Laso 22-17 Altuna

Azkenean irabazi egin dio

Unai Laso da Buruz Buruko Txapelketako lehen finalista. 15-10 eta 17-13 egon da aurretik Jokin Altuna, baina bizpahiru opari egin, eta azken bederatzi tantoak segidan egin ditu Baikoko pilotariak

Unai Laso Buruz Buruko Txapelketako finalerdietan Jokin Altunaren aurka lortutako garaipena ospatzen, atzo, Bilboko Bizkaia Frontoian. OSKAR MATXIN / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Iazko lau eta erdiko Sann Fermin Torneoko finala galdu eta gero, Unai Lasok ondorengoa esan zion Jokin Altunari: «Egunen batean lortuko dut zu irabaztea». Binakako Txapelketan lortu zuen Ander Imazekin batera, baina ez zegoen ezer jokoan. Atzo, ordea, irabazi, eta buruz buruko finalean da: 22-17. Inor gutxik espero ez zuenean lortu zuen, gainera, behetik gora eginda. Izan ere, 15-10 eta 17-13 egon zen atzetik. Askotan, urduritasunaren poderioz, presaka jokatu zuen, eta partidatik kanpo egon zen. Altuna III.ak, ordea, normalean egiten ez duena egin zuen: kontrarioa mendean zuenean bizirik utzi, hiruzpalau opari eginda. Ederki ordaindu zuen. Buruz burukoak beste txapeldun bat izango du aurten.

Ikusi gehiago:Ezkurdia izango da Lasoren aurkaria 29ko finalean

Amaieran pozez kabitu ezinda zegoen Laso: «Azkenean lortu dut Jokini irabaztea. Psikologiak zerikusi handia du. Galtzen joan arren, indartsu sentitu naiz, eta irabazi egin nezakeela sinetsi dut», esan zuen ETBri egindako adierazpenetan. Erik Jaka edo Joseba Ezkurdia izango da beste finalista. Gaur jokatuko dute elkarren aurka Eibarko Astelenan (17:00, ETB). «Egia esan, berdin zait bietako nor. Biak aurkari gogorrak izango dira». Porrotari ez zion aitzakiarik jarri Altuna III.ak. «Unai zoriontzea besterik ez dago. Zailtasun asko izan ditut, pilotaren bila joan naizenean askotan iritsi naiz berandu. Erritmo falta antzeman dut, eta lehen tantoetan bete egin naiz. Baina harro noa».

Laso 5-1 jarri zen aurretik. Horietatik bi egin zituen sakez. Bizi eta ausart ekin zion norgehiagokari. Altuna III.ari zalantzaz ikusi zitzaion, batez ere ezkerrarekin. Oso gutxitan jo zuen pilota esku horrekin. Baina Amezketakoak lortu zituen hurrengo sei tantoak segidan, eta 7-5 aurreratu zen. Sakearekin asmatu egin zuen egungo txapeldunak, eta lehen pilotakadarekin tantoa egiten ez zuenean, bere aldera eramaten zuen, pilota zehaztasunez eta abiaduraz jota.

Lasok, haatik, ez zuen asmatu Altuna III.ari nola min egin. Lehen tantoetako ausardia eta argitasuna galduz joan zen Bizkarreta Gerendiaingoa pixkanaka. Presaka egin nahi zituen tantoak, baina kontrakoa komeni zitzaion: lantzea. Dena den, Altuna III.ak txapa behera jotako bi pilotakadari esker, tanto batera gerturatu zen Laso: 8-7.

Min egiteko, Baikoko pilotariak ezker eskura jokatu behar zion Altuna III.ari, eta tantoa luzatu. Hala egiten zuenean, lortzen zuen tantoa menderatzea. Baina nahi baino gutxiago egin zuen partidaren lehen zati horretan. Jokoa aurrean nahasten zenean, Altuna III.a nagusi zen, angelu onak zabaltzea lortu baitzuen. Lan erdietara 12-10 iritsi zen aurretik Aspekoa.

Atsedenalditik bueltan hiru tanto egin zituen erreskadan Altuna III.ak, eta ordu arteko alde handiena lortu du beretzat: 15-10. Presaka eta urduri ari zen Laso. Baina bi tanto segidan lortu zituen. Hirugarrena ere gertu izan zuen, baina aukerako pilota bat txapara bidali zuen. Tentsioa nabari zen. Altuna III.a praktiko ari zen, komeni zitzaion moduan jokatzen, ezkerra ez behartuz eta ahal zuen bezain azkar tantoa erabakiz.

Erabateko aldaketa

Baina 17-13koarekin pilota argi bat huts egin zuen Amezketakoak. Hor aldatu zen partida. Jon Mariezkurrenak argi esaten zion Lasori jotzeko pilotari. 17-15ekoa hala erdietsi zuen. Eta hurrengo tantoa ere Altuna III.ak galdu zuen. Abagune argia izanda, txapa behera ihes egin zion pilotak Aspeko pilotariari. Neurketa airean zegoen. Are gehiago hurrengo tantoa ere Lasok egin ostean. Ederra izan zen, ia lurrean bipareta ikusgarria egin baitzuen. Azken txanpan erabakigarria izan zen Lasok hobeto sakatu zuela.

Bost tanto segidan eginda, ezinezkoa zirudiena lortu zuen Baikokoak, bigarren atsedenaldi luzera aurretik ailegatzea: 18-17. Olatua aprobetxatu zuen. 19-17 koa ikusgarria izan zen, zabalera pilota txaparen arrasotan utziz. Behetik gora zetorren Laso, Altuna III.aren aurkako partidetan gertatu izan zaion kontrakoa. Eten egin zuen partida hor Altuna III.ak. Alferrik, hurrengo hiru tantoak ere Lasok egin baitzituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.