Laborarien lan eta bizi baldintzak aldeztu ditu ELBk urteurrenean

Banku, instituzio eta supermerkatuen irabaziak eta egiteko manerak deitoratu dituzte laborari sindikatuko kideek, Donibane Garazin

ELB sindikatuak antolatutako manifestazioa, atzo, Donibane Garazin. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Donibane Garazi
2022ko irailaren 11
00:00
Entzun
«Prezioak emendatu dira, baina sos hori ez doa laborarien sakelara». Azken hilabeteetako inflazioak laborariengan duen eragina deitoratuta abiatu zuten protesta, atzo eguerdian, ELBko kideek. Manifestazioa egin zuten Donibane Garaziko karriketan barna, laborari sindikatuaren 40. urteurrenaren karietara antolatu zuten ospakizun egunaren barnean. Banku, instituzio eta supermerkatuen irabaziak eta egiteko manerak salatu zituzten ibilbidean zehar egin zituzten hitzartzeen bidez, «ELB beti aitzina» oihuen artean. Jende andanak parte hartu zuen mobilizazioan.

Credit Agricole bankuaren aitzinean egin zuten lehen geldialdia. Laborariak sostengatzeko sortu zen egiturak iazko urtean 9.000 milioi euroko irabaziak izan zituela ohartarazi zuen Maritxu Lopepe ELBko kideak. «Interesak hemen, fresak hortxe, kotizazioak bestalde, bipiltzen gaituzte. Mailegu bat fini delarik, atean joka beste bat hasi dezagun. Proiektu txikiekin mesfidati, eta handiak beti sostengatzen; ekonomikoki ez badira bizigarri ere, eta laboraria zorpetuko dela jakinik ere», salatu zuen.

Herriko etxe aitzinean gelditu ziren ondoren, Frantziako eta Europako instituzioen sinbolo gisa hartuta. NPB Europako Nekazaritza Politika Bateratua nola kudeatua den deitoratzeko baliatu zuen Mirentxu Auzkik. «60 urte Frantziako Estatuak eta Europak diru publikoa banatzen dutela laborantza industrialaren alde. Erreformak bata bestearen gibeletik lerrokatzen dira, eta ez da deus aldatzen». Azken urteetan galdu diren etxaldeen kopurua eman zuen, «desagerrarazi» erranez. «Ez baitute borondate politikorik lobbyen kontra joateko, etxalde txikien laguntzeko».

Azkenik, Donibane Garaziko Carrefour supermerkatuaren aitzinean gelditu ziren. Kate handi horiek laborariak itxurarako erabiltzen dituztela erran zuen Beñat Etxeto ELBko kideak, haien kontura «irabazi handiak» egiten dituztela nabarmenduta. Frantziako supermerkatu kate nagusiek izan dituzten irabaziak zerrendatu zituen. «Elikagaien prezioak %12 emendatu dira. Zuen etxaldeetan emendatze hori izan duzue?», galdetu zien laborariei. Laborariek supermerkatuetan egin izan dituzten ekintzak gogoan hartu zituen, eta berriz halakoetara itzuli beharko dutela aurreikusi.

Babes zabala

Jende andana batu zen ELBren ospakizun egunera, eta beste eragileetako kideak ere agertu ziren, hala nola alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragileetakoak. Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak azaldu zuenez, «ELBrekin bat egiten dugu nekazaritza munduak behar dituen premiazko neurriak aldarrikatzeko. Beharrezkoa da lehen sektorea babestea». Amaia Muñoa ELA sindikatuko idazkari nagusiaren albokoak ere ELBren lana goraipatu zuen: «Azpimarratzekoa da ELBk beste eragile batzuekin batera laborantza jasangarri baten alde egiten duen lana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.