Ordezko irakasleen erruleta

Irakasleen ordezkapenak kudeatzeko sistemak ezinegona sortu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza komunitatean. «Kaosa» eta «begirunerik eza» salatu dute ELA eta LAB sindikatuek.

ELA eta LAB sindikatuek Hezkuntza Sailaren aurrean atzo goizean eginiko protesta. JUANAN RUIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
2019ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Urtzi Ugalde andoaindarra (Gipuzkoa) Lehen Hezkuntzako irakaslea da, eta izena emanda dago Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren zerrendetan, ordezkapenak egiteko. Ikasturte hasieran, behin-behineko lanpostua eman zioten Donostiako Amara Berri eskola publikoan. Jaurlaritzaren Ordezkagune sistema telematikoaren bidez jaso zuen eskaintza, eta aplikazio horrekin eman zuen baiezkoa ere. Ikastetxera iritsita, ordea, konturatu zen lan baldintzak ez zirela hasieran eskaini zizkiotenak: «Lehen egunean, eskolako arduradunek esan zidaten nire postua ez zela lanaldi baten bi herenekoa, nik eskatu bezala, baizik eta askoz murritzagoa, eta soldatan ere alde handia zegoela».

Hezkuntza Sailera jo zuen, eta beste lanpostu bat eskaini zioten, lanaldi osokoa: Heziketa Fisikoko irakasle postua, Arrasateko eskola publikoan. «08:30erako han nintzen; sartu eta berehala, zuzendariak argitu zidan lanpostua ez zela lanaldi osokoa, erdikoa baizik. Soldata horrekin, ozta-ozta ordaintzen ahal dut Andoaindik Arrasatera goizero-goizero joateko kostua». Hezkuntza Sailean erreklamazioa aurkeztu zuen atzera ere, eta beste postu bat egokitu zioten, hirugarrena. Horretan ere, kale: «Ostiralean eman zidaten lanpostua, astelehen goizean han agertu, eta lanaldia ez da nik eskatutakoa, askoz murritzagoa baizik». Hezkuntza Sailean hirugarren erreklamazioa aurkeztu ostean, hango arduradunek esan diote «arazoa aztertuko» dutela, baina ez diote konponbide zehatzik eskaini. «Txotxongiloen gisara maneiatzen gaituzte», laburbildu du.

Ugalde ez da Hezkuntza Sailaren kontratatzeko sistema «kaotikoa» kritikatu duen bakarra: lanpostu bera bizpahiru pertsonari eskaini dietela, existitzen ez den lanpostu bat eman dutela... Dozenaka irakaslek salatu dute arazo ugari eragin dituela Ordezkagune aplikazioak. «Amorru handia eragiten du egoera honek», azaldu du bere izena eman nahi ez duen irakasle bizkaitar batek. Iragan ostegunean, lanaldi erdiko plaza eskaini zioten Eltziegon (Araba); hara deituta, ordea, lanpostu hori hartua zegoela argitu zion eskolako zuzendaritzak. «Irail hasieratik beteta zegoen toki hura. Hezkuntza Saileko ordezkaritzara deitu nuen argibide eske, eta telefonoa esekitzen zidaten zuzenean».

«Disfuntzio txikiak»

ELA eta LAB sindikatuek bat egin dute irakasleek agertutako ezinegonarekin. Atzo, adibidez, protesta egin zuten Gasteizen, Hezkuntza Sailaren «aurreikuspen falta» salatzeko. LABeko ordezkari Jokin Zubiriaren esanetan, Jaurlaritza «inprobisazioz» ari da postuak eskaintzen, «adostutako irizpideak aintzat hartu gabe». Horren ondorioz, salatu du langile askok antzinatasunagatik dagozkien lan baldintzak baino okerragoak onartu behar izan dituztela: «Askotan, etxetik ehunka kilometrotara dauden lanpostuetan».

ELAko Ziortza Bocanegraren aburuz, sektorearen prekaritatea eta behin-behinekotasuna da arazoaren oinarri nagusia: «Irakasleen %40 inguru behin-behinean daude, eta horri aurre egiteko bide bakarra da protesta eta mobilizazioena».

ELAko eta LABeko ordezkariek gaineratu dute «kexa ugari» jaso dituztela, irailaren 10ean Ordezkagune sistema martxan jarri zenetik. Hezkuntza Sailak maiatzean abiatu zuen aplikazio telematiko berria, baina irailean kolapsatu da, ikasturte hasierarekin batera kontratazioak eta lan bolumena handitu direnean.

Behin-behineko irakasleen eta sindikatuen protesten aurrean, sistema berriaren onurak nabarmendu ditu Olatz Garamendik, Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak. Haren irudiko, «gardentasun handiagoa eta kudeaketa hobea» eskaintzen ditu Ordezkagunek. Aitortu du «disfuntzio txiki batzuk» antzeman dituztela, baina «normala» dela argudiatu du: «Gorabeherak aztertuko ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.