Suspertu ezinik dabil oraindik ere Eibar. Atzo, berriro esku hutsik geratu zen: 0-2 galdu zuen Levanteren aurka, Unben. Jadanik zazpi jardunaldi daramatza irabazi gabe, duela ia bi hilabete Athletici nagusitu zitzaionetik. Ordutik zazpi jokatu ditu, eta bi berdindu ditu, eta bost galdu; hau da, jokoan egon diren 21 puntuetatik bi baino ez ditu lortu. Eibartarren zorionerako, oraindik alde ona du jaisteko postuekin, sei puntu, baina lehenbailehen suspertu beharra du, estutasunak saihesteko.
Ez zen atzokoa aukerarik aproposena bolada txarra eteteko, aurkari indartsua baita Levante. Baina etxekoak gai izan ziren lehen zati osoan koska bat gorago dagoen taldearekin nor baino nor gehiago aritzeko. Baina bigarren zatia hasi eta gutxira, 48. minutuan, epaileak bigarren txartel horia atera zion Carla Morerari, eta Eibar hamar jokalarirekin geratu zen. Hori nahikoa ez, eta minutu batera gola sartu zuen Levantek, Alba Redondok. Kolpea izan zen, eta, saiatu ziren arren, etxekoek ezin izan zioten buelta eman. Gainera, Esther Gonzalezek 0-2koa sartu zuen 71. minutuan, eta erabakita utzi lehia.
Reala eta Athletic, gaur
Realak eta Athleticek, berriz, gaur jokatuko dute: txuri-urdinek goiko postuetan sendotu nahi dute Zubietan Deportivori irabazita (11:00, Gol); zuri-gorriek, berriz, goranzko bidea hasi nahi dute, Rayo Vallecanoren zelaian garaipena lortuta (13:00).
Eibarrek ezin du bolada txarra eten: 0-2 galdu du Levanteren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu