Ordu anitzetako eztabaidak izan zituzten atzo Euskal Hirigune Elkargoko hautetsiek. 48 gai zituzten aipagai; lehenetarik, etxebizitza turistikoak mugatzeko konpentsazio araudi moldatua bozkatu zuten. Hautetsien %98k egin zuten alde. Izan ere, martxoan jada bozkatua zuten legea, baina, Paueko Auzitegian jarritako helegite baten ondorioz, moldaketa batzuk eginik berriz bozkatu zuten atzo. Konpentsazio legea, baina, ez zen aipatu zuten gai bakarra izan. Izan ere, Ipar Euskal Herrirako diseinatu duten lurralde proiektua —2021 eta 2026 urte bitarteko bide orria da— aurkeztu zuen Jean Rene Etxegarai lehendakariak. Hautetsien artean eztabaida handiak izan ziren, eta lurralde proiektuari buruzko eztabaida behar zuena elkargoaren funtzionamenduari buruzko auzia izan zen.
Konpentsazio legeari dagokionez, Herrian Bizi plataformak berehala txalotu zuen erabakia, eta iragarri zuen ondoko asteetan manifestazio bat antolatuko dutela etxebizitza eskubideen defentsarako. «Sekula baino gehiago, mobilizatuak gelditzen gara herrialdean bizitzeko eskubidearen alde, eta ondoko egunetan jakinaraziko dugu eskubide hori aldarrikatzeko antolatua izanen den hurrengo manifestazio jendetsuaren data». Azkena iragan azaroan egin zuten, Baionan.
Lurralde proiektuaren harira, hainbat hautetsik sekretupeko bozka galdegin zuten, besteak beste, Egoitz Urrutikoetxea Lexantzüko (Zuberoa) auzapezak. Beste batzuek bozketa gibelatzeko eskatu zuten, gai ordena luzeegi zela-eta, eta argudiatuta «gai inportanteak hainbeste gairen artean galtzen» zirela. Ezezkoa eman zien Etxegaraik. Peio Etxeleku Kanboko (Lapurdi) hautetsiak, berriz, txostenean erabakien «zentralismoa» eta «irudi ederrez jantzitako teknokrazia»ikusten zituela adierazi zuen, eta kontra bozkatzera deitu zuen. Orduan, Baionako hautetsi Mathieu Bergek hartu zuen hitza: «Demagogiaz eta klientelismoz funtzionatzen duen sistema hau aldatu behar dugu». Hitz horiek, hain zuzen, elkargoaren funtsezko funtzionamenduari buruzko eztabaida piztu zuten. Etxegaraik berak Bergeri leporatu zion «Baionako herriko politika egitea elkargoan». Izan ere, Baionako auzapeza ere bada Etxegarai, eta oposizioan da Berge.
Metodoa, zalantzan
Baigorriko hautetsi Antton Kurutxarri ere (Nafarroa Beherea) kexu mintzatu zen: «Zer gertatzen da? Bata bestearen beldur al gara?», galdetu zuen. Sekretupeko bozketa «ulertezina» zaiola esan, eta «hautuak asumitzeko» eskatu zien hautetsiei. Gisa berean, Maider Aroztegi Miarritzekoauzapezak (Lapurdi) ez du uste «klientelismorik dagoenik»; «lobby lana normala da politika arloan. Bata bestea konbentzitzeko ahaleginetan ari gara etengabe». Hautetsi batzuek, bestalde, lurralde proiektuan parte hartze eskasa izan dutela egotzi zioten Etxegarairi. Aroztegik honela erantzun zien: «Ez gara herrietako politika egiten ari, elkargoan ari gara».
Lurralde proiektuarekin batean, heldu diren urteetarako herriarteko fiskalitatea eta ondoko urteetako inbertsio planaren inguruko eztabaida ere izan zuten hautetsiek. Horien lanketari buruzkoak izan ziren eztabaidak batik bat. Etxegaraik adierazi zuen kritikak «entzun» zituela, baina esan zuen batzuen kritikak «borondate txarrekoak» zirela.
Finean, hiru oreneko eztabaidaren ondotik, hautetsiek sekretupeko bozketa egin zuten. Ohikoa baino boz gutxiagorekin onartu zituzten hiru puntu horiek: lurralde proiektuaren alde egin zuten hautetsien %66k. Herri arteko fiskalitate planak bozen %51 lortu zituen, eta urte askotako inbertsio plana, berriz, hautetsien %54k onartu zuten.
Lurralde proiektuari buruzko eztabaida, funtsezko kexen adierazle
Euskal Hirigune Elkargoaren batzarrean funtzionamenduari buruz eztabaidatu dute. Konpentsazio legea onartu dute, ia aho batez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu