Arantza San Sebastian. Hezkuntzako aholkulari ohia

«Gaur egun dena kontsumitzen dugu. Berdintsu gertatzen da hezkuntzarekin»

Hezkuntzari emana bizi izan da, haurrekin aurrena, irakasleekin gero. Kritiko mintzo da hezkuntza sistemaren kudeaketaz, teknologia berriei eskainitako baliabideez eta baita bere jaioterriaren, Donostiaren norabideaz ere.

GORKA RUBIO / FOKU.
jakes goikoetxea
Donostia
2022ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Arantza San Sebastian (Donostia, 1958). Irakaslea eta Donostialdeko Berritzeguneko aholkularia izan da urte askotan. Iazko abuztuan hartu zuen erretiroa. Aurreratu egin zuen, lasaiago bizitzeko, kirola egiteko, irakurtzeko, idazteko, gitarra jotzen berriro ikasteko, etxekoei laguntzeko... Antiguan ezaguna. Twitterren ere bai.

Arantza San Sebastian. Bi begitxo betaurreko batzuen atzean. Begirada patxadatsu, erne eta kritiko bat. Antiguako goiko partea aukeratu du elkarrizketa egiteko. Aurrean, Luis Villasante parkearen oparotasuna. Handik Donostiak ez du Donostia ematen.

Antiguarra edo donostiarra?

Antiguakoa sentitu naiz beti.

Antiguarra eta donostiarra?

Hor buelta moduko bat eman dut. Antiguarroi, baita umeei ere, modu naturalean ateratzen zaigu «Donostiara goaz» esatea. Baina azken garaian konturatu naiz Donostia nirea ere badela, eta, nik ez badut Donostia erreibindikatzen, Altzakoek, Egiakoek ez badute erreibindikatzen, Donostia beste batzuen esku geratzen da, eta zer bihurtuko dute? Espazio psikologiko hori bete behar dugu. Donostia zaindu behar dugu.

Giro euskalduna izan zenuen haurtzaroan?

Giro euskaltzalea esango nuke. Etxeko hizkuntza gaztelania zen. Amak ez zuen lortu euskara ikastea hitz egiteko moduan; aitak bai, baina muga batzuekin. Familia abertzale batean hazi nintzen, eta txikitatik ikasi nituen kantuak, dantzak eta Euskal Herriarekiko maitasuna. Baita independentziaren alde borrokatu behar genuela ere, nahiz eta horrek norbanakoaren sakrifizioa eskatu.

Etxean, beraz, bazenuten kontzientzia politikoa.

Bai. Aita EAJn eta EGIn sartuta zegoen. Umeak izanda ere, bagenekien isilik egon behar genuela eta euskaldunak ginela, nahiz eta nik, adibidez, euskaraz ez jakin.

Gaztelaniaz ikasi zenuen, mojetan. Zer oroitzapen duzu?

Mariaren Lagundia eskola zen, San Bartolome deitua. Nesken ikastetxea. Lehen urteetan, eskola parentesi moduko bat zen niretzat, pasatu beharreko zerbait; baina, gero, nire auzoko ekosistemara bueltatzen nintzen. Ezabatuak ditut oroitzapen gehienak, uste baitut hura ez zela nire tokia. Koskortzean, lagunak egiten hasi nintzen, eta oso oroitzapen onak ditut. Unibertsitatetik atera berri ziren irakasle asko egokitu zitzaizkigun, mojak eta laikoak, gai batzuetan irekiak: batzarra egiten utzi ziguten Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenean, eta erretzen ere uzten ziguten. Moja batzuekin euskaraz ere hitz egin zitekeen.

Non ikasi zenuen euskara?

Antiguako Jakintza ikastolako gau eskola moduko batean. Aitak eta beste lagun batzuek sortu zuten Jakintza. Banuen gogoa ikasteko, eta ikasi nuen, poliki-poliki. Jakintza ikastolan irakasle aritu nintzen lehen urteetan batzuetan negarrez iristen nintzen etxera; uste nuen ezingo nuela ikasi.

Inpotentzia?

Bai, nire euskara mailagatik. Lankideek lagundu zidaten, baina zailtasuna nuela sentitzen nuen.

Garbi zeneukan irakasle izan nahi zenuela?

Ez, fantasiak nituen beste ikasketa batzuekin: medikuntza eta arkitektura. Orduan hezkuntza ez zen arrotza niretzat: klase partikularrak ematen nituen 14-15 urte nituenetik, sos batzuk irabazteko.

Non egin zenituen irakasle ikasketak?

