Uzta handituz doa

Bera Berak 30-20 hartu du mendean Elx Donostian, eta zazpigarrenez irabazi du Espainiako Liga. Hogeigarren titulua du, hamabosgarrena azkeneko hamar urteetan

Super Amara Bera Berako kideak, liga irabazi izana ospatzen, atzo, Donostiako Gaska kiroldegian. JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Super Amara Bera Berak aspaldi utzi zion aurkariek egiten dutena begiratzeari. Bere lanari besterik ez dio erreparatzen. Aspaldi barneratu zuen bere lana ondo eginez gero saria jasoko zuela. Eta halaxe dabil aspaldian: bikain ereinez, eta uzta oparoa bilduz.

2007an L'Elianan (Herrialde Katalanak) Espainiako Kopa irabazi eta garaipen zerrenda betetzen hasi zenetik, makina bat titulu eskuratu ditu. Atzo etxean Elxi 30-20 irabazita patrikaratutako Espainiako Ligarekin, zenbaki biribila osatu du: hogeigarren titulua du. Hau da banaketa: zazpi aldiz irabazi ditu Liga eta Superkopa, eta sei bider Kopa. Ikusgarria da, baina are eta ikusgarriagoa da aspalditik daraman erregulartasuna. Izan ere, azken hamabost urteetatik hirutan bakarrik ez da izan txapeldun lehiaketaren batean: 2010ean, 2011n eta 2017an. Beste hamabi urteetan, gutxienez titulu bat eskuratu du. Azken hamar urteetan lortu ditu gehienak: hamabost. Hots, hamarkada bat darama punta-puntan, eta horrek sekulako meritua du. Balentria da. Baina ezer ez da kasualitatea. Lan handia eta makina bat sakrifizio daude horren atzean, pistan eta pistatik kanpo.

Liga da txapelik garrantzitsuena. Bederatzi hilabete luzetan egindako lana saritzen du. Zazpi ditu irabaziak Donostiako taldeak. Era ikusgarrian eskuratu ditu azkeneko biak. Ez du partida bakar bat ere galdu. 36 jokatu ditu, eta 32 irabazi ditu, eta lau bakarrik berdindu. Ikaragarria da datua: ia bi urte darama galdu gabe.

Iaz, koronabirusaren pandemia dela eta, ez zituzten jokatu azkeneko sei jardunaldiak, eta Espainiako Eskubaloi Federazioak Bera Bera jo zuen txapeldun. Apenas egon zen desadostasunik. Ordurako Bera Berak ondo bideratua zuen txapela, lau punturen aldea baitzuen bigarrenarekiko: Elx. Etxean sartuta ospatu zuen taldeak titulua, banatuta, pantaila bati begira. Horrek sentipen gazi-gozoa utzi zuen.

Apur bat gozoagoa utzi du aurtengoak. Pistan ospatu ahal izan zuten taldeko kide guztiek lorpena, elkarrekin; nola eta hamaikagarren erakustaldia emanda: aukerarik ez zioten eman Elxi. Hasi eta buka nagusitu ziren donostiarrak. Atsedenaldian jada erabakita zegoen partida: 17-8. Baina ospakizuna ez zen betea izan. Senitartekoak izan zituzten ondoan, baina ez zaleak. Ziur topatuko dutela modua lortutakoa elkarrekin ospatzeko. Atzo jada hasi ziren horretan, modu apalean, neurketa bukatu eta pabiloia utzi zutenean.

Egindako lanaz harro

«Emozio handia dugu. Denboraldia bi titulu galtzen hasi ondoren, lor genezakeen saririk handiena da ligako titulua ospatzen egotea. Txapel berezia da. Baina gehiago nahi dugu. Kopa dugu begiz joa», zioen Alba Menendez Bera Berako jokalariak, neurketa bukaeran.

Imanol Alvarez entrenatzaileak, berriz, taldearen «lan biribila» nabarmendu zuen. «Oso lan ona egin dugu, eta merezitako saria jaso dugu. Kopa eta Superkopa galdu genituen sasoiaren hasieran, baina taldeak beti sinetsi du. Ez ditugu munduko jokalaririk onenak, baina bai talderik onena. Titulu hau zaleena ere bada. Ez daude hemen, baina guretzat oso garrantzitsuak dira». Iritzi berekoa da Tati Garmendia kirol zuzendaria. «Jendea gaizki ohitzen ari gara, baina oso zaila da denboraldi osoan erregulartasunari eustea. Superkopa eta Kopa galdu genituenean, jende batek zalantzan jarri zuen talde honen maila, baina erakutsi dugu lan ona eginez gero gauzak lor daitezkeela. Eta talde honek sekulako lana egin du».

Txapela ziurtatua izan arren, donostiarrak saiatuko dira azken bi jardunaldietan orain arte egindako bide ezin zuzenagoari jarraitzen. Helburua argia da: bi neurketak irabaztea, edo, gutxienez, ez galtzea, bigarren denboraldiz jarraian galdu gabe amaitzeko. Tartean, sasoiko azkeneko erronkari helduko dio: Espainiako Kopa, maiatzaren 21etik 23ra, Telden (Espainia). Bera Berak Rincon Fertilidad Malaga izango du aurkari final-laurdenetan.

Bera Bera baino helburu apalagoa du Zubileta Evolution Zuazok: mailari eustea. Eta Barakaldoko (Bizkaia) taldeak atzo ziurtatu zuen beste urtebetez maila nagusian aritzea, etxean, Morvedreri 24-22 irabazita.

Asobal ligan, Helvetia Anaitasunak 21-22 irabazi zuen Santanderren (Espainia). Bidasoa Irunek gaur jokatuko du, Villa de Arandaren pistan (11:45, Gol). Irundarrek irabazi egin nahi dute, bigarren postua ziurtatzeko bidean beste aurrerapauso bat emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.