Espainia. Nuñez Feijooren inbestidura saioa

Bere printzipioei uko egin izana leporatu dio Feijook Sanchezi

Presidente bihurtzearren amnistia lege bat onartzeko prest egotea egotzi dio PPko hautagaiak Espainiako jarduneko presidenteari. PSOEko buruak ez du hitza hartu PPkoari erantzuteko

Bere printzipioei uko egin izana leporatu dio Feijook Sanchezi.
Maddi Iztueta Olano - Gorka Berasategi Otamendi
2023ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Protokolozko esker onekin amaitu, eta, itzulingururik gabe, amnistiaren eta autodeterminazioaren kontra egin zuen berehala Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentegaiak, atzo Espainiako Kongresuan egin zuten inbestidura prozesuko lehen saioan. Argi esan zuen beste behin: «Aurkeztuko dizuedan proiektuan ez dago tokirik ez amnistiarentzat, ez autodeterminazioarentzat. Niretzat, aukera horiek ez dira onargarriak ez juridikoki, ez etikoki. Konstituziotik kanpo, ez dago demokraziarik».

Gero, segidan aipatu zuenPSOEko presidentegai eta Espainiako Gobernuko jarduneko presidente Pedro Sanchez. Izan ere, Sanchezek esana du ez diola atea ixten Kataluniako prozesu subiranistaren ondorioz errepresaliatutakoei amnistia emateari, hori baliagarria baldin bazaio Kataluniako indar independentisten babesa lortu —JxC Junts Per Catalunyarena eta ERC Esquerra Republicanarena— eta hala presidente hautatua izateko.

Baina, Feijooren esanetan, uztailaren 23ko hauteskunde orokorretan botoa Alderdi Popularrari eman zioten herritarrei huts egitea litzateke JxCk eta ERCk beren babesaren truke eskatutako baldintzei men egitea. Eskakizun horiei begira, Sanchezenarekin alderatu zuen bere jarrera: «Beste alderdi batzuekin akordioak egin dituzte batzuek [PPk], baina beren printzipioei uko egin gabe».

Feijook Espainiako hurrengo presidente izateko aukera eskura duela ziurtatu zuen: «Nire alderdiak irabazi zituen hauteskundeak. [...]. Presidente izateko nahikoa boto ditut eskura». Kongresuko diputatuen barreak eragin zituen, eta PPko burua Sanchezi mintzatu zitzaion segidan, JxCren botoak eskuratu ditzakeela gaineratzeko: «Bioi gauza bera eskaini digu. Alde bakarra zera da, hari erantzun diezaioketen bi hautagaietako bakoitzaren zintzotasuna; zurea eta nirea». Feijook nabarmendu zuen ez dagoela prest amnistia bat onartzeko presidente izendatua izatearen truke.

Gobernuburu kargua lortzeko, gehiengo osoa beharko luke Feijook gaurko bozketan; hau da, 176 boto. Oraingoz, ordea, 172 ditu: PPren 137, Voxen 33, UPNren bat eta CC Koalizio Kanariarraren bat. Etziko bozketan gehiengo soila lortzea ere kosta egingo zaio, gaur-gaurkoz diputatu gehiago baititu kontra alde baino. Halere, tartea hartu du alde dituen horiei eskerrak emateko: Voxeko, UPNko eta CCko diputatuei, alegia.

PSOEren kontrako mezuak alde batera utzita, elkartasunerako deia egin zuen Feijook. «Aukeraketa hau [Feijooren eta Sanchezen artekoa] erabakigarria izango da. Erabaki beharko dugu: ezaugarri komunak zaindu, edo interes pertsonalek bultzatutako amildegi bat zulatzen jarraitu». Harentzat, 80ko hamarkadako trantsizioa litzateke «elkartasun politikoaren adibiderik zintzoena».

Eta, hori lortzeko bidean, presidente izango balitz abian jarriko lukeen programa aurkeztu zuen. Sei estatu itun plazaratu zituen: erakundeen kalitaterako eta eraberritze demokratikorako ituna; ekonomia saneatzeko ituna; familien aldeko ituna; ongizate estaturako ituna; uraren kudeaketa nazionalerako ituna; eta, azkenik, lurralderako ituna.

Zenbait xehetasun aurreratu zituen itun horiek bultzatuko lituzketen erreformen inguruan. Besteak beste, CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzea, eta «gobernuko erakundeen independentzia politikoa sustatzea».Arlo ekonomikoari dagokionez, proposatu zuen enpresari txikiek zergarik ez ordaintzea beren jarduera ekonomikoa hasi eta lehen bi urteetan.

