Mariano Barroso. 'La línea invisible' telesaileko zuzendaria

«Historia manikeoa izan daiteke; istorioak, ez»

Movistar Plus ordainpeko plataformak ETAren lehen urteei buruzko telesail bat estreinatu du aste honetan. Barrosok uste du pertsonaia konplexuak funtsezkoak direla istorioak sinesgarriak izan daitezen.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
urtzi urkizu
2020ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Gidoilaria, ekoizlea eta zinemagilea da Mariano Barroso (Bartzelona, 1959), eta 2018an Espainiako Zinema Akademiako presidente izendatu zuten. Movistar Plusentzat El día de mañana telesaila zuzendu zuen duela bi urte. Argi du koronabirusaren krisiak zinemaren sektorea «gogor» kolpatuko duela.

La línea invisible enkarguzko lan bat izan da zuretzat?

Proposamen bat izan da, eta aukera bat istorio bat kontatzeko. Jende askorentzat ezezaguna den istorio bat. Historia garaikidearen pasarte garrantzitsu bat izan zen hura, eta egokia ezagutzeko zenbait gauza nola jaiotzen diren.

Nola sentitu zinen emozionalki ETAren hasiera kontatzeko orduan?

Material oso sentsiblea da; lehergailu batera gerturatzea bezala da, konparazio zakarra baldin bada ere. Jende askok sufritu zuen gero gertatu zena. Guretzat, laban batekin historiaren zati hori moztea bezala izan zen. Gero etorriko zenaren abstrakzio ariketa egin genuen, era berean. Amesgaiztoaren jatorria ari gara kontatzen, baina ez amesgaiztoa bere horretan. Oso intentsoa izan zen emozionalki. Nahiz eta egoera asko aldatu den, hor oraindik min bat dago, elkar ez ikuste bat gizartean. Herri baten tragedian murgiltzea izan da.

Zer moduz joan ziren grabaketak?

Nik zazpi hilabete pasatu nituen Euskal Herrian. Grabazioek hamasei aste iraun zuten, eta Euskal Herri osotik ibili ginen. Zirraragarria izan zen lantalde teknikoek izan zuten inplikazioa. Tokian tokiko herritarrek emozio handiarekin sentitu zituzten grabatzen genituen kontuak. Hori izan zen bizi izan genuen ederrenetakoa. Lantaldea asko hunkitu zen Txabi Etxebarrietaren heriotzarekin, eta Meliton Manzanasen heriotzarekin ere bai. Aktoreen lana ere zoragarria izan zen.

Etxeberriaren eta Manzanasen gizatasunean asko barneratzen da telesaila.

Ezinbestekoa da pertsonaien giza partean barneratzea, bestela panfleto bat egiten arituko ginateke. Haurrek ere egun eskatzen dute fikzioan pertsonaiak dimentsio askotakoak izatea. Inork ez ditu ikusi nahi dimentsio bakarreko pertsonaiak. Pertsonaia konplexuak funtsezkoak dira istorioak sinesgarriak izan daitezen. Historia manikeoa izan daiteke, baina istorioak ez.

Telesailean ez al da gelditzen oso itzalean frankismoaren errepresioa? Meliton Manzanas, adibidez, ez da oso nabarmen agertzen atxilotuak torturatzen.

Bi eszena osorik daude non Manzanas torturatzen ari den. Telesailak fokua gehiago jartzen du Txabi Etxebarrietaren pertsonaian. Baina errepresio frankista ere agertzen da; lehen atalean, herri jai batzuk desegiten ditu Guardia Zibilak. Eta bigarren atalean, langileen manifestazioetan Polizia nola aritzen zen ikusten da. Manzanasen lankide bat Chamorro polizia sadikoa da, halaber. Ez da ezer ezkutatzen, eta asko zaindu genituen ñabardura guztiak.

Telesailaren inguruko askotariko kritikak ari dira argitaratzen. Gaia kontuan izanda, espero zitekeen, ezta?

Proiektuan sartu nintzenetik banekien hau ez zela komedia erromantiko bat. Badakizu lupa batekin begiratuko duela jende askok. Telesailean kontatzen duguna gertatu zenaren bertsio bat baino ez da, eta ziur nago bertsio adina daudela errealitate hura bizi zuten pertsonak. Telesailaren hasierako kredituetan ere esaten dugu hau bertsio bat baino ez dela. Ez ditugu karikaturizatu nahi izan ez batzuk, ez besteak. Pertsonaia guztiak humanizatu ditugu, gizakiak direlako.

HBOk Patria estreinatuko du aurten, eta dokumental batzuk ere egiten ari dira ETAren historiaz. Datozen urteetan ETAri buruzko telesail gehiago iritsiko direla uste duzu?

Bai, ona eta osasungarria da gizartea konbultsionatu zuen zerbait ezagutaraztea. Indarkeria beste gizaki baten aurka erabiltzeko legitimatua sentitu eta hori egiten duenak bere buruaren aurka ere erabiltzen du indarkeria. Hori egin zuten askok beren bizitzak suntsitu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.