Segregazioaren aurka ehunduz

Eusko Ikaskuntzak eta Eusko Jaurlaritzak antolatuta, eskola segregazioaz hausnartzeko jardunaldi bat egin dute. 2023an erdietsi asmo duten segregazioaren aurkako itunari ekarpenak egiteko baliatu dute

Ezkerretik eskubira, Gallastegi, Claveria, Elordui, Kamel eta Salbotx, atzo, Donostiako Miramar jauregian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2022ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Eskola segregazioa; alegia, maila sozioekonomiko edo jatorri bateko ikasleak eskola jakin batzuetan elkartzea. Horixe da hezkuntza sistemaren arazo nagusietako bat. Edo, beste era batera begiratuta, erronka. Auzi horri heldu zioten atzo Donostiako Miramar jauregian, Askotariko segregazioari nola erantzun hezkuntza sistematik? Adostasunerako bide partekatu baterako oinarriak foroan. Eusko Ikaskuntzak eta Eusko Jaurlaritzak antolatuta, adituen hitzak entzun eta esperientziak partekatu zituzten; finean, eskola segregazioaren inguruko adostasunak eta desadostasunak mahai gainean jarri, eta ehunak iruten saiatu ziren. Lehen pausoa izan zen 2023rako Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak lortu nahi duten segregazioaren aurkako herri itunerako, saioa horretara soilik bideratu ez bazuten ere.

«Erronka handia». Bi hitz horiek erabili ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek segregazioa zer den azaltzeko. Bat egin du Ana Urkizak, Eusko Ikaskuntzako lehendakariak: «Segregazioari aurre egiteko neurriak hartzea da gizarte aurreratu gisa daukagun erronka nagusietako bat, hezkuntzatik bertatik hasita».

Bildarratzen esanetan, badu «konpromisoa», «aukera berdintasunean oinarritzen den euskal hezkuntza sistema» garatzeko. Agindu du neurriak eta politikak martxan jarriko dituela eta jartzen ari direla. Azken egunetan eztabaida sortu duen eskola plangintzari ere keinu egin dio: «Plangintza arrazionalizatzea sustatuko dugu. Egungo jaiotze tasaren jaitsieraren testuinguruan, eskariaren beharretara egokitutako eskaintza bat egin behar dugu, gehiegizko eskaintzak saihestu». Segregazioa murrizte aldera, neurriez gain, akordioa beharrezkotzat du: «Hezkuntza komunitatearekin elkarrizketa aktiboko prozesu bat bultzatu nahi dugu, 2023an eskola segregazioaren aurkako itun bat lortzeko. Bidea hasita dago».

Eta bide hori urratzeko baliatu dute saioa. Xabier Aierdik, Begirune fundazioko presidenteak, segregazioak haren irudiko duen esanahia zehaztu du: «Benetako segregazioa klase sozialen araberakoa da». Horren itzalen berri eman du: «Hirietan dago aberatsen deslokalizaziorik handiena. Azken finean, ahal dutenek globalizatu egiten dituzte beren seme-alabak: autobusa hartzen dute, eta inguruko zentroetara eramaten dituzte. Pobreak beren auzoan geratzen dira». Baina ikusten du buelta emateko aukera. Nola? Segregazioaren neurgailu bat adostuz eta politika instituzionalaren bidez: «Gizarteak egingo ez duena, azken finean, instituzioetatik egin behar da».

Paperetik ikasgeletara

Hitza hartu dute segregazioa egunerokoan gertu-gertutik ikusten dutenek ere. Mahaiaren bueltan elkartu dira Moufdi Kamel Biltzen Gizarteratze eta Kulturarteko Bizikidetzaren Euskal Zerbitzuko kidea, Tamara Claveria Amugeko ijito emakumeen elkarteko lehendakariordea, Irantzu Gallastegi Gasteizko Aranbizkarra ikas komunitateko zuzendaria eta Josune Elordui Bilboko Angeles Custodios ikastetxeko zuzendaritza taldeko kidea, Nora Salbotxen gidaritzapean.

Kamelek, hasteko, definizioa eman du: eskola batek atzerritar jatorriko ikasle kontzentrazio handia du ikasleen erdiak baino gehiago halakoak direnean. Hori saihestu behar dela nabarmendu du, banaketa orekatuak abantailak baititu: «Gutxien segregatutako hezkuntza sistemek eskola errendimendu onena dute. Gutxiago segregatu behar dugu, emaitza gehiago lortzeko». Baina nola lortu hori? Kamel: «Ikasleen heterogeneotasuna da irtenbidea. Nahasten garenean, asko ikasten dugu».

Ijitoetan zentratu da Claveria. Bizkaiko datuen bidez erakutsi du egoeraren gordintasuna: ikasleen %75 110 ikastetxetatik 33tan daude; ia %64k eskola porrota pairatzen dute; goi mailako ikasketetara %0,29 iristen dira; eta Bilboko emakume ijitoen %6k daukate eskola graduatua. Claveriak argi esan du eskola batzuek eta besteek ez dituztela neurri berean jasotzen ijitoak. Hortaz: «Uste dugu hezkuntza publikoa blindatu behar dela».

Ikasleen aniztasuna kudeatzea eguneroko ogia dute Aranbizkarran eta Angeles Custodiosen. Gallastegik ikastetxearen izaera «inklusiboa» goretsi du, eta ideia bat azpimarratu: ISEK indize sozioekonomiko eta kultural baxua edukitzeak ez du esan nahi eskola porrotera kondenatuta daudenik. Ikasle ororengan «espektatiba oso altua» jartzea ere ezinbestekotzat dauka. Elorduik, berriz, gogoetarako tartea zabaldu du: «Eskola inklusibo bat, kultura asko daudena, erlijio pila bat, gaitasun desberdin asko, eta jaramon egiten zaienak zainduz, bikaintasunez eta errekonozimenduarekin... Hori segregazioa da? Eta paradoxikoki ez al da segregazioa eskola homogeneo bat, ezaugarri oso antzekodun ikasleekin? Ez al dira mundu artifizial, babestu eta bunker batean bizi?».

Hasiera baino ez da izan foroa. Eztabaidak jarraituko du kalean eta instituzioetan. Eusko Ikaskuntzak zehaztu du hurrengo data: irailaren 10ean bilduko dira berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.