Baldintzapeko askapenak indartu nahi ditu Tapiak, gizarteratzea xede

Jaurlaritzak jardunaldi batzuk egin ditu eragileekin, etorkizuneko espetxe ereduaz hitz egiteko

Beatriz Artolazabal eta Jaime Tapia, atzo, Gasteizko Europa jauregian. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxe eredua lantzeari ekin dio. Euskal espetxe eredua izenpean, jardunaldiak antolatu zituen atzo Gasteizen, eta, eredua lantzen ari diren adituetako batzuek lehen asmoen berri eman zuten. Jaime Tapia Jaurlaritzaren espetxe eskumena kudeatzeko aholkulariak Euskadin espetxe eredua ezartzeko oinarriak dokumentua izan zuen mintzagai, eta, azpimarratu zuen garrantzitsua dela erdi-askatasunezko erregimenak, hirugarren graduak eta baldintzapeko askapenak indartzea. «Hori da abiapuntua: erregimen horiekin, arrakasta handiagoa izan ohi da askatasunaz gabetuta dauden pertsonak gizarteratzean».

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak apirilaren 16an lortu zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeen kudeaketari lotutako eskumenaren akordioa, eta Transferentzien Batzorde Mistoa maiatzaren 10ean bildu zen ituna izenpetzeko. Espetxeen arloko eskumenaren eskualdaketa, ordea, urriaren 1etik aurrera gauzatuko dute, eta helburua da 2022ko urtarrilean jartzea martxan eredua, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak atzo ohartarazi zuenez. Izan ere, Jaurlaritzak uste du «lan handia» egin behar dela transferentzien prozesuan, eta «ongi egin behar» dela. Eskualdaketa gauzatzen denean, 1.300 preso inguru egongo dira Jaurlaritzaren ardurapean, eta ia 700 langile edukiko ditu. Horretarako, urratsak egin behar dira.

Espetxe ereduak «gizatiarragoa eta hurbilagoa» izan behar duela adierazi zuen Artolazabalek, eta «laguntza nahi duenari lagunduko» diola. Hala ere, erantsi zuen «biktimen eskubideak eta beharrak» ez direla galduko: «Bizikidetzarako eta normalizazio politikorako aktibo bat izan behar da». Horrekin batera, gogoan izan zituen ETArekin lotuta zigortutako presoak ere. Haren arabera, aldaketa honek ez du «tratu berezitu bat» ekarriko haientzat, eta nabarmendu zuen halako mezuak zabaltzea «manipulatzailea» dela. Azaldu zuenez, Jaurlaritza espetxeen antolakuntzaz eta funtzionamenduaz arduratuko da, eta gainontzekoa Espainiako Gobernuaren ardura da.

Martuteneko (Gipuzkoa), Zaballako (Araba) eta Basauriko (Bizkaia) espetxeetan dauden presoekin lanean aritzen diren hogei elkarte inguru ere batu ziren atzo. Haien hitza entzutearekin bat, Artolazabalek adierazi zuen espetxe ereduaren «etorkizuneko zumeak» jartzen hasteko garaia dela: «Iritziak entzuteko abian jarritako prozesu honen bidez, gure kartzeletako espetxe sistemaren premiak, hobetu beharreko arloak, indarguneak eta ahulguneak aztertu nahi ditugu». Haren hitzetan, elkarteetako batzuek esperientzia «luzeak» dituzte, hala nola gazte justiziaren eremuan, eta, beraz, beharrezkoa da horiek ereduarentzako «ispilua» izatea. «Hori da oinarritzat hartu behar duguna; heziketa eta birsozializazioa dira prebentziorako eta berriz erortzea saihesteko dauzkagun tresnarik onenak».

