. Batasunak ekarri duen indarra goraipatu du Steilasek, eta CCOOk nabarmendu du soldata igoera ez dagoela finantzaketa publikoari lotuta. Batasuna ez da erabatekoa, ordea: LABek ez du izenpetu, ez baitago ados negoziazio ereduarekin —ELAk bideratu du— eta Eusko Jaurlaritzak izandako «oportunismoarekin».

Kristau Eskolak ere pozik hitz egin du, eta «alde guztien borondatea eta esfortzua» eskertu du. Guraso elkarteak ere lasaitu dira akordioarekin, baina uste dute «lehenago» sinatu behar zutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.