'POEMA ANTECESSOR'

Askok uste baino lehenago jaitsi zen euskara ahotik paperera. Hala diote paleografoek, historialariek eta filologoek, azken urteetako aurkikuntzen argitara; hala baieztatu du iaz aurkitu zuten 1515 inguruko eskuizkribu lirikoak. Testu horrek beste pitzadura bat eragin dio euskaldun agrafoen mito zaharrari.

GIPUZKOAKO PROBINTZIAKO ARTXIBO HISTORIKOA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun

AHPG-GPAH 2/0801,D:50r-51v. Indusketa arkeologiko batean aurkitutako edozein piezaren sailkatze izena dela sinets dezake batek. Ez, baina. Lur hau paperezkoa da; eta eboluzio zantzuak erakusten dituzten hitzak azaleratu dira mendeetako hezetasunak, tintak eta zomorroek papurtutako paper honen gainean. «Ene laztan gozo ederra...». Ikusi izana ere... Aulki honetantxe zegoen eserita Rosa Aierbe Iribar iazko maiatzaren 26an; mahai gain honetan ezarri zuen liburu hau; pareko astotxoan pausatu eta pasatu zituen orriak, 50.era heldu arte.

Ikusi gehiago:Aurkikuntzaren disekzioa

«Ezkontza hitzarmen bat ari nintzen begiratzen, eta esaldia osorik ikusi nuen», kontatu du telefonoz historialariak. «1508ko data zeukan agiriak, baina ez nuen pentsatu ezagutzen den euskarazko poema zaharrena izan zitekeenik».

Burua altxatu, artxibozainari keinu egin, eta «Ramon, hau zer da?» galdetu zion, aurrez aurre zeukan orrialdearen ezker-goialdera seinalatuz. «Hurbildu nintzen eta ikusi nuen: 'Ene laztan gozo...'. Hasiera hori oso ondo ikusten da, izan ere. Rosak bazekien zer zen hura. Neuk ere bai. Horixe izan zen dena», gogoratu du Ramon Martin Sukia artxiboburuak. Pirotekniarik ez, alegia, Aierbek ere nabarmendu duenez: «Harrotasunez betetzen nau aurkikuntzak, jakina, baina ez nintzen testua ikertzen hasi, lan hori ez zegokidalako niri. Protokoloak irakurtzen segitu nuen. Banekien aditu on askoak badirela testua aztertzeko».

Oñatiko (Gipuzkoa) artxiboko zuzendariak ere bazekien. XVI. mende hastapenetako agiri bat zeukan esku artean, zeinetan erdigunea gaztelaniazko testu batek hartzen zuen, eta, testu horrek betetzen ez zituen hutsuneetan —goi behetan eta ezker eskuinetan— euskarazko hitzak irakur zitezkeen: «Idazteko sistema, goialdean hasi eta gero jauzika, ezkerreko tartetik eskuinekora, dena horizontalean... Ez digu uzten ikusten non bukatzen den hitza benetan». Hala deitu zien Martinek Iago Irixoa historialariari eta Ander Ros filologoari. Onomastika Elkarteko kidea da azken hori, eta Azkoitiko (Gipuzkoa) izen zaharrak ari zen ikertzen Martinen deia jaso zuenean. Gogoan du Migel Ibañez Insausti Azkoitiko eskribauaren agirien artean agertutako testuak eragin zion zirrara: «Shock moduko bat sentitu nuen lehen aldiz ikusi nuenean».

Euskal testuen genealogian eskuizkribu hark zeukan garrantziaren lehen azterketa egiteko eskatu zion Martinek. Horretarako, baina, testua osorik irakurri behar zen, eta ezin: «Oso gaizki ikusten zen testua paperaren egoeragatik, hitzak eta tintak nahasian egoteagatik eta tintaren ezabaketagatik».

Teknologia lagun

Ander Ros ordenagailu pantaila erraldoi baten aurrean, bost mende lehenagoko euskaldun baten hitzak trazatu eta garbitu nahian, hizkiz hizki, testuaren tamaina %2.000 handituta. «Euskarazko testua erdarazkotik bereiztea izan zen lehen lana. Esku artean izan genuen lehen argazkian ez zen ezer ikusten, izan ere. Gutun bat zela pentsatu genuen hasieran, atera kontuak».

