Esperientzia zuzenaren poeta

AEBetako poesia garaikidearen egile nabarmenetako bat da Sharon Olds. Eguneroko bizitza miatzen dute haren olerkiek, berea zein komuna, ezin zehatzago eta biluziago.

Sharon Olds poeta, 2012ko irudi batean. MARCUS MAM.
itziar ugarte irizar
2023ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Inoiz kontatu izan du poetak berak, Emersonen inguruko doktorego tesia aurkeztu berritan, titulua eskuetan, unibertsitateko eskaileratan jarri, eta deabruarekin paktu bat egin zuela: ordura arte ikasi zuen guztiari uko egingo zion, zinez bere-bereak izango ziren poemak idaztearen truke. «Umetan, nire barruan bazegoen kantatu egiten zuen ahots bat, eta hura kanpora ateratzea zen kontua; lehendabizi, soinuen mundura eramanez, eta, gero, paper gainera». Ziurrenik ohi baino beranduago, 37 urterekin egin zuen ahotsa ateratzeko urrats hori Sharon Oldsek, eta, harrezkero, dozena bat poema liburutik gora eman ditu, ehun antologia baino gehiagotan sartu dituzte haren olerkiak, eta AEBetako sari garrantzitsuenetako asko jaso ditu, behin baino gehiagotan.

San Frantziskon (AEB) jaio zen Olds, 1942an, eta Berkeleyn hazi, Kalifornian. Erlijioari estu lotutako familia batean hezi zuten, eta lorratz sakona utzi zion giro hark betiko. Besteak beste, aita bortitz baten figurak ilundu zizkion haurtzaro-gaztaroko urte haiek—«idazten hastea, hein batean, liberazio bat izan zen»—, eta orduko beldurren eta askapen bulkaden inguruan aritu zen, hain justu, Satan Says (1989, Satanek dio) estreinako liburuan. Aurrera egin baino lehen kontu kitatze bat egin behar izan balu bezala. San Frantziskoko Poesia Saria irabazi zuen harekin, eta bere obra ezaugarrituko zuen ardatz nagusietako bat agerian utzi zuen jada: plazera eta oinazea lotzeko eta mundu ilunenak ere argitasunez ehuntzeko gaitasuna eta hautua.

Hiruzpalau urterik behin lan berri bat argitaratu du ordutik Oldsek —tartean daude, besteak beste, The One Girl at the Boys Party (1983, Mutilen festako neska bakarra); The Dead and the Living(1984, Hilak eta biziak) — National Book Critics Circle Award sariaren irabazlea eta AEBetako poesia garaikideko lanik salduenetako bat da; 50.000 aletik gora, denera—; The Gold Cell (1987, Urrezko gelaxka); The Father (1992, Aita); The Unswept Room (2002, Eskobatu gabeko gela); One Secret Thing (2009, Kontu sekretu bat); Stag's Leap (2012, Oreinaren jauzia); Odes (2016, Odak); Arias (2019); eta Balladz (2022, Baladak)—, eta gai eremu zabala zeharkatzen badute ere, horiek lantzeko moduak bereizi du nabarmen Oldsen poetika.

Zehaztasuna eta suhartasuna dira, segur aski, modu hori deskribatzen duten hitzetako bi. Bere bizitza afektiboko gorabeherak eta gertakari sozial zein globalak harilkatzen dituzte haren poemek, eta ahal bezain zuzen jotzen dute beti bistaratu nahi den horren muinera, apenas metaforarik gabe. Errimarik eta egitura zurrunik ez duten testuak dira Oldsenak, gertakizun txikien kateatze forma hartzen dutenak maiz. «Efektu nobelistiko bat» dutela idatzi izan dute horregatik. Egileak, aldiz, aurrez hausnartzen ez dituen gauzak direla erantzun ohi du. «Poema bakoitza bere beharren eta nire ahalen arabera idaztea da nik nahi dudana. Olerki bat hasten dudanean, inoiz ez dakit norantz egingo duen, ez eta une horretan nire buruarekin nola negoziatzen dudan ere. Agian otoitz egiten dut nire artea edo nire egia ito ez dadin, ez nadin erdibidean sartu poema azaleratuz doan heinean. Asko idazten dut, eta gehiena ez da inolaz ere besteei erakusteko modukoa».

Erradikaltasuna ere bada Oldsen poetikari atxiki izan zaion beste kontzeptu bat, eta sexualitateaz modu oso biluzian idatzi izanak badu zerikusirik. Esan izan duenez, alor horretaz idazten hastea «opari bat» izan zen beretzat. «Esan izan balidate bezala: 'Horra hor zuretzat giza esperientziaren eremu oso bat, bazterrean utzi izan dena'». Satan Says estreinakoan ezpal nabaria izan zen sexualitatearena, baina beti egon da presente Oldsen lanean —klitoriari, himenari, kondoiari eta tanpoiari idatzitako odak datoz, esaterako, Odes liburuan—, eta era bertsuan aritu izan da, halaber, amatasunaren mandatuez, giro intimoenetako indarkeriaz, minbiziaz gaixo den aita baten dekadentziaz zein urte luzetako harreman batetik atera berri den emakume heldu baten sentipenez.

Azken bi horiek dira, hain justu, haren liburu esanguratsuenetako biren ardatzak.

Ozpin eta ezti diren hitzak

1992an argitaratu zuen The Father Oldsek, eta bizi guztian harreman gatazkatsu bat izan zuen gizonaren gaixoaldiaren eta heriotzaren kronika poetikoa egin zuen bertan, bederatzi urtez aita zaintzen eta aita aztertzen egon zen alabaren ikuspegitik. Hizkuntza ugaritara itzulita dago liburua, baita 2012ko Stag's Leap ere, zeinak behin betiko kontsakrazioa ekarri zion. Senar ohiarekin izandako ezkonbizitza eta banandu ondotik irekitako bizialdi berria zorrotz aletu zituen han, eta T. S. Eliot saria eta Pulitzer saria eskuratu zituen.

AEBen kanpo zein barne egitekoen aurrean, bestalde, posizio kritikoa hartu izan du Oldsek—uko egin zion Etxe Zurira joateari, esaterako—. New Yorken bizi da egun, eta poesia tailerrak ematen ditu bertako unibertsitateko graduondoko idazketa programan. Hala goratu zuen haren lana behin Mark Doty Amerikako Poeten Akademiako kideak: «Hainbesteko zintzotasunez eta argitasunez idazten du, ezen traumaren, desiraren, atsekabearen zein alaitasunaren ebokazioan, bere poemek aukera berriak ireki dizkioten gure garaiko poesiari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.