Elizbarrutiko Irakasle Eskolan, Donostiako apaiztegian. Enkarni Genua, Imanol Urbieta, Jesus Mari Goñi eta beste batzuk ziren irakasle. Bi urte egin nituen han, eta gero lanean hasi nintzen: Jakintza ikastolatik deitu zidaten, haur hezkuntzan aritzeko. Unibertsitate ikasketen hirugarren ikasturtea EHUn egin nuen, Ategorrietan, lanarekin uztartuz. EHUkoa beste mundu bat zen; ez zegoen euskararik.

Nolakoa zen haur hezkuntza?

5 urteko haurrekin aritzen nintzen, orduko eskolaurrean.Kantatzea, jolastea, dantzatzea eta marraztea zen. Jakintza oso gertu zegoen Elizbarrutiko Irakasle Eskolatik, eta giroa oso ederra zen: batzuetan, Urbieta etortzen zen bere gitarrarekin, eta kantu-kantari ibiltzen ginen; besteetan, Goñi azaltzen zen matematikarekin jolastera; edota Genua txotxongiloekin antzeztera. Fakultatean baino gehiago ikasi genuen.

Jakintzako IKT informazioaren eta komunikazioaren teknologietako arduradun izan zinen hainbat urtean. Nolatan?

Beti izan dut joera, interesa eta berotasuna teknologiaren inguruan.

IKTek ezinegona eta beldurra ere eragiten zuten urteak ziren.

Hasieran bai, erreparo handia zegoen, hainbat irakaslek sentitzen zuten segurtasun faltagatik; beste batzuk, aldiz, eroso sentitzen ginen. Ordu mordo bat sartzen nituen etxean hura guztia ulertzeko eta ikasteko.

2.0 Eskola. Ordenagailuak eta tabletak iritsi dira eskola askotara. Benetako 2.0 Eskoladago?

Egin dira urratsak. Web 2.0 foroak, blogak, iruzkinak eta geroago sare sozialak dira. Informazioa partekatzea da. Eskola gehienetan egiten dira praktika onak, eta badaude esperientzia arrakastatsuak. Arazoa, beste askotan bezala, baliabideak dira.

Zeintzuk dira hutsuneak?

Ordenagailuak eta tresna digitalak etengabe eguneratu eta berritu behar dira, berehala zaharkitzen direlako. Lana eta dirua behar da. IKT arduradunak ere behar dira ikastetxe guztietan.

Bestalde, ikasgeletan egiten diren jarduera digital asko ez dira Web 2.0. Testuliburuarekin egingo genukeena errepikatzen badugu ordenagailu edo tableta batean, ez gara 2.0 Eskola. Horretarako, sarean lan egin behar dugu, informazioa partekatu, eta, ahal den neurrian, edukiak sortu, besteen eskura jarri... Hezkuntza Sailak asmatu beharko luke modua hori guztia denen eskura jartzeko. Egiten dira gauza ederrak, e? Irakasle asko heroikoak dira.

2.0 Eskola euskaraz da?

Euskaraz hutsune handia dago. Blogetan, foroetan, iruzkinetan, Wikipedian... urrats asko egin dira. Eskolan, batez ere publikoetan eta ikastoletan, eduki ia guztiak euskaraz sortzen dira. Sare sozialek, aldiz, ihes egiten digute.

Sare sozialak eskolan landu behar dira? Nola?

Tresna oso onak izan daitezke komunikaziorako, herritartasuna garatzeko, elkartasuna sustatzeko, jakintza partekatzeko... Baina zer ikusten dugu? Gazteei eredu desegoki asko iristen zaizkiela eta ez dutela irizpiderik gauzak bereizteko. Irentsi egiten dituzte pertsonen errespetuaren kontrako eduki asko, matxismoa, homofobia... Sare sozialak eskolan landuko bagenitu, aukeratzeko irizpideak emango bagenizkie, autonomoagoak eta konpetenteagoak izango lirateke bereizketa egiteko. Horrez gain, euskara jarriko genuke ardatzean. Tresnak eman behar dizkiegu edukiak euskaraz sortzeko eta zabaltzeko.

Jakintza ikastola eskola publiko bihurtu zen 1990eko hamarkadan. Prozesu gogorra izan zen?

Auzoko ikastola xume bat zen Jakintza. Euskal eskola publiko izateko bokazioarekin sortutako ikastola bat zen. Ez zuen zentzurik pribatua izateak. Ez dakit iraungo zuen. Publifikazio prozesua oso gogorra izan zen. Galera batzuk egon dira, ez publifikatzeagatik, baizik eta gizarteak ere galdu dituelako garai batean zegoen konpromisoa eta inplikazioa, ez bakarrik zentro publiko batzuetan, baita zenbait ikastolatan ere.

Zer zentzutan?

