Inork ez du zalantzan jartzen erosleak dendetara itzuliko direla, baita harremanetarako eta esperientzietarako ekintza gisa ere. Hala ere, irekitzean, ezezaguna zaien lurralde bat zabalduko zaie begien aurrean, eta desatsegina; ez da lehen bezalakoa izango, hasieran behintzat, eta normaltasunerako bidaia horretan zalantza eta traba asko sortuko dira. Gainera, kontsumo ohitura batzuk moldatu behar izan dituzte konfinamendu denboran. Adituen arabera, oraindik goizegi da horiek errotuko diren ala ez ikusteko. Baina batekin zalantzarik ez dute: Internet bidezko erosketekin.
«Egunotan denerako erabiltzen ari gara sarea, eta pertsona batzuek deskubritu dute zer aukera ematen dituen; bereziki, 60 urtetik gorakoek», azaldu du Jose Juan Beristain EHUko Ekonomia eta Enpresa fakultateko irakasleak. Nabarmendu duenez, konfinamenduak iraun duen denboran, erosketa digitalen bolumenak nabarmen egin du gora, eta, euskal herritarren ohiturak kontuan hartzen dituzten ikerketen arabera, ehun erosletik hiru berriak dira. «Kuantitatiboki, asko da hori; are gehiago, hain denbora gutxian izan dela kontuan hartzen bada. Orain, ikusi beharko da horietako zenbatek iraungo duten. Baina ohitura aldaketetan gakoa izaten da probatzea».
«Kontsumitzaile horiek luzaroko etorri dira», azpimarratu du Nagore Pikazak Aztiko kideakETA berrikuntza teknologikoan aditua. Gaineratu du prozesu hori «oso azkarra» izaten ari zela, eta koronabirusak «bizkortu» egin duela.
Baina dena ez da sarea. Kaleko saltokiez, ikerketek diote gaitzaren hedapenari aurre egiteko ezarritako konfinamendu neurriek eragin dutela gutxiago joatea, irekita daudenetara behintzat, eta ohi baino erosketa handiagoak egitea. Baina hori epe motz-ertainean aldatuko dela uste dute Beristainek eta Picazak: «Jendeak etxetik gehiago ateratzeko beharra izango du, dendetara joan nahiko du. Neurri batean, lehengora itzuliko dira, hasieran traba eta oztopo ugari izango dituzten arren».
Konfinamendu garaian indartu eta ondoren mantendu daitezkeen joeren artean, berriz, osasunarekin loturiko produktuen eta jardueren kontsumoa nabarmendu ditu Pikazak. «Bezeroak gehiago zainduko du segurtasuna: produktuen trazabilitatea, non eta nola ekoizten diren...». Eta «higienearekin loturiko kontuak» ere bai, produktuetan etadenda eta ostatuetan: «Airearen kalitatea eta gisakoak sarituko dituzte bezeroek. Era berean, kirola egiteko joera indartuko da, eta ongizate mentalarekin loturiko jarduerek ere garrantzi handiagoa izango dute».
Konfinamendu garaiko kontsumo ohiturei buruzko ikerketa askok azpimarratzen duten beste joeretako bat da, halaber, gertuko saltokietan erostearen aldeko hautuarena. Hori luze gabe mantenduko dela diote Pikazak eta Beristainek, mugikortasuna eta merkataritza guneen edukierak mugatuta egongo direlako. Baina denborak aurrera egin ahala, uste dute «kontzientzia handien» duten kontsumitzaileek eutsiko diotela, eta gehienak «aurreko ohituretara» itzuliko direla; saltoki handietara, alegia, eta preziorikonenak eskaintzen dituztenetara; Internet bidezko erosketen kasuan, plataforma ezagunetara, bereziki.
Eskaintza eta eskaria
Atzeraldi ekonomikoaren ondorioek ere eragin handia izango dute erosketetan: bereziki, erosteko ahalmenak. Horretan bat datoz aditu guztiak. Hala ere, Pikazak azpimarratu du erosleek orain arreta handiagoa jarriko dutela prezioa ez den «beste elementu» batzuetan. «Kontsumitzaile berri baten aurrean gaude: beste balio batzuk sartuko dituzte erosketa saskietan».
Aldaketak, izatekotan, luzera ikusiko diren arren, antzera pentsatzen du Beristainek. «Krisi honek gauza asko bistaratu ditu: globalizazioaren esanahia ulertzeko modu hoberik ez dago. Uste dut bezeroek garrantzi handiagoaemango diotela ingurumena zaintzeko beharrari, hemengo produktuei, eta komunitateari, oro har. Zorrotzagoak izango dira».
Horren inguruan zalantza gehiago ditu Jose Mansilla Bartzelonako Unibertsitateko antropologoak. «Garrantzitsuena prezioa izango da: gakoa ez da eskaria izango, eskaintza baizik. Dena geldirik dago, eta ez dakigu noiz arte. Gainera, ia dena kanpoan produzitzen dugu: Txinan, nagusiki. Ikusteko dago produktu asko zen kopurutan eta zein prezioetan iristen diren».
Kataluniako Hiri Gatazken Behatokiko kide gisa konfinamendu garaiko kontsumo ohiturak ikertzen ari da Mansilla. Ondorioa: klase sozialen araberakoak dira jarrera horiek, eta izango dira. «Jendeak beste era batera kontsumitzen badu, ez da berak hala nahi duelako, bestela ezin duelako baizik». Gainera, koronabirusak krisi ekonomiko handi bat ekarriko du berarekin batera, eta, haren ustez, horrek «are gehiago pobretuko» ditu herritarrak. «Diru gutxiago duenak merkeen non erosi lehenesten du. Eta hori non aurkitzen du? Kate handietan eta Interneteko plataformetan».
Adibide gisa jarri ditu gazteak. Gogoratu du egun 30 urteren bueltan dabiltzanek bigarren krisi ekonomiko larria bizi izango dutela. «Azkenengo urteetan haiei buruz eman diguten irudia faltsua da: esan digute sarera konektatuta bizi direla, ez direla etxetik ateratzen. Baina hori hala bada, ez da haiek aukeratu dutelako, hori hala egitera behartu dituztelako baizik: diru gutxi dutelako, prekarizazio handianbizi direlako. Nor egokituko da hobekien garai berrira? Ba, diru sarrerak bermatuak dituztenak».
Mansillak dio gauza bera gertatuko dela negozio txikiekin. «Ahal duenak, indartsuenak eutsiko dio». Txikien geroa kolokan dagoela dio, eta aurretik bazetozen joera batzuk errotuko direla: «Merkataritzaren homogeneizazioa indartuko da, eta izugarri handituko da espazio publikoaren merkantilizazioa: kaleko kontsumo azkarra —hartu eta eraman formula— sustatzen duten kate handiekin eta terrazekin. Hiriguneak kontsumorako makinak bihurtu dira».
Komunitatea indartu
Neurri batean Mansillarekin bat dator Ander Iturriotz soziologoa «Jendeak ez ditu bere kabuz garatzen ohiturak eta gustuak; sistemak sortzen ditu, berak ekoizten ditu produktuak eta jartzen merkatuan». Iturriotzek Kultura, Aisialdia eta Kontsumoa ikasgaia ematen du EHU Euskal Herriko Unibertsitatean. Nabarmendu du gertatzen ari denak orain arteko kontsumo eta produkzio ereduak indartuko dituela; ez duela aldaketa handirik ekarriko, «krisia ez bada sistemiko bihurtzen». Baina ez du uste hori gertatuko denik, ez behintzat luze gabe. «Agian, beste ziklo baten hasieran egon gaitezke. Halako egoerek min handia egiten diote kapitalismoari. Zaurituta dago, baina aurrera jarraituko du».
Beristain ere «eszeptikoa» da hainbatek iragartzen dituzten aldaketa sakonekin. «Krisi honek zenbateraino jarriko du kolokan sistema oso bat? Agian, gehiegizkoa da hainbesteko boterea ematea gertatzen ari denari. Aldaketak ez dira hain azkar etorriko».
Hala ere, kontsumo ohituren alorrean biek ikusten dute zirrikiturik jarrera batzuk aldatzeko. Hala dio Iturriotzek, Mansillak esandakoari segida emanez: «Ados, ekonomia kapitalistetan prezioa da gakoa, baina gertatzen ari denak balio dezake kontsumoa birpentsatzeko, kontsumitzaileak eta ekoizleak berrideologizatzeko, gertukoaren alde egin dezaten, azter ditzaten orain arte bultzatu dituzten kontsumo ohitura batzuk edo produzitzeko modu batzuk». Lan horretan bertako instituzioek zeregin handia dutela uste du.
«Honek guztiak balio beharko luke hausnarketa sakon bat egiteko: Non produzitzen da kontsumitzen dugun gehiena? Zein lan baldintzatan eta zein osasun eta higiene neurriekin?», galdetu du EHUKo irakasleak. Bere ustez, eztabaida hori geroz eta gizarte sektore gehiagotan ematen ari da, globalizazioaren ondorioei buruzko beste batzuekin batera. «Sistema honek funtzionatzen du faktoria mundializatu batean egiten direlako produktu gehienak. Kontsumo autobideetatik hedatu da birusa. Orain, makina gelditu da, eta kolapsatu egin da sistema». Irtenbidea argi du berak: produkzioa gerturatu behar da, eta, horrekin batera, kontsumitzaileengana hurbildu. «Orain arte egindakoaz denek hausnartu beharko lukete: bezeroek, ekoizleek eta agintariek».
Horrekin ados dago Beristain. Uste du «kontzientzia hartze» horretatik etor daitezkeela «kontsumo ohitura berriak». «Komunitatearen ideia asko nabarmentzen ari da egunotan. Erosleek laguntza nahi dute egoera berrira egokitzeko». Horregatik, azpimarratu du bezeroez gain prozesu horretan ekoizleek zeregin handia izango dutela aurrera begira. «Krisi honetan bezeroak zorrotzagoak izango dira enpresen portaerekin, euren langileekin duten tratuaren inguruan eta baita gizartearekin dute loturari buruz ere». Beristainek azpimarratu du azken urteetan «gardentasuna, konpromisoa» eta halakobalioak «modan» jarri direla, baina orain enpresek euren «benetako aurpegia» erakutsi beharko dutela. «Ez da marketin eskaintza kosmetikoen garaia; benetako marketinaren garaia da. Komunitatea da hitz gakoa».
Koronabirusa
Bezeroak, zer bezero?
Asteotako konfinamenduak herritar askoren kontsumo ohiturak aldatu ditu. Adituen arabera, horietako batzuk azkar errotuko dira, eta beste asko krisi ekonomikoari ematen zaion erantzunaren arabera mantenduko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu