Zirrara, haitzaren hutsune bizietan

Josune Ilundain sortzaileak 'Hutsune bizi' egitasmoa eskaini du Mendukilo leizean. Aralarko barrunbeetan barna, zentzumenen bidezko txangoa egin dute bisitariek, testua, dantza, musika eta mitologia uztartzen dituen ibilbidean.

IDOIA ZABALETA / @FOKU.
Ion Orzaiz.
Astitz
2020ko irailaren 13a
00:00
Entzun

Txalapartaren hotsak ozen aditu daitezke, haitzuloko paretek anplifikatuta. Takun-tan-takun. «Entzun, begiratu ingurura. Zer sentitzen duzue?», galdetu die Josune Ilundainek Mendukiloko leizearen sarreran batu diren bisitariei (Astitz, Larraun ibarra, Nafarroa). Ilundainek ez du maite artista hitza bere burua definitzeko. Nahiago du sortzaile. Hori ari da egiten uneotan: sortzen, ezereza baino askoz gehiago den hutsunetik. Hutsune du izena otsailean argitaratu zuen obra-liburuak, eta, bertan azaltzen diren testuak eta ilustrazioak oinarritzat hartuta, Hutsune bizi egitasmoa ondu du orain: bisita gidatu bat, mendigune karstikoen azpiko abaguneetan barna.

 

«Nire helburua zen hutsunea sentiaraztea, bizitzea, eta, horretarako, ez dago haitzulo bat baino leku aproposagorik», azaldu du, bisitaldia hasteko minutu gutxiren faltan. «Leize bat ez da zulo edo hutsune bat bakarrik: milioika urtez gertatzen den eraldaketa prozesu jarraitu baten ondorio da. Eta hori ere islatu nahi izan dut: etenik gabe eraldatzen ari den ingurune batek nola eraldatzen ahal gaituen gu ere».

Adierazpide artistikoen bidez, hainbat «estimulu» eskaini nahi ditu sortzaile nafarrak, «zentzumenak pizteko eta barruak mugitzeko». Lauko txalapartari taldeak leizearen sarreran eskaini duen emanaldia izan da horietako bat. «Zer iradokitzen dizue txalapartaren soinuak?», galdetu diete bisitan parte hartzen ari direnei. «Tradizioa», erantzun du emakume batek. «Arbasoak», gehitu du beste batek. Horien atzetik heldu dira beste kontzeptu asko ere: «Askatasuna», «egurra», «komunikazioa»...

Jose Migel Barandiaranen hitzez lagunduta, Mendukilo leizearen historiaz eta kondairez hitz egin du Ilundainek. Azaldu du, adibidez, haitzuloa erabiltzen zela mendiko ukuilu gisara. «Baliteke Mendukilo izena hortik etortzea: mendi eta ukuilu hitzetatik».

Aldapa luze bat jaitsi, eta leizeko lehen areto handira iritsi dira bisitariak: Artzainzulo izenekora. Han, garai bateko artzainen bizimoduari erreparatzeko eskatu du Ilundainek. Gero eta urriagoa da kanpotik datorren argia, eta tenperatura ere dezente jaitsi da segundo gutxitan. Pareta handietan proiektatzen diren itzalen artean, figura bat mugitu da. Beltzez jantzita eta aurpegia mozorro batez estalia. Su txiki bat piztu du, duela zenbait mendeko artzainek eginen luketen maneran. «Garai hartan, suak zekarren janaria, beroa, argia, istorioak... Etxeen zatirik garrantzitsuena ere sukaldea zen».

Estalaktita, estalagmita eta bestelako egitura geologiko ikusgarriez gozatzeko aukera ematen du leizeko bigarren areto nagusiak: Laminosin izenekoak. Han, ispilatze eta ilusio optiko bereziak sortzen dituzte argi-itzalek. Antzematen ditzaketen formak eta irudiak boz goran esateko eskatu du Ilundainek: «Nik pertsona bat ikusten dut han», «pareta horretan aurpegi bat dagoela ematen du», «bada, nik zainzurien itxura besterik ez diet hartzen». Barre algaren oihartzunak talka egin du harrizko pareten artean.

Irudimenak sortutako figura horien guztien artean, baina, bada benetakorik ere: emakume bat, zutik, paretari begira. Dantzan hasi da, poemak errezitatzen dituen bitartean. Fokuek lagunduta, koreografiari segitzen dio haren itzalak ere, estalaktita eta estalagmiten artean.

Herensugearen gotorlekua

Hirugarren aretoa da guztien artean handiena: 60 metroko luzera du, eta, zenbait tokitan, 25 metroko altuera. Herensugearen gotorlekua du izena. Aukera baliatu du Ilundainek euskal mitologiaz hitz egiteko. Aipatu ditu laminak, sorginak, iratxoak eta baita Mari eta Sugaar ere.

Harrietan herensuge baten forma aurkitzeko eskatu du Ilundainek, eta, jendea horretan ari zela, haitzuloko argi guztiak itzali dituzte. Denak. Erabateko iluntasunak jan ditu bazter guztiak. Izua zabaldu baino lehen, ordea, ahots goxo bat ekarri du leize barruko haizeak. Mikel Laboaren Hegazti errariak abesten ari da emakume bat. «Hegazti errariak/ pausatu dira/ leihoan/ argia eta itzala/ bereizten diren lekuan». Oihartzunak barreiatzen ditu Joseba Sarrionandiak idatzitako bertsoak, areto eta pasabide guztietan barna. «Argia eta itzala/ leihoan/ pausatu dira/ hegazti errariak».

Argiak atzera ere piztuta, itzulerako bidea hartu du taldeak. Txalapartaren hotsei segitzeko eskatu du Ilundainek, eta, horiek erreferentzia gisara hartuta, hasierako puntura itzuli dira bisitariak. Han, eskerrak eman ditu artistak, pozik. «Bizia eman nahi izan diot bisitari, baina haitzuloaren berezko elementuak erabiliz. Egungo gizarteak eta egungo sistemak eramaten gaituzte etenik gabe gehitzera, gauza gero eta gehiago pilatzera. Nik kontrakoa bilatu dut: oinarri-oinarrizko elementuak erabiliz, gauzen esentzia azaleratu nahi izan dut», azaldu du, hunkituta.

Lur azpitik aterata, askok aitortu dute hutsuneari beste modu batera begiratzen hasi zaizkiola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.