Europako migrazio politikak salatzea helburu, Kanaria uharteetan da atzotik Mugak Zabalduz karabana. Herenegun arratsaldean abiatu ziren hainbat euskal herritar Kanarietara, karabana antolatzen eta hartan parte hartzen ari baitira Euskal Herriko ehun lagun inguru, Europako hainbat herrialdetatik joandako bertze 250 bat lagunekin batera.
Atzo goizean abiatu zuten karabana, Kanaria Handiko La Isletan, eta uztailaren 24ra arte hainbat ekintza eta protesta eginen dituzte uharteetan. Migrazioaren egoera orokorra salatzea ez ezik, Kanarietako egoera ezagutu eta uharte horietan migrante eta errefuxiatuekin lan egiten duten erakunde eta pertsonekin «sareak» sortzea dute helburua.
Elkarte ugari aritu dira karabana antolatzen: Euskal Herriko Mugak Zabalduz taldeaz gain, Caravana Abriendo Fronteras, Carovane Migranti, Caaniako Rete Antirazzista, Tous Migrants, La Terre Pour Tous eta Mugimendu Migratzaile Mesoamerikarra.
Karabanari esker, hainbat salaketa egin nahi dituzte, Mugak Zabalduz-ek BERRIAri azaldu dionez: Europaranzko bidean gertaturiko heriotza eta desagerpenak gaitzetsi nahi dituzte, baita «duinak ez diren baldintzetan» jendea atxikitzea ere. Migratzeko eskubidea ere aldarrikatu nahiko lukete, baina baita, era berean, «migratu behar ez izateko eskubidea» ere. Horretarako, halaber, «beharturiko lekualdatzeen zergatiak» ikusarazi nahiko lituzkete, baita «gerraren negozioa» eta mugen «militarizazioa» ere. Azkenik, migranteek jasaten dituzten eskubideen urraketak, lan esplotazioa eta sexu indarkeria ere deitoratuko dituzte eginen dituzten protestetan, baita arrazakeria ere.
Kanarietako egoera
Karabanak ez ditu kasualitatez hautatu Kanaria uharteak, azaldu dutenez, bereziki salagarria baita han gertatzen dena: «Ezin dute jarraitu harrera zentroetan eskubide urraketak eta baldintza ez-duinak mantentzen». Karabanak salatu du, halaber, ekainaren lehen hamabostaldian 481 lagun desagertu zirela Kanaria uharteetara iritsi nahian. Bertze «izenik gabeko» hamabortz lagun Kanaria Handian lurperatu zituzten. «Heriotzaren politika europarra ageriko isiltasun batean hedatzen da, eraginkortasun ikaragarriz».
Kanarietan da migrazio politiken aurkako Mugak Zabalduz karabana
Migranteen egoera salatuko dute uztailaren 24ra bitarte. Tartean dira Euskal Herriko ehun lagun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu