Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna

Pandemiak agerian utzitako kalteak salatu ditu mugimendu feministak

Hainbat herritan egin dituzte mobilizazioak, eta jende andana batu da protestara. Konfinamenduak iraun bitartean erasotzaileekin egondako andreak izan dituzte gogoan. Baliabideak eskatu dituzte

Mugimendu feministak deituta, manifestazioa egin zuten atzo arratsaldean Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU.
Maider Galardi
2020ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Ez da ohiko moldeetan izan, baina kalea hartu du mugimendu feministak, aurten ere, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean. Milaka lagun batu ziren atzo protestara, herri zein hiriburuetan. Manifestazioetan entzun zitekeen urteroko aldarria: bortizkeria matxistari planto egitearena. Mezua, ordea, testuinguruari lotua joan da aurten: Euskal Herriko mugimendu feministak salatu du koronabirusaren krisiak agerian utzi duela oraindik ere lan handia dagoela indarkeria matxistari aurre egiteko. Gainera, ohartarazi dute krisiaren eraginez kolokan direla gizon eta emakumeen arteko desberdinkeriak gainditzeko urte luzeetako lanaren ostean emandako zenbait aurrerapauso. Pandemiaren eraginez are prekarizatuago gelditutako lanpostu feminizatuetako langileak eta beren erasotzaileekin itxita egon behar izan duten andreak ere izan dituzte gogoan Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Baionan egindako mobilizazioetan.

«Pandemia berriak ez dezala zaharra ezkutatu», hasi dira Bilboko mugimendu feministako kideak, manifestazio amaierako hitzartzean. Donostian eta Gasteizen ere horixe nabarmendu dute: «Normak hiltzen gaitu: normaltasun zaharrak hiltzen gintuen, eta ezartzen ari diren normaltasun berriak ere hiltzen gaitu», Donostian. «Pandemia berriek ez ditzatela zaharrak ezkutatu: normalitate zaharra ere biolentzia zen», Gasteizen. Alegia, osasun krisiaren aurretik bazegoen indarkeria, eta bortxari aurre egiteko dauden baliabideak ez direla nahikoa agerian gelditu dela gaitzetsi dute protestetan bildutakoek.

Izan ere, feministek azken urteetan indarkeriaren gaineko iruditeria zabaltzeko egindako lana albo batera utzi gabe, etxeko bortxa matxistari ere erreparatu diote aurtengo mobilizazioetan. Iruñean, esaterako, oroitarazi dute martxotik maiatzera iraun duen konfinamenduan beren erasotzailearekin itxita egon behar izan dutela andre eta haur asko eta askok: «Etxe horiek ez dira espazio seguruak izan emakume horientzat, eta neurri horiek, segurtasuna bermatu baino gehiago, emakumeenganako indarkeria zuzenari bide eman diote». Gasteizen, Baionan, Donostian eta Bilbon ere hala salatu dute. Gainera, indarkeria matxistagatik Euskal Herrian hildako andreak ere —BERRIAren arabera, lau izan dira aurten— gogoan izan dituzte mobilizazioetan.

Horregatik, erakundeei eskatu diete «zerbitzu publiko unibertsalak» jartzeko biolentzia jasaten duten emakume horientzat, eta ez dezatela atzera egin urteetan lortutako eskubideetan: «Zerbitzu publikoak babestu eta zerbitzu publikoetan inbertitu behar dela aldarrikatu nahi dugu: zerbitzu publikoak dira denontzako bizitza duin eta askeak, emakumeontzako indarkeriarik gabeko bizitzak bermatzeko giltza. Publikoa murriztea eta pribatizatzea indarkeria matxistan inbertitzea da», ohartarazi dute Gasteizen. Donostian eta Bilbon, gainera, salatu dute bortizkeria jasan duten emakume horientzako arreta zerbitzuetan murrizketak egin dituela udalak.

Lan prekarizatuei begira

Gizarte zerbitzuetako murrizketak ez ezik, arlo publikoaren kaltetan zenbait zerbitzu pribatizatu izana ere gaitzetsi dute. Besteak beste, Gasteizen gogoan izan dute EHUko garbitzaileek oraindik greban segitzen dutela, eta Bilbon eta Iruñean nabarmendu dute etxeko langileak egoera prekarioetan ari direla lanean.

Bat egin dute aldarri horrekin Baionan egindako manifestazioan ere: «Osasunaren arloan zein etxeko zaintzan, garbiketan, hezkuntzan, saltegi handietan... ari diren langile gehienak emakumeak dira, migratzaileak, arrazializatuak, gazteak, eta, oro har, egoera prekarioetan direnak. Lan baldintza txarretan ari dira, eta are erasotuagoak dira sektore horietan. Lan munduko sektore feminizatuenak dira, baina osasun krisiaren kudeaketan lehen lerroan aurkitzen direnak orain».

Hain zuzen, ELAk gaitzetsi du COVID-19ak sortutako osasun krisiak agerian utzi duela prekarizatutako eta emakumeek lan egiten duten arlo feminizatuetako lan baldintzak eskasak direla. Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira jardunaldiak egin dituzte, eta salatu dute koronabirusaren ondorioz are gehiago indartu direla lan arloan gizon eta emakumeen arteko desberdinkeriak. LABek, berriz, bortizkeria matxistari aurre egiteko protokolo «eraginkorrak» eskatu zituenprotestetan. Lehendakaritzako egoitzan, berriz, minutu bateko isilunea egin zuen Eusko Jaurlaritzak.

Iluntzerako amaitu ziren manifestazioak hiriburuetan. Donostian, gainera, salatu dute Polizia han bildutako kide bat identifikatzen saiatu zela martxa amaitu aurretik, baita Poliziaren presentzia handia izan zela ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.