Musika

Zarataren azpiko ahotsa

Oihartzun mediatikoak alde guztietara zabaldu du Rosalia musikariaren 'El mal querer' diskoa. Flamenkoa oinarri, pop lan kontzeptuala egin du, unibertso propioa eraikiz elementu gutxirekin.

Andoni Imaz
2018ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Flamenkoa kaletik jaso, eskolan garatu eta sorkuntzarekin eraldatu du Rosaliak (Bartzelona, 1993). Azkenaldian, ezinezkoa dirudi musikari gaztearen disko berriari izkin egiteak. Hainbat estilo nahastu eta pop garaikidera eraman dituen musikari baten talentua gurtzen dute batzuek; multinazionalek hauspotutako zalapartak diskoa entzuterako uxatu egin ditu besteak. Nolanahi ere, jende asko zebilen begi-belarri diskoa argitaratu zain, eta, azkenean, aste gutxitan mundu osoa zeharkatu du orduerdi eskaseko iraupena duen El mal querer disko kontzeptualak.

Flamenkoak berezko duen melodramaren indarra baliatu du Rosaliak kontakizun moderno bat osatzeko, indar erakustaldi bat egiteko emakumearen irudiaren inguruan. Lotsarik gabeko mestizajeak elkartzen du flamenkoa trap eta R&B estiloekin, besteak beste. Bide beretik nahasten du Espainiako ikonografia ere, diskoko zenbait abestirekin egindako bideoklipetan: motorrak txuliatzen dituzten toreatzaileak eta Goyaren artearekin lotu izan dituzten koreografiak ere badira Rosaliak bilatutako nahasketaren parte. Sare sozialetan sortutako etengabeko estimulua aise bereganatu du disko berriaren inguruan eratutako estetikak. Fenomenoa bilakatu den diskoaren gorputzak, ordea, gordetzen du Kataluniako musikariaren arima.

11 abestik osatzen dute El mal querer, 11 ataletan banatutako erraietako istorio bat. Maitasun toxikoa da lanaren gai nagusia, maitasun iluna, okerreko maitasuna. XIII. mendean Okzitanian idatzitako Flamenca eleberri anonimotik abiatu zen diskoko kanta guztiak harilkatuko zituen ideia. Liburuan, Flamenca, orduko kondearen alaba, gizon batekin ezkonarazten dute. Hark, jeloskortasunak jota, dorre batean giltzapetzen du Flamenca. Ezin bukaera ezagutu, galdu egin baitzen. Rosaliak emakumearen ahalduntzearekin lotu nahi izan du kontakizuna.

Hala, istorioa berera ekarrita, abesti bakoitza kapitulu bat da, harreman horretako fase bat: Malamente (Cap.1: Augurio) bihozkadarekin hasi eta A ningún hombre (Cap.11: Poder) askatzailera arte. Fase bakoitzak badu bere doinua: hasierako maiteminak, ondorengo jelosiak, minak, eta amaierako askatzeak.

Flamenkoak ematen dio zentzua lanari, eta flamenkoa dago laneko konpasen oinarrian, baina ekoizpen garaikidearekin. Sampler-ek, autotune-ak, sintetizadoreek eta teklatuek, dekorazio edo eguneratze soiletik harago, unibertso oso bat sortzeko balio dute. Rosalia berarekin batera, Pablo Reixa (El Guincho) da diskoaren ekoizlea. Islandiako Bjork musikari entzutetsuarekin lan egin zuen Biophilia diskoan (2011), eta ahotsaren nagusitasunak zein giro musika elektronikoak ezartzen dute loturaren bat El mal querer diskoko zenbait lanen eta Bjorken artean.

Txaloekin abiatzen da diskoa, baina berehala batzen zaio erritmo kaxa eta bestelako ekoizpen minimalista guztia. Nabarmen flamenkoagoa da Que no salga la luna (Cap.2: Boda) jarraipena, nahiz eta sampler-ak eta esaldien arteko hitzek zein hotsek eramaten duten pop soinura. Diskoko piezarik komertzialenak, edo pop dantzagarriari gehien gerturatzen zaizkionak, single egin zituen Rosaliak, eta, hala, Malamente, Pienso en tu mirá (Cap.3: Celos) eta Di mi nombre (Cap.8: Éxtasis) kantek eman diote nazioarteko lehen bultzada lanari.

Diskoari eman dio batasuna, flamenkoa oinarri duten erritmo jolastiekin zein C. Tanganaren laguntzarekin idatzitako hitzekin, baina abesti bakoitza mundu bat da. Camaron de la Islari omenaldia egiten dio Reniego (Cap.5: Lamento) abestian, eta, autotune-aren ospakizun batean, diskoaren atmosfera beste maila batera eramaten du Bagdad (Cap.7: Liturgia)-n. Protagonistak nahi ez duen umeari abesten dio Nana (Cap.9: Concepción) sehaska-kanta, eta, ezpata baten moduan, ahotsarekin mozten du iragana Maldición (Cap.10: Cordura) kantan.

Bat-bateko izarra

Pop izar baten harrera izan du musikariak disko berriarekin. Erdizka ibili gabe, diskoetxe handiek eraman dute haren izena Erresuma Batura zein AEBetara. Sonyrekin sinatu zuen kontratua, eta nazioarteko hainbat izen handi lagun izan ditu bidean: Pharrell Williams eta Lana del Rey, besteak beste.

Bartzelonakoa eta payo-a, ez zuen Andaluziako tabernetan ikasi flamenkoa. Nerabezaroan ezagutu zuen, eta, bat-batean, Camaron de la Islaren zalea zen neskak Kataluniako Musika Goi Eskolan eman zuen izena; urtean ikasle bakarra onartzen dute flamenko ikasketetarako. Estiloa bereganatuta, iaz, graduatzearekin batera aurkeztu zuen lehenengo EPa: Los Ángeles. Raul Refree musikariarekin batera egindako proiektuarekin egin zituen lehen urratsak. Soilik gitarraz lagundutako abestiekin hasi zen indarra hartzen Rosaliaren ahotsa, baina jauzi nabarmena egin du disko berriarekin.

Tradizioari errespetuz, baina anbizio mugagabearekin, berearekin aurrera egiteko asmoa dauka Rosaliak. Eta emaitza onak eman dizkio, oraingoz: «Badakit arriskatzen ari naizela, baina ez dago beste aukerarik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.