Donostiako Udal Liburutegiari Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren izena jartzeko eskaera berritu zuten atzo, Donostiako Antigua auzoan, Txillardegik hirian duen oroigarri bakanean: haren omenezko horma irudian. Mikel Herrerok egin zuen, duela lau urte, eta artista berak berritu egin du orain, kresalak erasan egin baitio ordutik. Lehengo irudi bera da, baina Txillardegiren aurpegiaren alboan liburu gehiago ageri dira irudi berrituan. Idazle, hizkuntzalari eta politikari horren heriotzaren hamargarren urteurreneko ekitaldi nagusian aurkeztu zuten, dozenaka lagunek inguratuta.
[YouTube]https://youtu.be/ad7IW063lOo[/YouTube]
Omenalditik eta aitortza esketik, bietatik izan zuen ekitaldiak, baina lehena gailendu zen hasieran, banantzerik balego. Txalapartaren eta txistuaren erritmoan egindako dantzaren ondotik hartu zuen hitza Fito Rodriguez Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimeneko kideak. Txillardegik batez ere hizkuntzalaritzan egindako ekarpena gogoratu zuen hark. «Euskara batuaren beharra identifikatu» izana nabarmendu zion: «Batzuek pentsatzen zuten euskara dialekto bat zela, eta beste batzuek, berriz, euskara ez zela hizkuntza bat, hizkuntza multzo bat baizik». Uste horiei kontra egin ziela azaldu zuen: «Esan zuen ezetz, bakarra zela eta batasuna behar zuela».
«Euskararen ezagutzaren inguruko proposamena» garatu zuela ere nabarmendu zuen, baita hori «gizarteratzen» asmatu zuela ere. Gainera, ezagutzaren eta erabileraren arteko harremana problematizatu zuela oroitu zuen: «Planteatu zuen ezagutzarekin bakarrik ez gindoazela inora, erabilera ere behar zela. Eta soziolinguistikan bide berriak proposatu zituen». Proposamen «zehatzak» egin zituen, haren esanetan: hala nola «soziolinguistika matematikoa» eta «erabilerari buruzko inkestak». Txillardegik «hizkuntza politika eta glotopolitika» berritu zituela uste du Rodriguezek; besteak beste, «elebitasun orekatuaren mitoaren» bitartez. «Euskara hizkuntza moderno» izan zedin egindako ekarpena goretsi zion.
Horregatik guztiagatik jasotako «ordaina» zein den galdetu zuen ondoren, eta hark berak erantzun, omenaldia egin zuten lekuaren izena hizpide hartuta: «Ordaina da hau dela Txillardegi plaza, baina ofizialki Gaskuina plaza dela. Hor goian dago Lugaritz, eta edozein tokitan daude toponimoen erreferentziak, hemen izan ezik. Hemen toponimikoa Txillardegi zen, baina, hala izan ez zedin, Gaskuina plaza izendatu zuten». Salatu zuen Donostiako Udalak azken hamar urteetan uko egin diola Txillardegiri aitortza ofiziala egiteari. Ezarritako «zentsura izugarria» da arrazoia, haren esanetan. Hala ere, izena aldatzeko abiatutako egitasmoarekin jarraitzen dutela esan zuen.
Izan ere, idazle talde batek proposatu zuen duela hamar urte liburutegiari izena aldatzea, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egindako agerraldi batean. Han izan ziren zenbaitek sustatuta, sinadurak biltzen ari dira, eta dagoeneko ia 1.500 badituztela jakinarazi zuen Rodriguezek. «Elkarbizitza herritar honetan irekita dagoen zauria, ia-ia zornatuta dagoena behar bezala orbaindu» nahi dutela adierazi zuen.
Eskaera hori egiten aritu izan den idazle taldearen aniztasuna azpimarratu zuen Rodriguezek. Eskaera berrituaren lema hartu dutenetako bat Joseba Sarrionandia dela esan zuen, aurrez haren Han izanik hona naiz liburuko pasarte bat irakurrita. «Han izanik, hemen da, gure artean, eta babesten, bere presentziarekin, gure aldarrikapena».
Orain arte halakorik jaso ez izanagatik, aurten aitortza ofizialaren bidean aurrerapausorik izango den «itxaropena» badutela azaldu zuen Rodriguezek: «Urtea hasten ari da, eta pentsatzen dugu bidea egon daitekeela gure aldarrikapen honi irtenbidea emateko». Halaber, azken urteetan urratsak egin direla azpimarratu zuen. Horien artean kokatu zituen Oñatiko Udalak (Gipuzkoa) aho batez onartu izana Arantzazun Txillardegiren omenezko plaka bat jartzea. Baita Hendaiako Udalak (Lapurdi) herri egitasmoari babesa agertu izana ere. Udal hori «sozialistek kudeatutakoa» dela gogoratu zuen Rodriguezek.
Izendegiak izanaz dioena
Txillardegiri falta zaion aitortza beste hainbatek jasoa dutela oroitarazi zuten Beñat eta Unai Gaztelumendi bertsolariek, kantuan; tartean, hainbat monarka, jauntxo eta jeneralek. «Etorbide zabala da Isabel II.a/ Karlos I.a ez da ez periferia/ Maria Kristinak dauka bere jauregia/ eta Txillardegik non du liburutegia?», kantatu zuen Unai Gaztelumendik. Bi anaien artean osatutako bertsoari Beñat Gaztelumendik eman zion amaiera: «Zein da Donostiaren iruditegia?/ Zeinen izena dugu, zeinen aurpegia?/ Justua izan dadin gure izendegia/ Txillardegik behar du liburutegia». Euskal Herrian euskaraz abestu zuten bertaratutakoek ondoren, eta borobilean zazpi jauziak dantzatuz eman zioten amaiera ekitaldiari.
Ez hurrengora arte oraindik, halere: Txillardegiren omenez osatutako egitarauan azken ekitaldi bat izango baita. Txillardegiren antologiako bi liburu aurkeztuko ditu Jakinek etzi, 19:00etan, Donostiako San Telmo museoan: Txillardegi: euskalgintza eta Txillardegi: intelektuala eta gizartea.