Ikastetxeak kexu dira, guraso eta familia asko gehiago direlako kontsumitzaile, komunitatearen parte baino. Exijentzia gailentzen da. Gaur egun, dena kontsumitu egiten dugu. Hezkuntzarekin ere berdintsu gertatzen da.

Azkeneko urteetan, Lehen Hezkuntzako aholkulari izan zara Donostialdeko Berritzegunean. Nolako lana da?

Zenbait ikastetxetako —publikoak zein itunpekoak— erreferentzia gara, eta ikastetxe horiei laguntza ematen diegu proiektuetan eta bestelako prozesuetan. Prestakuntza ere eskaintzen diegu, ikastetxean bertan eta Berritzegunean. Tutore baten modukoa zara haientzat. Batzuetan, zuzendariak oso abandonatuta egoten dira, eta deitu egiten dizute.

Berritzeguneak irakasleen elkargune ere badira?

Ikastetxe askotako irakasle taldeak elkartzen dira. Asko estimatzen dute, aukera eskaintzen dielako hezkuntza praktikak hobetzeko eta beste eskoletako kideekin partekatzeko. Hala ere, ikasturte honetan lan egiteko modua aldatu dute, eta nire lankide ohiek susmoa dute Berritzeguneen sistema osoa desegingo dutela.

Eskola publikoaren defendatzaile sutsua zara.

Bai, baina ez naiz sistemaren defendatzaile sutsua, uste baitut sistema publikoak akats asko dituela: irakasleen kontrataziorako oposizio sistema; eskolari ezartzen zaizkion zama administratiboak; zuzendaritza taldeen autonomia falta; ebaluazioen kontraesanak, ikasleen konpetentzia ebaluatu behar dela esan eta notak edukietan oinarrituta eskatzen delako; ikastetxe batzuetako masifikazioa eta espazio falta...

Zer iritzi duzu Eusko Legebiltzarreko alderdi gehienek lortutako hezkuntza akordioaz?

Hasieran itxura hobea hartu nion, uste baitut badela garaia hezkuntza sisteman aldaketak egiteko. Ulertu nuen itunpekoen egungo sistema desagertuko zela eta kudeaketa bakarra izango zela, sare bat. Ez da hala. Bi sareei eutsiko diete. Eta, antza denez, itunpekoek lehen baino gehiago jasoko dute. Ondorioz, hezkuntzan inbertitzen den dirua askoz ere gehiago ez bada, Eskola Publikoak galdu egingo du. Ez dut ulertzen.

Jaurlaritzak eskola publikoaren alde apustua egitea falta da?

Bai, ez dute sinesten sistema publikoan, ez dute berea sentitzen. Kuriosoa da. Badirudi sailburuak eta bestelako arduradunek sinesten dutela enpresa pribatua dela eraginkorra. Gainera, mendekotasun handia dute enpresa pribatuekiko, eta seguruenik hortik etortzen zaie presiorik handiena.

Txiolari ezaguna zara. Zer da Twitter zuretzat?

Gero eta gehiago jabetzen naiz espazioa okupatu beharraz. Alde batetik, emakumea naizelako; bestetik, zaharra naizelako. Sentitzen dut eskubidea espazio bat okupatzeko eta pentsatzen dudana esateko.

Donostiaren behatzaile kritikoa zara. Jarrera bat da?

Kezka bat da. Udal gobernuak abandonatuta dauzka hiriaren bizikidetza zaintzeko beharrezkoak diren oinarrizko gauza asko. Okerrera goaz. Herritarron zeregina da udalari gogoraraztea zertarako izan diren hautatuak. Hor dago bultzatzen ari diren hiri eredua, EAJ eta PSE zer egiten ari diren Donostiarekin. Herritarren bizitza baino garrantzitsuagoa da hiria kanpora saltzea. Gutxi batzuen mesedetan ari dira gobernatzen.

Gero eta zailagoa da Donostian haserretu gabe bizitzea?

Niretzat eta beste askorentzat, bai. Hala ere, badago donostiarra izateko estilo bat, betidanik funtzionatu duena, atsegintsua: nabarmentzen dute zer-nolako zortea dugun horrelako hiri batean bizitzeagatik eta zenbat gustatzen zaien kanpotarrei. Horrek harrotasuna eragiten die.

Erronka da egunero Donostian bizikletaz ibiltzea?

Zenbat eta zaharragoa izan, orduan eta handiagoa. Zaurgarriago sentitzen zara. Donostian bidegorri asko daude, baina, diseinatuta dauden moduan, tokia kentzen diete oinezkoei, eta txirrindulariok eta oinezkoek kale batzuk partekatu behar ditugu. Zergatik? Autoak han eta hemen lasai ibiltzeko diseinatuta dago hiria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.