Ametsik gabeko lurra

Langile klasearen eta amets amerikarraren bazterretan dabiltzanen ahotsa biltzen dute Russell Banks idazle estatubatuarraren literatur lanek. 82 urterekin zendu berri da.

The Sweet Hereafter eleberria Atom Egoyanek eraman zuen zinemara, 1997an. BERRIA.
mikel lizarralde
2023ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Literaturak salbatu zuela esaten zuen Russell Banksek (Barnhead, New Hampshire, AEB, 1940 - Saratoga Springs, New York, 2023). Klixea eman badezake ere, errealitatea idazle madarikatuaren irudiari gailentzen zaio askotan: «Umea nintzenean, alkoholismoak eta indarkeriak eraitsitako etxe batean bizi nintzen, eta, orduan, etxeko familia zirkulu horretan, kontakizunak nolabaiteko salbazioa ziren anai-arrebontzat. Zentzu bat eman geniezaiokeen bestela ume batentzat inkoherentea zen bizitza bati». Istorioak entzutetik istorioak kontatzera eta idaztera igaro zen Russell, eta, hain zuzen ere, pertsona zaurgarrienak, bazterretan bizi direnak, amets amerikarraren mitotik urruti bizi direnak jarri ditu bere literatur lanaren ardatzean. Banks urtarrilaren 7an zendu zen, AEBen atzeko ateari begiratzen dioten hamalau eleberri, sei ipuin liburu, bi poema bilduma eta hiru saiakera utzita.

Idazten hasi zenetik, Banksek oso garbi izan zuen zer idazle mota izan nahi zuen, eta Walt Whitmanen izena aipatu izan du behin baino gehiagotan bere erreferentzietako baten moduan, «herriko gizon bat, fin idazten zuena, baina herriko gizon bat, azken batean». Robert Fagen idazleari emandako elkarrizketa batean azaldu zuen ez zuela bat egiten behe eta goi kultura bereizten dituen joerarekin, eta «deprimitu» ere egiten zuen horrek: «Bereizketa horrek hitz egiten du klase kezkaz, batik bat AEBetan. Behe klaseetako pertsonak literaturan eta bizitza intelektualean parte hartzen hasten direnean, jende batek eskatzen du bereizteko behe, erdi eta goi kultura. Jakin dezazun zein den bakoitzaren lekua eta, mesedez!, hor gelditzeko. Horrek guztiak ez zuen zentzurik izango Whitmanentzat».

12 urte zituela, aitak etxetik alde egin zuen, eta Banksek oso gaztetan hasi behar izan zuen lanean. Ikasle ona ere bazen, ordea, eta, beka bati esker, unibertsitatera joan ahal izan zuen. Ez zuen asko iraun, baina. «Colgate klase ertain-altuko gazte zurientzako unibertsitatea zen. Ikasketa plan zoragarria zuen, baina, niretzat, ez zen hala. Lekuz kanpo ikusten nuen neure burua, eta ez nuen ihes egitea besterik. Gau batean, hori egin nuen: ihes. Nire ondasun guztiak motxila batean nituela, auto-stop eginez alde egin nuen, presio eta espektatiba guztietatik ihesi. Floridara jo nuen, Fidel Castrorekin bat egiteko asmoz».

Azkenean, ez zen Kubako iraultzara batu —«ez zuen nire beharrik, ordurako Habanan baitzen», zioen umorez—, eta hainbat lanbidetan jardun zuen; lehendabizi, Floridan bertan, eta, gero, Bostonen eta New Hampshiren. 1963an, berriro itzuli zen unibertsitatera, eta han hasi zen literatur munduan sartzen. Argitaletxe bat eta aldizkari bat sortu zituen, eta lehen ipuinak argitaratzen hasi zen literatur aldizkarietan.

Pertsonaien ahotsa

70eko hamarkadan publikatu zituen poema bilduma (Snow) eta nobelen (Searching for Survivors, Family Life eta Hamilton Stark) bitartez «fikzioaren teknikak» ikasi ostean, Banksek ikusi zuen errealitatera egin behar zuela jauzi, eta bere pertsonaien «ahotsetan» jarri behar zuela arreta. «Uste dut jendea ez dela hizketan trebeagoa edo traketsagoa bere adinagatik, heziketagatik edo klase sozialagatik. Hizketan traketsagoa bihurtzen zaituena mehatxua da. Eta, orokorrean, egia da pobreak eta umeak heldu aberatsak baino mehatxatuagoak sentitzen direla». Horregatik, Banksen pertsonaiak langileak eta bazterkerian daudenak dira; haiei ematen die boza.

