Euskararen aurkako epaia

Udaletan euskara lehenestea ez da legezkoa, EAEko Auzitegiaren arabera

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalen hizkuntza politika mugatuko du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak. Haren arabera, udaletan euskara lehenesteak «baztertu» egiten du gaztelania, eta, ondorioz, legez kanpokoa da

Udal legearen aurkako epaia salatzeko uztailean egin zuten elkarretaratzea, Bilbon. JAVIER ZORRILLA / EFE.
Mikel Elkoroberezibar Beloki - Edurne Begiristain - Paulo Ostolaza
2023ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegoko udal legea euskararen alorrean garatzen duen dekretuaren hainbat artikulu bertan behera utzi ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Vox alderdi ultraeskuindarrak 2020ko urtarrilean aurkeztutako helegitearen ebazpena da auzitegiak atzo kaleratu zuen epaia; partzialki hobetsi dute epaileek. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalek euskararen normalizazioa bultzatzeko dauzkaten hainbat tresna baliogabetzen ditu epaiak, eta, ondorioz, mugatu egiten du udalek hizkuntza politika egiteko gaitasuna.

Dekretu horretako hainbat eduki baliogatzeko justifikazio nagusia hau da, epaiaren arabera: udaletan euskara lehenesteak EAEko bi hizkuntza koofizialen artean —euskararen eta gaztelaniaren artean— «egon behar duen oreka haustea» dakar, eta, ondorioz, legez kanpokoa da. Argudio hori oinarri hartuta, udal administrazioan euskara lehenestea helburu duten artikuluak baliogabetu egin ditu auzitegi nagusiak.

Epaia ez da irmoa, ordea; irailaren 28an eman zuten ebazpena, eta, ordutik hasita, Eusko Jaurlaritzak 30 eguneko epea du helegitea aurkezteko Espainiako Auzitegi Goreneko arlo zibileko salan.

Atzokoa udal legeak azken hilabeteetan hartu duen bigarren kolpea da. Aurrez, uztailean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ezeztatu egin zuen legeak udalei euskara hutsean jarduteko ematen dien bidea —udal legearen 6.2 artikulua—; ondorioztatu zuen «era bidegabean» urratzen zuela «oreka linguistikoa». Euskararen «aldeko» hautua kritikatu zuen, hizkuntza eskubideen kontrakoa zela argudiatuta.

Euskararen erabileraren eta normalizazioaren aldeko neurrien kontra ebatzitako beste askoren segidan datoz azken epaiak; «oldarraldi judiziala» salatu dute euskalgintzaren inguruko eragile ugarik.

Atzo ezagutarazi zen epaiari dagokionez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi ditu dekretuaren 9.2 artikulua, 11. artikuluaren lehenengo atala eta 12. artikulua; 18., 24., 27. eta 36. artikuluen eduki batzuk ere baliogabetu ditu. Zergatik baliogabetu dituzte, ordea, neurri jakin horiek?

UDAL BARRUAN EUSKARAZ

EAEko udal legea euskararen alorrean garatzen duen dekretuaren 9.2 artikuluak dio udalen hizkuntza plangintzaren helburua dela udalek euskaraz funtzionatu ahal izatea, bereziki arnasguneetan. Auzitegi nagusiak artikulu hori ezeztatu du, horrek gazteleraren erabilera «baztertuko» duela iritzita. Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentzia oinarri hartuta, epaiak dio ez dela «juridikoki onargarria» tokiko administrazioan euskararen erabilera «era esklusiboan inposatzea».

Are, epaiak dio euskararen sustapenak, legezkoa izateko, «inklusiboa» izan behar duela gaztelaniarekin, eta biak uztartu behar dituela. Bestela, bi hizkuntza horietako bat soilik dakiena «baztertuko» luke neurriak, epaiaren arabera. Gainera, sententziak nabarmentzen du «aintzat» hartu behar dela Espainiako Konstituzioak dioena: herritarrek gaztelania jakiteko betebeharra dutela, alegia. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek euskara jakiteko eskubidea baino ez dute, Gernikako Estatutuaren arabera.

