Turkian arras zabaldurik dagoen esaera baten arabera, idazle izateko kartzelara joan behar du batek», dio Burhan Sonmezek (Haymana, Ankara, 1965). «Edonori entzungo diozu esaten. Txiste ona da, eta gure belaunaldiarentzat egia ederra ere bai». Hainbat sari jasotakoa da Sonmezen Istanbul, Istanbul nobela (2015), eta ziega batean girotua dago; han jazotakoak egileak ikasle zela atxilotuta igaro zituen urteetan daude oinarrituta.
Baiki, tradizio luzea dago Turkian kartzelako literaturari dagokionez. Nazim Hikmet poeta ezagunak (Salonika, Otomandar Inperioa, gaur egungo Tesalonika, Grezia, 1902-Mosku, 1963) denboraldi luzeak egin zituen kartzelan, eta obraren zati handi bat urte haietan idatzi zuen —Sartre, Picasso, Neruda eta beste hainbat pentsalari, idazle eta artistak Hikmeten askatasunaren aldeko nazioarteko kanpainan parte hartu zuten 1940ko hamarkadan—. Hikmeten ziegakide izan zen Orham Kemal, (Zeyhan, Turkia, 1914-Sofia, 1970) eta memorietan jaso zuen poetarekin batera barruan igarotako denbora.
Sevgi Soysal (Istanbul, 1936-1976) Turkiako mugimendu feministaren ikonoetako bat da. Orhan Kemal sari entzutetsua jaso zuen 1974an, kartzelan zela idatzitako Yenisehir'de Bir …gle Vakti nobelagatik (Eguerdi aldera Yenisehirren, 1973). Haren kartzelako memoriak bi urte geroago argitaratu zituzten, Soysal minbiziagatik hil ostean. 1982an, Cannesko zinema jaialdiko epaimahaiak Yilmaz Guney zuzendari zaza-kurduari (Yenice, Karatas, 1937-Paris, 1984) eman zion sari nagusia, kartzelatik zuzendutako Yol filmagatik. Urtebete geroago hildako Necip Fazil poeta eta pentsalari islamiarrak (Istanbul 1904-1983) kartzelan igarotako denboraldietan idatzi zituen hainbat poema.
Asko izan dira Turkiaren historia moderno gatazkatsuan atxiloturiko disidente politikoak. Turkiako kartzeletako idazleak emakumeak, gizonak, komunistak, ezkertiarrak, islamistak, kurduak, kazetariak, oposizioko kideak dira, hots, ahots kritikoak. Haien liburuetako asko debekatuta daude herrialdean; hala ere, barruan idatzitako poema, memoria, fikzio zein antzerki lan horiek, nola edo hala, lortzen dute herritarrengana heltzea.
Azken urteetan, kartzelako literaturaren eztanda gertatu da, kartzela sistemaren hedapenaren zein 2016ko arrakastarik gabeko estatu kolpearen ostean milaka lagun itzalera bidali baitituzte Recep Tayyip Erdogan presidentearen gobernuak bultzaturiko neurri zorrotzek. Iaz bakarrik, preso dauden zein libre geraturiko zortzi egileren liburuak argitaratu ziren. Haietariko bat da Ahmed Altan (Ankara, 1950) kazetariaren kartzelako memoriena. Iaz, bizi osorako kartzela zigorra ezarri zioten, baldintzapeko askatasunerako aukerarik gabe, 2016ko estatu kolpean «ordena konstituzionala hausten» saiatzeagatik —kazetariaren abokatuek apelatu egin dute aurten epaia—. Zigorraldi luzeak eragindako etsipen sentimenduaren isla da memorien izenburua: Ez dut mundua berriro ikusiko. Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, Altan arrazoi politikoengatik dago atxilotuta, eta haren kasua aurrekari beldurgarria da prentsa askatasunari begira.
Kazetari bizimoduaren arriskuak prentsa askatasuna setiaturik daukan herrialdean ditu hizpide, hain zuzen, Kadri Gurselen (Istanbul, 1961) Ben de Sizin Icin liburuak (2018). Gursel nerabe zela atxilotu zuten lehen aldiz, 1980ko altxamendu militarra gertatu baino pixka bat lehenago. Lau urte igaro zituen atxiloketa zentro militarretan, garai hartan espetxeraturiko beste milioi erditik gora turkiarrekin batera. Gero, helduaroan, jadanik kazetari lanetan zebilela, PKK-k hogeita sei egunez gatibu eduki zuen —gertaera horren gainekoa da Dagdakiler liburua (Mendiko horiek)—. 2016an oposizioko egunkarian idazteagatik atxilotu zuten, eta terroristei laguntzeaz akusatu zuten.
Erresistentziarako tresna
Azken urteetako kartzela liburuetako batzuek Turkian bertan ez ezik nazioartean ere interes handia piztu dute. Selahattin Demirtas (Palu, Elazig, 1973) zaza-kurdu jatorriko giza eskubideen abokatu eta Turkiako bigarren oposizioko alderdiko zuzendarikideak idatzitako Seher (Egunsentia, 2018) ipuin bildumak Turkian 200.000 kopia saldu ditu jada, eta, PEN Translates sariari esker, ingelesezko itzulpena gogor sartu da Ingalaterrako etaAEBetako literatur merkatuetan. Demirtasen ipuinek Turkiako eta Ekialde Hurbileko jendearen gorabeherak azaltzen dituzte, maiz entzun gabe geratzen diren ahotsak abiapuntutzat hartuta.
Demirtasen liburuak izan duen arrakasta ikusita, Erdoganen gobernuak terroristen propagandan erortzea leporatu die atzerriko argitaletxeei. Beste modu batera ere interpreta daiteke Turkian zein Turkiatik kanpo kartzelako literaturak pizturiko interesa: literatura zinez erakargarria dela. Sonmezen ustez, Turkiaren moduko herrialde politikoki nahaspilatsu batean igarotako urteek sinesgarritasuna ematen diote intelektualek zein politikariek idatzitakoari. Agian azalkeria dirudi horrela esateak, baina Sonmezek zera esan nahi digu: literatura erresistentziarako artefaktu bat dela eta kartzelako literaturaren idazkuntza hura irakurtzeko tradizioa bezain sakona dela.
Literatura
Ziegatik mundura
Azken urteetan, espetxeetako literaturaren eztanda gertatu da Turkian, eta argitaratutako liburu batzuek arrakasta handia izan dute, herrialdean ez ezik, baita nazioartean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu