Lan erreforma. Bozketa Espainiako Kongresuan

Euskal esparru akordioak epaileen esku jarraituko du

Estatalizazioan aurrera egin dute Espainiako Gobernuak, CEOEk eta CCOO-UGT sindikatuek. Esparru itunak ez du berme juridikorik lortu

Gehiengo sindikalak Bilbon egindako manifestazioa, aurreko igandean. LUIS TEJIDO / EFE.
xabier martin
2022ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Lanbide arteko euskal esparru akordioa egin zuten 2017ko urtarrilean ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek eta Confebaskek, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektoreko hitzarmenak aplikatzeko, haiek indarrean daudenean. Baina itun horrek ez du berme juridikorik, eta atzo baliozkotutako lan erreformak ez dio lege kategoriarik eman. EAJko eta EH Bilduko diputatuek behin eta berriro eskatu dute aldaketa hori, eta jeltzaleek baldintza bakarra zuten baiezkora egiteko, baina alferrik izan da, CEOEk «beto sinboliko-ideologikoa» ezarri duelako, Aitor Esteban EAJko diputatuaren arabera.

Espainiako Gobernuak, ordea, adierazi du ez dela arazorik izango euskal lan hitzarmenak aplikatzeko, eta hala Confebask patronalak nola CCOO eta UGT sindikatuek berretsi dute ez dagoela «inolako arazorik» horrekin; sindikatu abertzaleek «langileak nahastu» nahi dituzte, CCOO-Euskadiko idazkari nagusi Loli Garciaren hitzetan.

Fact checking moduko bat egin behar da euskal langileentzat hain garrantzitsua den edukia zertan den zehazteko, estatalizazioaz ari delako auzia, euskal langileen baldintzak Euskal Herritik kanpo erabakitzeaz eta ordezkaritza sindikalak ordezkatzeaz. Lehen-lehenik esan behar da esparru itun hori ez dutela begi onez ikusten ez CEOEk ezta Madrilen egoitza nagusia duten sindikatuek ere, CCOOk eta UGTk, nahiz eta haien euskal adarrek sinatu duten.

Gertaera argigarriak

FEADRS patronalak (CEOEko kide) eta CCOOk eta UGTk epaitegira eraman zuten itun hori 2018ko martxoan, ostalaritzaren euskal esparru akordioa baliogabetzeko saio batean. Ostalaritzaren euskal esparru ituna oztopoa zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Espainiako Sukaldaritzaren hitzarmen kolektiboa aplikatzeko milaka langileri, eta, horrekin batera, lan baldintzak okertzeko. Epaileen esku geratu zen lanbide arteko euskal esparru ituna legezkoa zen edo ez erabakitzea, nahiz eta, azkenerako, salaketa hura erretiratu egin zuten.

Bada, duela astebete jakin da Euskal Ostalaritza Federazioak, Food Service Espainiako patronalak eta jatetxe eta ostalaritza enpresek ez dituztela ELA eta LAB subjektu gisa aitortzen sektoreko hitzarmena negoziatzeko mahaira deitzeko, ordezkaritzaren %83 eduki arren. Patronalak dio negoziatzeko eta aplikatzeko lehentasuna estatuko hitzarmenarena dela, lan erreforma onartu berriak ere horrela jasotzen duelako.

Zer jasotzen duen erreformak? Nagusitasuna izango dutela sektore itunek enpresakoen gainetik, eta lehentasunezko sektore itun horiek estatu mailakoak izango direla. Galdu ez diren euskal itunak ultraaktibitate mugagabe ezarri berriak babes ditzake esparru akordioak; galdutako euskal lan hitzarmenetan bestelakoa da egoera, ordea, estatuko itunetan eroritako sektoreetan arazo juridikoak izan daitezkeelako atzera euskal itun batek arautu ditzan beharginen baldintzak.

Alegia, ez dute egia guztia esan «inolako arazorik» ez dagoela esan dutenek azken egunetan auziaz galdetu dietenean, bai baitago arazo bat: lanbide arteko euskal esparru akordioak ez zuen berme juridikorik eta ez du izango aurrerantzean. 2018an epaitegira eraman zuten moduan berriro ezbaian jartzeko ahulezian dago. Are, euskal subiranotasuna edozein modutan kaltetuz Espainian botoak bildu nahi dituztenen miran egon daiteke jada itun hori, Vox, Ciudadanos edo PPren miran, adibidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.