Sei itun horiez gain, beste bi neurri ere iragarrizituen Feijook, Katalunian aldebakarreko beste prozesu subiranista posible bat zigortze aldera: desleialtasun konstituzionalaren delitua indarrean jartzea, batetik; eta funts publikoak bidegabe erabiltzeagatik Zigor Kodeak ezartzen dituen zigorrak areagotzea, bestetik.

Ordu eta erdiko etenaldiaren ondoren, 15:30ean ekin zioten berriro inbestidurako lehen saioari. Feijook esandakoei erantzuteko aukera izan zuten Kongresuko talde parlamentarioek. Sozialistak izan ziren PPkoari erantzuten lehenak. Hitz egiten hasi baino lehen jaso zuen lehen kolpea PPk: Sanchezek erantzun ordez, PSOEko diputatu eta Valladolideko alkate ohi Oscar Puentek hartu zuen hitza. Errespetu faltatzat jo zuten hori PPkoek, eta «gehiegikeriaz» jokatzea egotzi zioten sozialisten presidentegaiari.

Puente zuzenean mintzatu zitzaion Feijoori, eta, besteak beste, zalantzan jarri zituen hark iragarritako bi neurriak—desleialtasun konstituzionalaren delitua indarrean jartzea eta funts publikoak bidegabe erabiltzeagatik Zigor Kodeak ezartzen dituen zigorrak areagotzea—. Diputatu sozialistaren arabera, neurri horiek indarrean jarriko balituzte, beren jarduera politikoa eten behar lukete «Alderdi Popularreko diputatuen erdiek baino gehiagok», baita Feijook berak ere.

Uztailaren 23ko bozetatik hona, zera defendatu du PPkoak: hark eta haren alderdiak irabazi zituztela hauteskunde orokorrak. Baina hori ez dela horrela aurpegiratu zion Puentek, eta gogorarazi Kongresuko diputatuen gehiengo osoaren edo soilaren babesa beharko duela gobernua osatu ahal izateko. Aurretik jakina zen arren, azpimarratu zuen horretarako ez duela PSOEren babesa izango. «PSOE blindatuta dago bozketa prozesuen kanpoko esku hartzeetarako.[...] Ez da diputaturik gelditzen salgai».

Feijook Voxen babesa izango duela berretsi zuen eskuin muturreko alderdiko buru Santiago Abascalek. PPk ia-ia hasieratik izan du ziurtatua eskuin muturraren botoa, baina bien arteko «harreman ona mantentzeko» bi eskakizun egin zizkion Abascalek: batetik, «milioika espainiar gutxiesten» dituzten horien ondotik aldentzeko; eta, bestetik, koalizio posible batean izango dituzten Voxeko diputatuak eta asmoak ez kritikatzeko.

Sumarreko bozeramaile Marta Loisek Feijooren inbestidura saiakera kritikatu zuen, «inora ez doan bidaia bat» dela eta herritarrei «denbora galarazi» diela iritzita. Loisen esanetan, PPko buruak ez du presidente izendatua izateko inolako aukerarik, «eskuin muturrarekin duen aliantzak ustez ordezkatzen duen herrialdetik urruntzen duelako».

Independentisten ezetza

PPko presidentegaiak inbestitua izateko aukerarik ez duela nabarmendu zuen ERCko bozeramaile Gabriel Rufianek ere. Haren esanetan, «ezinezkoa» da, Feijook «herrialdearen erdia gorrotatuz» gobernatu nahi baitu. Rufianek amnistia zilegi dela erantzun zion PPko hautagaiari, eta adierazi zuen «blokeo instituzionalak eta gatazka politikoak konpontzeko historikoki erabili den mekanismo bat» dela. Baina PSOEri ere mintzatu zitzaion ohartarazpen bat egiteko. «Amnistiak ezer gutxirako balioko du ez badu Kataluniak bere estatusa bozkatzeko konponbide bat ekartzen».

JxCko eledun Miriam Noguerasek PPri egotzi zion Kataluniaren aurka aritzea, eta ez independentismoaren aurka. «Bartzelona 1714. urtean erori zenetik izan ez den bezalako akordio historiko bat behar dugu». Lau baldintza ezarri zituen bide hori jorratzeko: independentismoaren zilegitasuna aitortzea, bitartekaritza mekanismo bat jartzea, bide judiziala alboratzea eta muga bakarrak nazioarteko hitzarmenetakoak izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.