SOZIOLINGUISTIKA

Epaiak indarrik gabe uzten du, halaber, dekretuaren 11. artikuluaren lehen paragrafoa, zeinak adierazten duen udalerriek, «beren egoera soziolinguistikoaren arabera», kontuan hartuko dutela hizkuntza ofizialen ahozko eta idatzizko erabilera tokiko organoen barne funtzionamenduan, ekitaldi publikoetan, publizitate kanpainetan, bide publikoaren errotulazioan eta baita administrazio kontratazioan ere.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren arabera, udalen hizkuntza politika udalerriaren egoera soziolinguistikoaren araberakoa izateak —menpekoa hitza erabili du— esan nahi du gaztelania «guztiz baztertua» izan daitekeela artikuluak zerrendatzen dituen kasuetan: «Euskararen erabilera esklusiboa inposatzea ez da juridikoki onargarria, udalerriko egoera soziolinguistikoa oinarri hartuta ere ez».

HIZKUNTZEN «OREKA»

Magistratuek erabat baliogabetu dute 12. artikulua ere. Zera dio: «Euskadiko tokiko erakundeek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeek, beren egoera soziolinguistikoaren arabera, euskara zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza normal eta orokor gisa erabiltzea planifikatu eta arautuko dute».

Artikulu hori baliogabetzean ere, euskararen eta gaztelaniaren arteko «oreka» hausten duela dio epaiak, eta gaztelania «baztertzen» duela. Euskara hizkuntza gutxitua dela aintzat hartu gabe, Euskal Herrian diglosia dagoela aintzat hartu gabe eta, finean, egoera soziolinguistikoari erreparatu gabe, honela definitzen du epaiak euskararen eta gaztelaniaren artean «egon beharreko» oreka: «Koofizialtasunak bi hizkuntzen arteko berdintasuna esan nahi du, eta legeak egitean eta administrazioan garatu behar da, haien arteko oreka hautsi gabe: ezin da bietako bat gailendu».

Alde horretatik, sententziak dio ez dela legezkoa euskara lehenestea, gaztelerari «kalte» egiten diolako. Gainera, nabarmentzen du herritar batek ez duela «ziurtatu behar» euskaraz ez dakienik administrazioarekin gazteleraz jarduteko.

HERRITARREN ARRETA

Epaiak 18. artikuluaren zati bat ere ezabatzen du. Zehazki, dokumentu publikoetan euskara erabiltzearen lehentasuna aipatzen duena. Halaber, 24. eta 27. artikuluetako zenbait atal ezeztatu ditu; atal horiek arautzen dute sektore publikoko erakundeek euskara nola erabili behar duten, eta zehazten du telefono bidezko informazioa eta bozgorailuen bidezko informazioa euskaraz eskaintzeak lehentasuna izan behar duela.

Administrazioak herritarrei lehen hitza euskaraz egitea «desproportzionatua» dela dio epaiak, eta proposatu du herritarra izan dadila udal administrazioari lehen hitza esaten diona, hark erabaki dezan «arreta zer hizkuntzatan jaso», eta ez administrazioak.

Bozgorailuetako eta telefono bidezko informazio zerbitzuetako mezu automatikoei dagokienez, harago doa sententzia. Dekretuaren 27. artikuluak dio hartzaile jakinik gabeko mezuak lehenik euskaraz emango direla. Lehenik. Gero, gazteleraz. Epaiaren arabera, neurri hori mezua jasotzen duenaren «askatasun linguistikoaren gaineko inposizioa» da, «balitekeelako euskaraz ez jakitea edo komunikazioa gazteleraz jaso nahi izatea».

Euskararen eta gazteleraren arteko «oreka lortzeko», bi proposamen egin ditu epaiak. Batetik, mezua bi hizkuntzatan eman dadila proposatu du. Kontuan izan behar da legeak ez duela esaten mezu horiek euskaraz soilik eman behar direnik, baizik eta euskaraz eman behar direla lehenik. Bestetik, epaiak proposatzen du mezu hori «guztiek jakin beharreko hizkuntzan» transmititzea, hau da, gaztelaniaz.

Baliogabetze horretan ere 1978ko Konstituzioari heldu dio epaiak, eta adierazi herritarren betebeharra dela gaztelaniaz jakitea; ez, ordea, euskaraz jakitea.

KONTRATU PUBLIKOAK

Epaiak ezeztatu egiten ditu udaletako hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzko dekretuaren 37. artikuluaren zenbait atal ere. Eta ezabatu egiten du, era berean, edozein dokumentu bi hizkuntza ofizialetako batean bakarrik idatz daitekeela ezartzen duen agindua; tartean, kontratu publikoak.

Epaiak dio neurri hori Espainiako Konstituzioaren aurkakoa dela, eta kontratuaren hizkuntza aukeratzea kontratistari dagokiola, eta ez administrazio publikoari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.