Dahl XXI. mendera ekartzea

Polemikagai izan da azken egunotan Roald Dahl idazle galestarra, haren zenbait lanetatik ustezko lengoaia «iraingarria» ezabatzen ari direla zabaldu ondoren.

Ipuingintzan eta haur literaturaren alorrean emandako hamaika lanek eraman zuten letren gailurrera Roald Dahl idazlea. BERRIA.
itziar ugarte irizar
2023ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Asteko izenetako bat izan da harena. Mundu zabalean milaka irakurlek partekatzen duten imajinario kolektiboaren parte dira haren eskutik sortutako pertsonaia ugari, baina haien hitza mutatzen hasi dela dirudi. Iragan mendeko ipuingintzaren eta, batik bat, haur literaturaren egile goretsienetako bat izan zen Roald Dahlen (Llandafff, Gales-Great Missenden, Ingalaterra, 1990) testuak gaur-gaurko garaietara egokitzeko mugimenduak hasi baitira; oraingoz, ingelesezko letretan. Aurrerantzean, Charlie eta txokolate lantegia (1964) kontakizuneko Augustus Gloop ez da gehiago «gizena» izango, «handia» baizik. Matilda-ko (1988) neskato protagonistak ez du gehiago Rudyard Kipling irakurriko, ezpada Jane Austen. James eta melokotoi erraldoia (1961) liburuko hodeietako gizonak (hodei-gizonak) jada ez dira gizonak izango, ezpada jendea (hodei-jendea). Supermerkatuko kutxan lan egiten zuen andrea goi mailako zientzialaria bilakatu da, eta ez dira gehiago zuria eta beltza hitzak irakurriko Dahlek sinatutako orrietan.

Sorginak (1983) laneko pasarte batean, emakumeei ileetatik tiraka hasiko dela esaten dio protagonistak amonari, eta modu horretan ileordea zeinek daraman argituko duela. Urte luzez, amonak ihardetsi dio ezin duela ezagutzen duen andrazko bakoitzarekin halakorik egiten jardun; baina zorroztu egin du erantzuna orain: «Arrazoi asko egon daitezke emakume batek ileordea janzteko erabakiaren atzean, eta ezer txarrik ez dago horretan». Ehunka dira adibideak, eta Dahlen obra argitaratzen duen Puffin etxeak —haur literaturan pluraltasuna, berdintasuna eta irisgarritasuna sustatzen dituen Inclusive Minds kolektiboko irakurleak kontratatu ditu zeregin honetarako— eta idazlearen egile eskubideak kudeatzen dituen The Roald Dahl Story Companyk bultzatu dituzte moldaketak —azken hori Netflix ikus-entzunezkoen multinazionalak erosi zuen duela bi urte, eta horrek ertzak ugaritu dizkio, hain justu ere, eztabaidari—. The Daily Telegraph egunkariak argitaratutako pieza baten ostean piztu da harrabotsa, eta, haren aurrean, arduradunek defendatu dute «guztientzat gozagarri» izango den Dahl baten alde egin nahi izan dutelako erabaki dutela gaurko irakurle askorentzat «iraingarria» izan daitekeen hizkuntza moldatzea: «Roald Dahlen hitz zoragarriek pertsonaia harrigarriak deskubritzera eraman zaitzakete. Obra hau duela urte asko idatzita dago; beraz, tarteka, haren hizkera berrikusten dugu, bermatzeko gaur egun ere denek gozatu ahal izango dutela».

Pisuari, generoari, buru osasunari, indarkeria zantzuei eta arrazari loturiko esanak dira moldatu dituzten gehientsuenak, eta, kasu askotan, Dahlen lanik ezagunenak izan dira moldatu dituztenak. Horren atzean zuzentasun politikoaren zapalgailua antzeman du askok, eta, sareko mezuetan eta prentsako artikuluetan, asko izan dira argitaletxearen erabakia zuzenean gaitzetsi dutenak. Salman Rushdie idazleak, esate batera, txio hau idatzi zuen: «Roald Dahl ez zen inondik ere aingeru bat, baina hau zentsura absurdoa baino ez da».

Bide bertsutik, halakoak irakurlerik gazteenak «neurriz gain babesteko» neurriak direla iritzi diote haur literaturako zenbait adituk, baina egon da ohartarazi duenik, bestalde, gutxienez eztabaidagarria dela irri egiten segitzea gizenen, herrenen, genero arauak betetzen ez dituztenen kontura eta oro har bazterrerago egoteko baldintzak dituztenen kontura, baita gogorarazi duenik ere tranpatia izan ohi dela mugarik gabeko adierazpen askatasunaren aldeko aldarria egitea, auzia bere konplexutasunean aztertu ordez.

Idazlearen aurkikuntza

Garraztasuna. Hori da Dahlen unibertsoko pertsonaia eta istorio umoretsu askok duten ezaugarria, eta hori leundu nahi izatea haren estiloa sakonean urardotzea ez ote den, hori da airera atera diren beste galderetako bat. Izan ere, ironiaren zorroztaileetako bat ere izan zen Dahl, hartutako arriskuak arrisku. Irrigarriaren eta lekuz kanpokoaren banalerroa oso lausoa zela uste zuen. Hala ulertzen zuen, bederen, bere obran: «Emakume bat gizon batekin maitemintzen bada eta konturatzen bada gauza zikinak egiten ibili dela beste emakume batzuekin, eta objektu sendoren batekin jo eta hiltzen badu, hori tragedia bat da. Baina emakumeak eskuan duena arkume hanka izoztu bat bada eta gizona horrekin jo eta horrekin hiltzen badu, jendea irri txikian hasten da, eta orduan bildots hanka hori labean sartu, kozinatu eta gizona hil duen armaren bila etorritako detektibeei jateko ematen badie, orduan hori komikoa da. Oso lausoa da muga».

Tales of the Unexpected (Ustekabeko ipuinak, 1979) helduentzako istorio laburren bildumako kontakizun baten harira esan zituen hitzok Dahlek. Ziurrenik, ez dira haurrentzat idatzi zituen liburuak bezain ezagunak helduentzat idatzi zituenak, baina dezenteko sorta osatzen dute, poesian, gidoigintzan eta nobelagintzan emandako lanek aberasten dutena. Gaur egun, kalkulatzen da 65 hizkuntza ingurutara heldu dela haren obra, eta 300 milioi aletik gora dituela mundu zabalean sakabanatuta. Euskarazkoak dira horietako ez gutxi, eta hori berori bada idazlearen oihartzun handiaren isla. Besteak beste, Juan Mari Sarasolaren eta Agurtzane Ortiz de Landaluzeren itzulpenean irakur daiteke Charlie eta txokolate lantegia, Joxemari Iturralderenean Matilda, eta Joan Mari Irigoienenean Erraldoi on miragarria.

Gaurtik begiratuta, sinesgaitza dirudi, baina istripuz ekin zion Dahlek halako obra oparoari. Bigarren Mundu Gerraren hastapenetan, istripu bat izan zuen pilotu lanetan zebilela, eta gertaera hura kontatu zuen ipuina izan zen idatzi zuen lehen gauza: Shot down over Lybia (Libia gainean tirokatua). Argitaratzea ere antzera gertatu ei zitzaion: C.S. Forester idazlea lantokira azaldu zitzaion, gerrako kontakizunak idazten ari zela eta, informazio eske. Idatziz pasatu zizkion soldadu ohiak, eta, Foresterrek irakurri zituenean, Dahlen izena XXI. mendera arte ekarriko zuen bide batean jarri zuen haren erantzunak: «Bazenekien idazlea zinela?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.