Eskola partikularren itzala

Esade Ec Polek eskola partikularren inguruko joerak ikertu ditu. Gastatzeko gaitasun handiena dutenen umeak jakintza zabaltzeko eskoletara joaten dira, batez ere; gutxiago dutenenak, errekuperatzekoetara.

Haur bat musika ikasten, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Matematika, ingelesa, biolina edo robotika. Asko eta asko dira ikastetxean euren ohiko ordutegia amaitu bezain pronto eskola partikularretara joaten diren ikasleak. Eta, horrenbestez, eskola partikularren merkatuak milaka euro mugitzen ditu. Euskal Herri osoko daturik ez dago, baina ideia bat egiteko: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Haur Hezkuntzako bigarren ziklotik Batxilergora arteko ikasleen %56 joaten dira eskola partikularretara, eta familiekumeko 274 euro gastatzen dituzte urtean, batez beste. Esade Ec Polek argitaratu berri duen Educacion en la Sombra en España [Itzaleko hezkuntza Espainian] txostenetik ateratako datuak dira.

Bada azterlanaren izenburutik bertatik behin eta berriz errepikatzen den hitz bat: itzala. Zergatik? Bi arrazoi eman ditu dokumentuaren egileetako batek, Juan Manuel Moreno Esade Ec Poleko kideak. Bat: iluna delako zergen ikuspuntutik. «Kalkulatzen da merkatuaren %85 inguru ezkutuko ekonomia dela». Horrek badu eraginik: «[Familiek] Beren asmo onenarekin gastatzen dute, baina jakin gabe zerbitzu hauek zenbateko kalitatea duten». Eta bi: eskolatze formalaren itzala izan daitekeelako, eskola partikularrak «arau» bihurtuz gero hezkuntza formala «jan» dezaketelako. «Hain justu, ez dugu horretara iritsi nahi».

Eta, egun, zer toki dute eskola partikularrek? Eta norentzat dago tokia eskola partikular horietan? INE Espainiako Estatistika Institutuaren bi inkestetan oinarrituta, lau talde sailkatu dituzte: curriculumeko irakasgai zentralen eskola partikularrak, hizkuntzen arautu gabeko ikasketak—batez ere, ingelesa ikasteko akademiak—, irakaskuntza artistikoen arautu gabeko ikasketak—musika akademiak, antzerkia, plastika...—eta bestelako partikularrak —ikasketa tekniketatik hasi eta robotikaraino—.

Morenok azaldu duenez, «elkarrekin zerikusirik ez duten» bi multzotan banatu dituzte. Batetik, indartzera eta berreskuratzera bideratutakoak daude: «Familiek horietara jotzen dute ikusten dutenean seme-alabek zailtasunak dituztela edo ikasgairen bat ez dutela gaindituko». Bestetik, jakintza zabaltzekoak eta perfekzionatzekoak daude: «Oso ondo doazen umeentzat dira, ez gainditzearekin arazorik ez daukatenentzat. Ondo moldatzen da matematikan, eta matematika aurreratuko eskoletara bidaltzen dute, edo ondo moldatzen da hizkuntzekin, eta beste hizkuntza bat ikasteko eskolekin hasten da».

Baina ikasitakoa indartzeko edo aberasteko balio duten bezala, eskola partikularrek balio dezakete arrakalak handitzeko ere. Izan ere, seme-alabentzako eskola partikularrak kontratatzeko garaian, familien gastatzeko gaitasuna da eragin handiena daukan aldagaia, Morenoren esanetan: «Zenbat eta gastatzeko gaitasun handiagoa izan, orduan eta gehiago kontsumitzen dituzte eskola partikularrak». Baina ez da soilik eskola partikular gehiago hartzeko aukera dutela: «Gastatzeko zenbat eta ahalmen handiagoa eduki, [familiek] gehiago bidaltzen dituzte bereizteko eskola partikularretara; zenbat eta aberastasun txikiagoa eduki, gehiago joaten dira atzean ez geratzeko».

Lehenengo multzoko eskola partikularrak dira nagusi, esaterako, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: «[Eskola partikularretarako erabilitako diruaren] %61 hizkuntzetarako izaten da». Errefortzura edo berreskuratzera doazen ikasleen ehunekoa, ordea, «oso txikia» da.

Morenoren irudiko, «albiste oso ona» da hori, sistema porrot egiten ari ez den seinale baita: «Uste dut errealistagoa dela ondorioztatzea familiei asko interesatzen zaiela eta asko gastatzeko prest daudela beren seme-alabek hizkuntzak ikas ditzaten, eta, zehazki, ondo hitz egin dezaten ingelesez».

Aberastasuna nagusi izan arren, badago beste aldagai bat ere eskola partikularretan gastaturikoa baldintzatuko duena: ikasleen adina. Zenbat eta zaharragoa izan, gastua handiagoa da: «Lehen Hezkuntzako ikasleekin gehiago gastatzen da Haur Hezkuntzakoekin baino; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan Lehen Hezkuntzan baino gehiago gastatzen da, eta Batxilergoan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan baino gehiago».

Aspaldiko «merkatua»

Eskola partikularren merkatua ez da egun batetik bestera sortua. Morenok argitu duenez, «duela mende askotatik» existitu izan da. Baina hedatu egin da azkenaldian: «Orain zera gertatzen da: Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eskolatzea zabaldu den heinean, eskolatze formalaren itzalean hazten den merkatu hau ere zabaldu egin da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.