Jose Valderrey argazkilariak Wood lanpara baliatuz gama ultramoreko argazkia egin zuenean, lana erraztu zitzaien. «Izpi ultramoreekin argazki hura egin arte, ez nintzen hasi testua garbi ikusten». Iago Irixoak egin zuen lehen transkripzioa, «eta hura gabe larri ibiliko ginateke». Oraindik ere ondo argitu ezin izan dituzten hitz bakan batzuk badira, baina testuaren handi-aurkia argia dela dio Rosek. «Testuaren %20 da iluna, eta oraindik ere ulertzen ez ditugun dozena erdi bat hitz badira». Bost mende ez dira alferrik joan.

Argi-ilunak argi-ilun, bi poema daudela ondorioztatu dute: Ene laztan gozo ederra eta Goizean goizik jagui nintzan. Hirugarren baten lehen hitz tatxatuak ere badira: Egun batean ninjoela. «Lehen poema elkarrizketa bat da. Batek maitasuna agertzen dio besteari, eta besteak errefusatu egiten du. Bigarren poeman zailagoa da ondorioak ateratzea. Testua guztiz finkatu gabe dago». Argi dago estilo eta gai aldetik bestea ez bezalakoa dela, hala ere.

«Ematen du idazlea oso euforiko zegoela. Hizkien buztanak-eta hiru lerro beheragoraino egin zituen. Zirriborro asko dago, gainera». Euforia hori maiteminak eragina ote zen, hipotesi bat da. Testuaz gain, testugilea ere inkognita bat baita. Zertarako idatzi ote zuen, esaterako? «Agiriko erdarazko testua ariketa kaligrafiko bat dela, ez da zalantzarik, bost aldiz kopiatutako testu bat baita. Euskarazko testua, berriz... Poema bat idazten, kopiatzen edo gogoratzen ari ote den egilea, ez dago garbi», Rosen aburuz.

Zergatik ez dagoen garbi? Testuan klixe batzuk daudelako, ahoz aho errepikatuko direnak eta ezagunak direnak. Egun bereko alarguntsa balada ezagunaren egitura dakar gogora testuko bigarren poemak, esaterako. Bada Azkoitiko protokolo-liburuko poemek Rosi gogora dakarkioten beste lan bat ere: Joan Perez Lazarragaren eskuizkribuan (1567- 1602) jasota dagoen Sasiolako Estibalitzen Itai lelo ibai lelo kanta. «Testuari zentzua behar bezala hartzen lagundu ahal digun jendea bada. Interpretazio lirikoa ere egiteko dago. Bada lana, arlo askotan; adituak ere bai. Hau hasi besterik ez da egin», erantsi du filologoak.

Genealogian atzera

1507 eta 1515 bitartekoa da Azkoitiko eskuizkribua, Irixoa-Martin-Ros hirukotearen arabera. «Data entzun nuenean, ileak laztu zitzaizkidan. 1550etik aurrerako testuak agertzea, zoragarria izanik ere, ez baitzaigu hain handia egiten; baina 1500 eta gutxikoa aurkitzea...». Blanca Urgell filologoarenak dira hitzak. Datak garrantzitsuak baitira. Oñatin aurkitutakoa hirugarren edo laugarren zaharrena litzateke, izan ere, ezagutzen diren euskarazko gutxieneko luzerako testuen artean. Matxin Zalbaren gutun elebidunaren (1416) eta Pater Noster txikia-ren (1425) atzetik letorke, eta Uitziko ezkontza fedearen (1509) garaikidea litzateke.

Azkoitiko testuak, hain zuzen ere, Iruñeko katedralean gordetako Pater Noster txikia izeneko otoitza ekarri dio gogora Urgelli: «Hura ere luma proba bat da, liburu baten isurian idatzita. Azkoitiko testuaren egilea ere luma probatzen ari baitzen, burura zetorkiona idazten egon zitekeen. Hipotesi bat besterik ez da».

