Literatura

Pozoia edan ahal izan dadin

Chantal Maillard idazlearen jarduna filosofiaren eta poesiaren bidegurutzean koka daiteke. Testu askoren jatorrian oinazea egon arren, sakona, gardena eta kontzesiorik gabea da haren idazkera.

Poeta izateaz gainera, filosofian doktore eta Indiako erlijioetan aditu ere bada Chantal Maillard. ALBERTO AJA / EFE.
Inigo Astiz
2020ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Kontzesio gutxi egin eta, trukean, irakurleari arreta eskatzen dioten idazle horietako bat da Chantal Maillard (Bruselas, 1951). Belgikan jaio zen, baina Andaluzian bizi da gaztarotik (Espainia), eta gazteleraz idatzi ditu argitaratu dituen ia berrogei liburuak. Filosofiaren eta poesiaren bidegurutzean dabiltza haren lanak maiz, eta bi norabideetan, gainera: igartzen baita poetaren sentsibilitatea saiakera modura argitaratutako lanetan, eta filosofoak ere beti uzten baitu arrastoren bat poema bilduma gisa ateratakoetan. Bi generoak paraleloak direla dio egileak, baina muga ez da iragazgaitza.

Medea izendatu du bere azken poema liburua (Tusquets, 2020), esaterako, eta, poesia sailean argitaratu arren, irakurleak aise igarriko dizkio erro filosofikoak testuari. Izan ere, Maillardek Medearen ahotsetik idatzi ditu testu guztiak, hots, mito klasikoaren arabera inguruko etsai, arerio eta aurkari guztiak hiltzeaz gainera seme-alabak ere akabatu zituen harako haren ahotsetik, eta erruari eta errukiari eskainitako tratatu moduko baten arrastoak edo promesak suma daitezke bertsolerroen ezkutuko aldean. «Orainaldi orok estaltzen du iraganen bat./ Berriz zapaldu gabeko elurrak/ garbi gorde du bere hotsa/ eta beherago/ lohi zapore hura/ haren karramarro grinatsuak mihian».

Aurrez ere landua zuen Medearen mitoa errukiari eta bizikidetzari eskainitako La compasión difícilsaiakera filosofikoan (Erruki zaila). Hiltzailearenganako errukia posible ote den galdetzen dio bere buruari idazleak, eta nabarmena da lan haren oihartzuna bere azken poema bildumako hainbat testutan. 27. puska izenekoan, esaterako, Medearen beraren ahotsean, beti: «Nola ulertuko duzue krimena egin duena/ baldin eta hura egiteko gai sentitzen ez bazarete?/ Baldin eta zeuen buruei lurralderik ilunenetara sartzea debekatzen badiezue/ eta haren galbideei immune zaretela sentitzen baduzue. Zuek/ bizitoki duzuen lurralde argitsu horretatik/ nola ulertuko duzue ilunpetan bizi dena?/[...]/ Mundu honetan nor gara/ biktimak eta nor errudunak?/ Gosearen lekuan/ harrapari oro da errugabe».

Minaren poeta dela esan izan dute hari buruz. Eta, onartua duenez, dolu betean zegoela iritsi zen, adibidez, isiltasunaren mugaraino 2007an argitaratutako Hilos poema bilduman (Hariak). Dolua, hasteko, heste lodiko minbizi baten ondorioz osasuna galdu zuelako. Malagako Unibertsitatean zeukan filosofia-irakasle lana ere utzi behar izan zuen horregatik 2000. urtean, eta idaztea du egiteko bakar geroztik, baina minez egin behar hori ere, aitortu izan duenez, gehienez ere bi ordu eman ditzakeelako jarraian eserita oinazerik gabe. Eta dolua, halaber, bi semeetako batek bere buruaz beste egitea erabaki zuelako.

Eta, hain justu, testuaren jatorrian dagoen min horregatik guztiagatik dabil isiltasunaren mugan Maillarden idazkera apaingarri eta erretorika gabea liburu horretan. Minimoan. Existitzeko ere zalantzan. Zurrumurru bat besterik ez dirudi poetaren ni-ak, eta haren printza sakabanatuak besterik ez du eskaintzen. Poetak pentsamendua eta hizkuntza sortzen dituzten mekanismoak ikusgarri bilakatu nahi balitu bezala da. «Ametsaren ertzean, zerbait, hats bat/ dardarka, pauta berberekin tematuta./ Eta solido bilakatzen da. Eta esaten du ni./ Eta neu-a badator, berriro, bere burua sinetsita».

Platon akabatzea

Poesiaren eta saiakera filosofikoaren arteko mugan dabil 2004ko Matar a Platón liburua ere (Platon akabatzea). Espainiako Poesia Sari Nazionala eskuratu zuen lan hari esker. Teknika zainduz, Maillardek elkarri lotuta doazen bi plano paralelotan aurkezten ditu, alde batetik, auto batek harrapatuta hil den gizon bati buruzko poema sorta bat, eta, bestetik, gertakari horri buruz idazteaz gogoetan dabilen idazle baten hitzak. Eta, berriz ere, nabarmena da filosofiaren arrastoa liburu osoan. Lehen-lehen orrian Gilles Deleuze pentsalariari hartutako bi aipuekin hasi, eta azken lerroraino. «Eta sentimenduak?/ Egon behar al lukete?/ Gertatzen dena hotz/ deskribatzen duen lerroa poesia al da?/ Baina zer da gertatzen dena?».

Escribir (Idaztea) izeneko hemeretzi orriko poema bat ere badakar liburu horrek. Idaztearen zergatiaren gaia darabil poetak hasieratik bukaerara, eta beldurra, mina, bizirik irauteko gogoa, literaturaren ahalmen ia magikoa eta, aldi berean, haren mugen eskastasuna gurutzatzen dituen bizitasun handiko zeharkaldi eder, lehor, luze eta garden baten ostean heltzen da azken ondoriora: «idaztea/ hori delako mugitzeko/ daukadan modurik azkarrena/ idaztea/ literaturarik egin gabe?/.../ eta zer axolako dio!:/ min gehiegi dago/ gorputz honen putzuan/ halako gai bati/ garrantzia emateko/ idazten dut/ ur pozoitua/ edan ahal izan dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.