Edu Barinaga. ETBko zuzendaria

«Egin ahala etorriko dira telesail erraldoiagoak»

'Ihesaldia' telesaila hilaren 15etik 19ra estreinatuko du ETB1ek. Barinagak iragarri du datorren urtean «fikzio soziala» egingo dutela: Alardeaz, Altsasuko auziaz eta Ondarroako narkotrafikoaz.

EITB.
urtzi urkizu
Durango
2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
2014ko udatik da ETBko zuzendaria Edu Barinaga (Bilbo, 1956). Baleuko ekoiztetxeko kudeatzailea zen kargua hartu aurretik.

Orain arte ETBk telesailak astean behin eman izan ditu. Zergatik emango dituzue Ihesaldia-ren bost atalak errenkadan?

Fikzioa kontsumitzeko joerak aldatu egin dira. Jendeak asteburu berean telesail baten lau, bost edo zortzi atal ikusten ditu. Joera hori ikusita, benetako apustua egin dugu bost egunetan jarraian telesail bat estreinatuz. Ildoa eta interesa mantentzeko ere hartu dugu erabakia.

Ostiralean Madrilgo MiM Series jaialdian ere proiektatuko dute Ihesaldia, ezta?

Bai, aukera eman digute. Guretzat, erakusleiho bat da; telebista txikia garenez, eskaintzen dizkiguten aukera guztiak aprobetxatu behar ditugu.

Ordubeteko bost atal bost astean grabatu ditu Pausokak. Ez al da denbora gutxi?

Gure neurrira egin dugu. Ez dugu derrigortu Pausoka beste modu batera egitera. Hasieran lau ataleko telesail bat zen, eta Pausokak esan zigun trama indartsua zela bosgarrena egiteko. Ez gara ibili aurrekontuak murrizten edo epeak laburtzen.

Kartzela ihesaldien generoak zale ugari ditu. Atzerrian saldu daitekeen fikzio bat al da?

Zergatik ez? Gai unibertsala da. Salgai izan daiteke, eta hori ona da, baina ez da gure funtsezko planteamendua. Euskal Herriarentzako fikzio bat egin nahi izan dugu.

Benetako ihesaldiko protagonistetako bat Patxi Arana izan zen, ETAko kide ohia. Liburu bat du idatzia ihesaldiaz, baina ez da argitaratu oraindik.

ETB kontu horretan ez da egon. Pausokak ekarri zigun proiektua. Badakit Pausokak lagundu egin diola Aranari liburua argitara dadin. Pentsatzen dut liburua laster egongo dela kalean. Edonola ere, Ihesaldia ez da liburu horren isla.

Gure kasa saioan esan zenuen ez duzuela lehenago telesailik egin ez direlako iritsi proiektu indartsuak. Orain, badaude?

Herri honetan, dauzkagun gauza onei balioa eman beharrean, beti islatzen dira ahuleziak. Ez dugu lehenago fikzioa egin, mahai gainean ez dugulako eduki uste genuen moduko proiekturik. Hasieran, ekoiztetxe guztiei eskatu genien 12-13 ataleko telesail bat. Denbora pasatzen zen, eta ez genuen ikusi inor ausartzen zenik, ez gure aurrekontuetan sar zitekeenik, eta ez genuen lortzen. Lauzpabost ataletako fikzioak egitea pentsatu genuen gero. Egin ahala etorriko dira telesail erraldoiagoak, euskal zinemarekin gertatu den bezala. Agian, aurrenekoak ahulagoak izango dira...

Altsasuko auziarekin lotutako telesail bat egingo duzue. Nolako ikuspegia izango du?

Fikzio soziala izango da gure helburua datorren urterako. Euskal gizartearekin lotuta egongo dira fikziozko hurrengo hiru proiektuak. Altsasu [Nafarroa] barnetik eta giza ikuspegi batetik landuko dugu: presoen senideek nola bizi izan duten han gertatu dena. Senideekin hitz egin dugu, eta begi onez ikusten dute. Dena den, ez da dokumental bat izango: emozioak landuko ditugu.

Alardearen bueltakoa ere ez da dokumental bat izango.

Ez, thriller bat da. Gidoien inguruan hitz egiten ari gara sortzaileekin. Gidoi horietan kontraesanak eta senideen eta lagunen arteko gatazkak ageri dira.

Ondarroan (Bizkaia) girotutako telesail bat ere grabatuko duzuela esan duzu Durangon.

Bai, Ondar ahoak. Narkotrafikoarekin lotutako istorio bat izango da. Euskarak ere izango du garrantzia, Ondarroara joaten diren atzerritar guztiek ikasten baitute euskaraz. Euskal Herriko gizartea aberatsa da, eta hori islatu nahi dugu fikzio sozialean.

Azkeneko urteetan fikzio gehiago egin da zineman telebistan baino. Nola ikusi duzu egoera?

Telebistan ari diren ekoiztetxe asko beste formatu batzuekin aridira buru-belarri. Ihesaldia telesailaren lantaldea osatzea kostatu egin zaie. Zineman emaitza oso onak lortu dira azkenaldian, baina hor ere jendea behar dute. Baina, tira, Ondarroako telesaila Txintxua Films ekoiztetxeak egingo du, eta Koldo Almandozzinemagilea da proiektuaren zuzendaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.