Interpretazio aukera desberdinek ez diote kentzen garrantzirik Azkoitiko agiriaren azterketari, Urgellen ustez: «Lan handia egin dute eta gauza garrantzizkoenak ezarri ere bai, nire ustetan». Eta testuak aldaketak ekar ditzake euskal letren genealogiaren sokan: «Agrafoak gineneko mitoa berrikusi beharko genuke. Lazarragaren eskuizkribuaren agerpenak ikuspegi aldaketa sakon bat ekarri zuen. Bat-batean, begien aurren jarri zigun XVI. mendeko elitekoen artean batzuk literatura euskaraz egiteko gauza zirela eta horretara emanak zirela. Eta Azkoitiko idazkiak hori berretsi egiten du».

Lazarragaren eskuizkribua 2004ko otsailaren 18an aurkeztu zuten. 51 orrialdeko testu bilduma bat da, eta balio ukaezina du hizkuntza eta lirika aldetik. Monumenta Linguae Vasconum ikerketa taldea lan horren edizioa eta azterketa ari da egiten, eta bertan da Urgell ere. «Lazarragaren ostean Azkoitiko hau dator, ia mende erdi lehenagoko testu batekin, eta esaten duzu: 'Ez dakigu ezer gure XVI. mendeaz, kulturaren aldetik'. Orain daukagun euskararen pertzepzio dramatikoa egiazkoa da, izan ere, eta duela bi mende ere egiazkoa zen, baina XVI. mendean beste mundu batean geunden».

Desberdina izanik ere, mundu hartan aldaketa egosten ari zen: Gaztela-Aragoiko koroek bat egin zuten Nafarroa konkistatzeko, Eliza katolikoak Trentoko kontzilioa egin zuen, «eta Antzinako Erregimena deitzen dena sustatu zuten mende hartan», Martin historialari eta artxibozainak azpimarratu duenez. «Monarkia zeharo indartu zen, eta hori oso garbi ikusten da orduko agiriei esker. Erdara zen errege eta administrazio hizkuntza. Hor ezarritako ildoa ez da XIX. mendera arte aldatuko».

Oinarri horiek jartzen ziren bitartean, baina, euskara jende askoren eguneroko bizitzako hizkuntza zen, Urgellek zehaztu duenez: «Poesia egiteko ere bai».

Eta Azkoitiko testuaren egileak, Lazarraga izan gabe ere, bazekien euskaraz idazten, Ander Rosen aburuz: «Hizkuntza batean lehen aldiz idazten hasten zarenean, ez dakizu nondik hasi ere, eta hitz guztiak ondo bereizita eta ortografia aldetik ere egoki idatzita dago testu hau. Honen idazlea lehenago aritua zen idazten, edo bestek idatzia irakurria zuen». Eta berea idaztean, molde arkaikoen eta modernoagoen printzak dauzkan euskara erabili zuen: «500 urteotan, batez ere, aditzetan eboluzionatu da, eta testu honetan badira molde zaharrekoak eta berrikoak, elkarren ondoan».

Eboluzio horren hastapena adituek orain arte uste baino lehenago koka daitekeela adierazten du horrek, Urgellen aburuz. Eta bada beste puntu interesgarri bat Azkoitiko testuan, bere ustez: «Hor oso ondo ikusten da Erdi Aroan izan zela orain guk mendebaldeko euskara zaharra deitzen dugun makro-dialekto bat, Araba eta Bizkaia ez ezik, Gipuzkoako parte handi bat ere hartzen zuena».

Hala bihurtzen da ezustean agertutako paper-fosil xume bat poema antecessor, idazle are antecessor-agoen iragarle eta euskararen eboluzioaren erakusle. «Lazarraga baino mende erdi lehenago ere batzuek euren sentimenduak euskaraz adierazten zituztela eta eskema poetiko partekatu bat bazela dio honek. Beraz, eskema hori XV. mendean bazen», dio Ramon Martinek. Artxibozain gisa duen urteetako esperientziatik, oso zail ikusten du antecessor-en aurrekoren bat aurkitzea. «XVI. mendeko agiri gutxi badago, XV. mendeko oso-oso-oso gutxi dago. Lau tantarekin ari gara historia egiten, azken batean. Tantan horiek oso potenteak dira eta garrantzi handia dute. Baina lau besterik ez dira».

Jarraitu irakurtzen: Aurkikuntzaren disekzioa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.