1980ko hamarkadan iritsi ziren Banksen izena literatur zirkuituetan jarri zuten lanak, lehenik Continental Drift (1985) eta segidan Affliction (1989). Paradoxikoki, azken hori bere aitari eskaini zion, txikitan bere aurka indarkeria erabili zuen hari. Liburu horretako protagonista Wade Whitehouse da, txikitatik zauritua izan den 40 urte pasako gizon hautsi bat. Lawforden bizi da, eta aldika egiten dituen lanekin —polizia ordu batzuetan, herriko jauntxoarentzako zereginetan beste batzuetan— egiten du aurrera. Gainera, dibortziatu ondoren, etxea galdu du, eta baita alabaren zaintza ere. Whitehousek, gainera, berarengan «ume bigun» bat besterik ikusten ez duen aita bortitz bat dauka.

Istorioa bi astetan garatzen da, azaroan, orein ehiztariak Lawfordera iristen direnean, urtero bezala. Giro horretan lehertuko da Whitehouse, tiro hotsak edonon entzuten direnean eta protagonista haginetako min jasanezin batek erasaten duenean.

Nobelan, Waderen anaia Rolfek kontatzen du istorioa, eta horrek, Banksek aitortu zuenez, bere bizipenetatik aldentzeko balio izan zion, bera izan baitzitekeen Wade: «Arteak eta istorioak kontatzeko ofizioak eskatzen duen diziplinari esker nire bizitza bideratu ez banu, ez nintzen ez moralki, ez intelektualki, ez fisikoki bizirik aterako».

Affliction indarkeriak blaitutako nobela bat da, batzuetan bortizkeria hori ezkutuan badago ere. Hala ere, liburuaren izenburuari (Atsekabea) eman izan dio Banksek garrantzi handiagoa, bortizkeriari baino: «Atsekabe hitzak gehiago esaten du, gizonezkoen indarkeria edo haurren kontrako indarkeria kontzeptu soilagoek baino. Atsekabea gaixotasun bat da, baina baita hori baino gehiago ere; dimentsio moral bat ere badu. Odolean daramagun madarikazio bat da atsekabea».

The Sweet Hereafter (Etorkizun gozoa, 1991) bestelako samindura batek biltzen du, tragedia lehen lerrotik azaleratzen baita: «Zakur bat. Ziur zakur bat izan zela ikusi nuena. Edo ikusi uste izan nuena. Une hartan nahiko elur ari zuen, eta, elurretan, ez dauden edo ez diren gauzak ikusten dira. Baina dauden gauza batzuk ere bereizten ez direnez, Jainko maitea, zerbait ikusten denean nola edo hala erreakzionatu behar da eta ama-senaz fidatu, ulertzen nauzue. Hori da nire gidari-esperientzia». Dolores Driscoll da hitz egiten duena, egunero New York estatuko herri txiki bateko haurrak eskolara eramaten dituena. Egun horretan, baina, tragedia gurutzatuko da haren bizitzan. Istripu bat izan, eta hamalau haur hilko dira.

Tragedia horrek komunitate txiki batean izango duen eragina kontatzen du eleberriak; eta, horretarako, lau ahots erabiltzen ditu Banksek. Bata Driscollena berarena da, eta besteak, berriz, ezbeharrean bi seme-alabak galdu dituen gizon alargunarena, istripuetan espezializatutako abokatu newyorktarrarena, eta autobusean zihoan eta elbarri gelditu den 14 urteko neskatoarena. Lau ahots horien bitartez azaleratzen ditu idazleak komunitate txiki horren saminak, ezin-ulertuak, beldurrak... baina baita etorkizun gozo bat bilatzeko nahia ere.

Hala Affliction nola The Sweet Hereafter zinemara egokitu zituzten Paul Schraderrek eta Atom Egoyanek, hurrenez hurren.

Ametsa, amesgaizto

Banksen nobelarik mardulena Cloudsplitter (1999) da, John Brown esklabotzaren abolizioaren aurkako aktibistaren bizitza haren semearen ahotsetik ekartzen duena. Bertan, AEBen iraganera egin zuen salto idazleak, bere herrialdearen historiaz, mitoez, konpromiso moralaz, egiez eta gezurrez hitz egiteko.

AEBek, beren argi eta ilunekin, zeharkatzen baitute Banksen obra. Rule of The Bone-rekin ere (1995), «amets amerikarraren mitoari» mozorroa kendu nahi izan zion: «Zaila da, amets hori zentrala da Ipar Amerikako iruditerian. Amets amerikarrak balio du pobreak eta jazarriak kontrolatzeko. Alde horretatik, ametsa baino gehiago, amesgaiztoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.