Txina. Biztanle kopuruaren gainbehera

Pekinek atea ireki die pentsio pribatuei

Biztanleriaren zahartze bizkorra buruhauste bat da Txinako Gobernuarentzat. Pentsioen sistema publikoak mugak dituela iritzita, bankuek kudeatutako sistema pribatu osagarri bat abiarazten ari da.

Adineko emakume bat Shanghaiko parke batean. ALEX PLAVEVSKI / EFE.
Josep Solano
Tokio
2023ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Txinako biztanle kopuruak behera egin izanak, herrialdearen asmo geopolitiko eta komertzialak geldiarazteaz gain, gizarte zaharragoa ekarri du, eta hortxe izango du pentsio sistemak historiako erronkarik handiena. Iazko apirilean, gobernuak lehen pausoa eman zuen, pentsio sistema publikoa ireki baitzien pentsio plan pribatuei, baina Txina erloju bonba demografiko bat da dagoeneko: jaiotza tasa oso apala du, eta biztanleria, berriz, oso zaharra. Gaur egun, 60 urtetik gorako 267 milioi pertsona baino gehiago bizi dira Asiako erraldoian, hau da, biztanleen %20, baina munduko zahartze tasarik azkarrena du. Kalkulatzen da 2050ean ia bikoiztu egingo dela kopuru hori, eta, hala, gehiago izango dira lanean aktibo ez daudenak (%50), aktibo daudenak baino (%20). Horrek guztiz bideraezin bihurtuko du pentsio sistema.

Ikusi gehiago:Demografiaren tunel beltzean sartu da Txina

Iragan urrian egindako azken kongresuan, Txinako Alderdi Komunistak onetsi egin zuen pentsio sistemaren zutabe berria izenekoa: banakako kapitalizazioan oinarritzen da, eta sektore pribatuak soilik kudeatzen du. Hori ez zen oharkabean pasatu, aldaketa historikoa izan baita Txina komunistaren sare sozial, politiko eta ekonomikoan, hots, «ezaugarri bereziko merkatuko sistema sozialista batean». Pentsio sistema berriaren zutabe pribatuak osatu egingo ditu, batetik, oinarrizko aseguru publikoa, zeina nahitaezkoa baita eta estatuak bakarrik kudeatua, eta enpresek eta langileek ordaindua —bai soldatapeko langileek eta bai autonomoek—; bestetik, enpresen barruko langileentzako bizi guztiko errenten sistema osatuko du, zeina borondatezkoa baita, eta modu mistoan kudeatua; eta, azkenik, zerbitzu publikoak osatuko ditu, nahitaezkoak horiek ere, eta estatuak kudeatuak.

Merkataritza eta balore bankuek kudeatuko dute zutabe berri hori, betiere Txinako Bankuak eta Aseguruak Arautzeko Batzordearen baimena izanez gero. Langileek urtean 1.700 euro ordaindu beharko dituzte plan pribatu horretan sartzeko. Beste herrialde batzuetan bezala, zerga arau bereziak ezarriko dituztela aurreikusten da, zenbait muga izango dira funts horiek eskuratzeko, eta oinordetzan utzi ahal izango dira.

Erretiro adinaren igoera da Txinak laster aurre egin beharko dien beste arazoetako bat: gaur egun, 60 urtekoa da Txinako gizon gehienen erretiro adina, eta OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak ezarritako batez bestekoa, berriz, 64,2 urtekoa. Emakumezko funtzionario publikoek 55 urterekin har dezakete erretiroa, eta eskuz aritzen diren emakumezko langileek, 50 urterekin. Eztabaida hizpidera ekarri izan denetan, erreakzio bortitzak izan dira, adineko langileek ez baitute atzeratu nahi erretiroa hartzeko eta pentsioa jasotzeko urtea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.