Jardunak, hamabi arlotan

Tapiak, barkamena eskatu, eta gazteleraz eman zuen hitzaldi osoa, baina ez zen bakarra izan; hala egin zuten beste guztiek ere, hitz bakan batzuk izan ezik. Espetxeen ereduaren dokumentua hizpide, ohartarazi zuen bertan jasotako asmoak «balio eta garrantzi berekoak» direla, eta baita «bateragarriak» ere. Prozesu horretan, ordea, argi du preso dagoenaren «konpromisoa eta aldaketarako prestasuna» ere beharrezkoak direla: «Gizarteak, oro har, itun bat egiten du askatasunaz gabetutako pertsonarekin; horrek, zenbait onura edo laguntzaren truke, konpromisoa hartzen du bere gain hartzeko ahalegin kolektibo horren ondoriozko eskakizunak». Erantsi zuen lehentasuntzat ezarrita dagoela delituen biktimen beharretan arreta jartzea ere.

Helburuak erdiesteko, hamabi jardun eremu zehaztu dituzte dokumentuan: genero ikuspegia lantzea; gurasoak preso dituzten haurren interesei erantzutea; gaixotasun larriak eta sendaezinak dituztenen, eta 70 urtetik gorakoen egoera aztertzea; presoen osasun mentala aztertzea; urritasun intelektualen bat dutenen prozesuei erreparatzea; justizia administrazioko abokatuekin neurriak adostea; justizia errestauratiboa lehenestea; gizarte zerbitzuekin aritzea; kanpoko eragileekiko elkarlana indartzea; espetxeetako langileen lana goraipatzea eta indartzea; espetxeko lana sustatzea; eta kondena luzeen kasuak aztertzea.

Tapiak esan zuenez, biktimek eskubidea dute egiarako, justiziarako, memoriarako, erreparaziorako eta elkartasunerako, eta uste du justizia errestauratiboa biderik «egokiena» litzatekeela horretarako. Artolazabalek ere horren alde egin zuen herenegun, eta Gema Varona Kriminologiaren Euskal Institutuko ikertzailea ere horretaz aritu zen atzo. «Delituaren eta erantzunaren inguruko printzipio multzo bat da justizia errestauratiboa». Besteak beste, azaldu zuen delitua egin duenak onartu egin behar duela bere jarrera ez dela onargarria, ondorio errealak dituela, eta komunitateak, berriz, prozesuan parte hartzeko erantzukizuna duela.

Justizia mota horren onurak ere aipagai izan zituen Varonak. Besteak beste, azaldu zuen halako prozesu batek bermatu dezakeela biktimek ahotsa izatea eta haiek entzunak sentitzea; azaldu zuen biktimen errekuperazioa ere erraztu dezakeela eta, aldi berean, prozedura penalei «alternatiba bideragarriak» eman diezazkiekeela. «Biktimak, erreparazioa, elkarrizketa, erantzukizuna eta bitartekoak: horiek dira programa errestauratiboen funtsezko elementuak».

Andreak eta kartzela

Maria Ruiz Torrado EHUko irakasleak emakume presoen egoera izan zuen hizpide. «Zigor bikoitza da emakumeentzat; espetxe zigor batetik harago, handiagoa da genero sistemarekin eta andre izatearekin lotutako zigorra». Haren iritziz, hori hiru mailatan azaleratzen da. Batetik, uste du preso dauden andreek sozialki «gaitzespen sozial handiagoa» jasaten dutela; legea ez dute bete, eta ezta genero eraikuntzan ezarritako arauak ere. Pertsonalki, «lotsa eta errua» ere sentitzen dute, historikoki emakumeei ezarri zaien zaintzaren ardura ezin dutelako bete, adibidez.

Ruizek, ordea, batez ere hirugarren mailan egin du azpimarra: espetxeen alorra. «Emakumeek sakabanaketa geografiko handiagoa jasaten dute, kartzeletako lekurik kaskar eta okerren hornituetan egoten dira, eta barne antolaketan arreta gutxiago jartzen zaie». Horrez gain, ondorioztatu du espetxeetako beharretan emakumeek lan gehiago egiten dutela, baina haien baldintzak txarragoak direla, okerren ordaindutako lanak egiten dituztelako: garbiketa, adibidez. «Sexu asimetria estrukturala da, eta eremu ezberdinetan erreproduzitzen da; espetxe sistema, betidanik, oso maskulinoa eta androzentrikoa da, eta andreek gutxiengo bat osatzen dute; horrek kalteberago bilakatzen ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.